liburu kritikak
< Zorrotza | Jon Mirandez >
Antzerkian eskema (batzuk) hausten
Anuntzi Arana
Hegats, 2000-06

Liburua: Hautsi da kristala!

Egilea: Mattin Hirigoien

Argitaletxea: BBK Fundazioa

Urtea: 1997

      Izurako Antzerki Taldeak Mattin Hirigoienen Hautsi da kristala! antzeztu du Baionan, azaroaren 13an. Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga saria ardietsi zuen lanak 1996an eta 1997an argitaratu dute liburua Euskaltzaindiak eta BBK fundazioak. Liburuan irakurtzeko sobera erraza ez, baina Mattinek bazituzkeen buruan, hain segur, aktoreen jokoa eta jestuak, idatzi zuenean: kausitu duela pentsatu behar baita Baionako ikusleek jo txaloen neurrigailuaren arabera. Besteentzat, Garazi aldeko euskara mintzatua ondo ez dakitenentzat, hobe aitzinetik testuari begirada bat emanda joatea. Baionako ikastola batek antolatu zuen ekitaldia, antzokia ez den sala batean, eta giroa lagunartekoa zen oso. Horrez gain, zaletuen antzerkiak badu xarma berezia: aktoreak onak direnean geure baitan erabiltzen dugu zer merezimendu handia duten, ofiziokoak izan gabe hain ongi egiteko. Baten batzuk hain onak ez direnean ere, sekulako sinpatia sortzen dute, emandako kemenaren handia estimatzen dugu, egin ahala ongi eta lañoki eskaintzen baitigute, eta halako naïf itxura hartzen diegu, espontaneitatearen altxor-kutxan sartu eta horiei esker ere gozatzen gara. Gisa guztiz, doinua zinezkoa ez baldin bada, zer inporta.

      Antzerkia ibiltzen baldin bada eta esanahia badu, haren kodeak onartzen direlakoan da: ez dugu sinesten eskenan ikusten ditugun jendeak Nafarroako konkista garaikoak direla, ez da sinesgarria gazte batek haragi dezan berrogeita hamar urteko pertsonaia, baina ile urdinak zilarrezko spray batez eginak izateak ez gaitu asaldatzen, ez du inork ezkutatu nahi izaten gainera. Halaber, aktore bati noizbait mihia trabatzen bazaio, niri bederen, ez dit batere haren aportazioaren plazerra kentzen, kode hori ere onartua baitut.

      Argia da, beraz, gauza gustagarria ikusteko pozaren urmaelean murgildurik eta txaloen berotasunetik irten barik, gaitasun guti dudala kritikan ibiltzeko, are gutiago literatur kritikan. Soziopolitikoa edo eginen dut horregatik.

      1. Oi, Nafarroa

      Istorioa Nafarroan gertatzen da, oraindio bat zenean nafarren gogoan: 1518 hasten da eta 11 urte geroago bukatzen, hau da, erresumaren zati handiena konkistatu berri denean. Bi daten artean Labriteko Enrikek Nafarroa berreskuratzeko saioa egingo du, baina Noainen garaitua izango da 1521ean, azken erresistenteak Amaiurren suntsituko dituzte gaztelauek eta Nafarroa Beherekoan sartuko dira gero. Denbora nahasiak, bihurgune historikoa. Lekua ere araberakoa, bidegurutzea, Izuran kokatua baita egintza: iparraldetik bide desberdinetatik Santiagora zihoazen beilariak hantxe elkartzen ziren, handik aurrera elkarrekin Nafarroako bortuak iragateko.

      Denbora eta lekua bezala, egintzak eta pertsonaia batzuen nortasuna nahasiak dira, bereziki protagonista nagusienak, Teofilorena eta Ilariarena. Lehenak modu nasahiki aldarrikatzen ditu bere gezurrak eta hain ongi sakatzen, non batzuetan kasik sinestarazten baititu, menturaz berak ere sinesten dituelako edo, Ilariak diotson bezala, ez delako basa arrunta, eskolatua baizik, haren gaixtakeria ez dela brauki ageri. Idazle publikoa da Teofilo, jende xumeek edozein administrazio-gestio bururaino eramateko behar duten nahitaezko bitartekaria, duen jakintza apurrari esker notable bilakatua, herrikideei egiten dizkien “zerbitzuez” eta bere buruaz harro. Eta sos pollitak aurreratuak dituen zeken autoritario horrek, emazte alargun bati (Ilariari) diru ebasteko eta itsuski ustiatzeko modua aurkituko du. Baina Ilaria bera ere ez da bitima xoila: emazte enigmatikoa, bere baitan duen bortitza igartzen zaio, nahiz hitz gutikoa eta barnerakoia den; amaieran, ordea, etsaia garaiturik ikustean, hitzetan lehertzen da —hori ote da hautsi den kristala?— eta luze adierazten digu bere mendeku beharra.

      2. Historiaren orainaldia

      Alta, barre egiten da antzerki tragiko horretan, eta gustura batzuetan. Erdi Aroan eta Nafarroako Santiagoko bidean girotua, nola ez topa Aimery Picaud? Bizi izan zen baino lau mende geroago, baina anakronismo batek gehiago ez du dolurik egiten; bestela, oina pausatu zuen gizonak herri hartan, eta bertako biztanleen makiletatik dastatu ere, hark dioenez. Bere edipoa huts eginik edo azaltzen zaigu, eta birigarro ernea, analfabetoa izanagatik, metodo xelebrea aurkitu du Beilarien Gida liburua idazteko. Testuan barregarria den pertsonaia, karikatura zapartingarria bihurtzen da antzezturik.

      Osterantzean, barrea mikatza da gehienetan, hurbil-hurbil diren jendeen gaineko gupidagabeko kritikak eragina. Toberen usain zerbait somatzen da Mattin Hirigoienen lanean (harek idatzi zituen Amikuzeko toberak, 1991an taularatuak eta Maiatza-k argitaratuak). Amikuzetik bi urratsera den Izuran gaude aldi honetan, eta idazleak ez ditu ahantzi pobre-pobreak baino gehixeago diren jendeen zikoizkeria, jaun edo agintari izan gabe, horiek beren aginte tikia ongi baliatzen baitute txiroagoen bizkar bizitzeko, handiagoak milikatzen dituzten bitartean. Preseski Teofiloren lagunek, ostalerrak eta arotzak, toberetan ikusi genituen merkatariak gogorarazten dizkigute, haien eite zerbait badute, beren probetxu propioko praktikatzen duten stakhanovismoa, esate baterako, dendan loturik egoteko atxikimendua. Toberetako ostalerra Hareng Fumé zen, Commerçant Cafetier, ouvert 24h/24 même les jours fériés, eta oraingoak ere ez omen dira dendatik urruntzen garrantzi handiko zerbaitengatik ez bada. Barregarriak bai, baina biziki krudelak emazte-esklaboarekin. Iparraldeko idazle batek baino gehiago dauka begitan talde sozial hori, Antton Lukuk, Botoilean liburuko “Hotza” ipuinean, ederki jorratzen du eta Itxaro Bordak ere ahal guztietan jipoitzen du. Egia da ez direla batere jende sinpatikoak. Toberak ere ez dira agintedunak lausengatzeko pentsatuak, eta bai ikusle popularra pozteko. Baina Hautsi da kristala! ez da tobera, ñabardurak lantzen ditu: ostaler-arotzak Nafarroaren alde borrokatuko dira, nahiz eskenara heldu orduko lodia-eta-mehea bikote bihurtu diren, batak alimaleko tripa duela, bestea uhal gorri elastikoei tiraka, eta gu loriaturik: beste anakronismo bat… Horrelakoak erabiliz harrapatzen gaitu Mattinek bere sareetan, hain ferekagarriak ez diren mezuak hartzeko prest izan gaitezen.

      3. Hautsi…

      Iparraldean Euskal antzerkiaren ikusleak edo irakurleak euskaltzale direla ez da dudarik, abertzale ere kasik segur. Baina antzerkigileak ez du horien eskemak landu nahi izan, alderantziz, eta haietarik bat bederen ile-kontran hartu eta hautsi egin du, kristalarekin batera.

      Teofilo gaiztoaren bitima bere borrerotik salbatuko duen neba (Iñigo), Nafarroa konkistatu duen Gaztelako armadako gudaria da, hartara behartua bada ere. Gaztelauak Izuran sartu eta herria erretzearekin batera eroriko da tirano tikia, eta menperatua izan duen emaztea libre eta aberats bilakatuko. Horra: gerla, ikaragarria denean ere, ez da denentzat kaltegarri, eta atzerritarren konkistak konkistatuen artean diren zapalkuntzak deusezten ahal ditu; Nafarroaren aldekoak baitira Ilariaren gaizki erabiltzen dutenak, Teofilo, ostalerra eta arotza, azken hau Noaineko borrokara airos eta lorios ibilia eta orain Izuraren defendatzaile sutsua. Eta egiazko historian horrela gertatu izan zitekeela onartu behar dugu? Hor koka liteke idazlearen mezua edo, hobeto, gogoeta pesimista, pertsonaia horiek ments baitute exergoan adierazia den nahikaria: “Inoren zapaltzeko gogoa / zapaldua ez izatekoa…” Egileak ez digu betiko ikuspide abertzale-militantea eman, alderantzizkoa baizik, aurreritzi manikeista apurtzeko gai izan da. Eta eskena zuzendariak gorri-gualdaz jantzi du Iñigo liberatzailea. Eskema nahasirik jalgi antzokitik beraz.

      4. … Edo ez hautsi

      Eta gero, bukaerako eskena etorri zitzaidan burura: Teofilo Iñigoren ezpataren azpian denean, Ilariak dio nebari eskatzen otoi ez dezan hil, gehiago sufrituko duela bizirik: eskua zauriturik eta ezin idatziz, haren arma-tresnaz desjabeturik eta traizionatu dituen lagunek arbuiaturik, hobeki ordainduko du bere gaiztakeria. Azkenean, ezpataz hil ez, baina bere aizto propioaz zulatuko dio beste eskua Ilariak berak. Horrelako “xehetasunak” gogoetatuz ohartu naiz klitxe batzuk ikutu gabe, hautsi gabe geratu direla, hau da emazteen izaerak eta jokaerak. Konparazio-bidegabekeria? Edo ideien asoziazioa?

      Gizonak, oro har, ez dira ondo ateratzen antzerki horretatik. Aipatuetarik, neba salbatzailea salba daiteke, eta ez arras, aski modu zozoaz utzi baitu arreba idazlari gaiztoaren esku. Bernardo, aprendiz-poeta, sinpatikoago eta baikorragoa da. Eta gero emazteak, denak dira bitimak. Hasteko, Teofilok begirunerik gabe kale gorrian —langabezian— utzi duen neskamea; gero, haren ordez hartuko duen alargun esklabizatua, Ilaria; eta, bukatzeko, noiztenka hartzen duen ohekidea, prostituta bat txairo bezain adimentsua. Emazte horien egitekoa da Teofiloaren bizioak eta gaiztakeriak formulatzea, eta horretarako ez dute ahoan bilorik. Nagusi gaiztoaren aurkakoak direlakoan denak pertsonaia baikortzat hartzea ez litzateke zuzen, eta gainera ez da hori arazoa, baizik eta zein topiko eta tipikoak diren haien izaerak etajokaerak. Prostitutak sudurpuntatik erabiltzen du Teofilo, baxerak ikuzten agintzeraino; baina kuxkuxero eta mirakusia izanik, haren egunkari izkutua eskuratzen du, eta irakurtzen duenean gizonak aski iharturik atxematen dituela haren xarmak, ez baita gehiago gazterik; orduan, amorruz kentzen dio horri bat, haren gezurra frogatzen duen dokumentua, eta Ilariaren esku ezarri, maltzurki.

      Ilariaren mendekua nolakoa den ikusita ohartzen ahal gara oso “femininoa” ere izan dela. Eta kakotxak azpimarratu behar, esan nahi baitut horrelako irudia arketipoak ekarria dela, errealitateak baino areago: irudimenezko emazteen erasoa ez da aurrekoa eta garbia, ezkutua eta okerra baizik, eta hala izatera kondenatzen dute tradizio zaharrak eta literatura berriak. Ilariak badu adiurre sendoa, emazte azkarra da, baina egiaren orduan ezin bihurriagoa da: gure sinboloetan zuzenaren irudia den ezpataz hil ordez etsaia, halabehar ilunagoa, ankerragoa asmatzen du harentzat, eta aiztoaz, labankada traidoreaz, zaurituko du. Eskuak hondatzeak duen konnotazio mingarriak (Victor Jara gogorarazten digu) areagotzen du jestuaren durduza. Baina ez da hori mintzagaia, baizik eta emazteen eredua generoaren hain araberakoa izatea: mirakusiak, maltzurrak, bihurriak, azpijokulariak. Jukutria dela ahulari gelditzen zaion baliabide bakarra badakigu eta, alde horretatik, antzerkigileak marraztu dituen emazteak oso sinesgarriak dira. Baina egiazko bizitzan bestelakoak izatea gerta daitekeela onartu behar dugu; zergatik ez fikzioan?

      5. Betiko kontua

      Beti horrelako gauzei begiratzen, obsesioa ote? Bakoitzak berea. Komunzki urina bezain goxo irensten diren generoen kategoriak kontrako eztarritik joaten zaizkit. Aurreritzi abertzaleak hausten dituenak ez ote zezakeen ezpata bat ezar mendekua bilatzen duen emazte baten eskuetan, neba gudariari mailegatua bazen ere? Zaila dirudi: gure mundua ordenatzeko ditugun parametro inkontzienteak mugitzea topiko politikotik aldentzea baino gogorragoa da, urrean. Noizbait egingo dugu, bada. Bost axola. Urtarrilean Biarritzen berriz emango dute antzerki hori, eta gu ere hara!