Ohiturazkoa izateagatik bazterketa bortitza jasan duen antzerkigintza
Ritxi Lizartza
Argia, 1997-03-02

Liburua: Neskazar, Amantxi, Aterako gera, Biozberak

Egilea: Toribio Alzaga

Argitaletxea: Auspoa-Sendoa

Urtea: 1994

      Hona hemen bizitza osoa antzerkigintzari eman zion gizon baten lanaren testigantza txiki bat. Martzelino Soroa maisu izan zuen eta haren bidea jarraituz, komediari ekin zion. 1888tik aurrera, hogeita hamar hat antzezlan argitaratu zituen, eta horietatik asko antzeztuak ere ikusi.

      Zer esan Toribiok liburuska honetan eskaintzen dizkigun lau entremes labur hauetaz? Gaur egungo bideetatik oso urrun dago ohitura antzerki hau, badirudi bere garaiari oso Iotua dagoela. Baina zer jaso daiteke XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako garaiari horren loturik ikusten dugun produkzio honetaz? Hasteko, kontuan hartzekoa da euskaraz argitaratzen ziren antzezlanen kopurua, gaur egun baino askosaz ere handiagoa eta etengabea zela; eta, batez ere, idatzi ahala antzeztu egiten zela, seguruenik gaur egun baino etsai gutxiago zituelako antzerkigintzak. Gaur egungo idazleek nahi lukete horrelakorik!

      Kultur giro hartan, beraz, egileak antzeztua ikusten zituen bere lanak eta horrela ondorioak berehalakoan lortzeko aukera zuen, ikusleen erreakzioa oso epaile zorrotza baitzen.

      Beraz, komunikazioa zuzena behar zuen, eta idazleak bereziki zorrotza behar zuen luma, argia eta zuzena. Nahitaezkoa izan zuten idazleek gaur egun tradizioa galdurik dagoen euskara dramatiko baten sorrera. Argi eta garbi geratzen da lore artifizialik gabe menperatzen zuela Toribio Altzagak estilo zuzena, ikusleei pozak eta negarrak bidesaririk ordaindu gabe hurbilduko ziena…

      Tamalez, lan hauek irakurrita moldatu behar dugu gaur egun, baina ideiak adierazteko mode labur, zuzen eta zehatzagorik ez du aurkituko irakurleak gaur egungo lanetan.

      Ohitura antzerkia? Bai, baina hori da gutxienekoa. Zer ikasia badago horrelakoetan. Batez ere antzerkia idazten hasten direnek… euren lanak taulatu gainean ikusi nahi izanez gero, behintzat.