Komedia eta komeriak
Itziar Gomez
Gara, 2010-10-08

Liburua: Jendeen jende

Egilea: Mattin Irigoien

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 2010

      Antzerkia ez da generorik ezagunena, ez da behar bezala estimatzen. Eta nik seguru asko ez nuen izango aukerarik antzezlan hau irakurtzeko baldin eta Mattin Irigoienek Jendeen jende lan honekin Kutxaren Donostia hiria saria irabazi izan ez balu. Bi eserialditan irakurri dut antzerki lana, eta aitortu beharra daukat; bidean hainbat hitz azpimarratu behar izan ditut hauen esan nahia hiztegian bilatzeko. Baina hortik aurrera aitzakiarik ez, irristadan doa kontakizuna, zortzi pertsonaien berriketen koloreek marrazten dute hauxe.

      Antzezlan bitxia inondik inora ere, harritu eta harrapatu egin nau ni. Saiatu naiz antzezlan osoa ozenki irakurtzen, hala egitea gustatzen baitzait gero taularatzekoak direnekin. Zer da ba antzezlan bat ez badiogu ematen bizia! Abiapuntua arina da, pertsonaiak festa bat prestatzen ari baitira, ikuslea partaide eginik. Eszenatokia atontzen dabiltza eta gu bitartean pertsonaiak ezagutzen; Aņamari, Patxi, Mari, Jenofa eta Ani aurrena. Pertsonaien ahotan entzunda jakiten dugu senideak direla, Agerretarrak guztiak.

      Ttantta Aņamarik osatu du familiako zuhaitz genealogikoa eta deialdia egin die agerretar guztiei etxean biltzeko. Amatxi Marik laurogei urte ditu eta Jenofak, bilobak, hogei eta bost, belaunaldi desberdinetako senideak ditugu aurrez aurre eta saltsa ugari ekarriko digute haien ikuspuntu anitzek eta gaizki ulertuek. Kontakizunak komedia eta komeria asko ekartzen dizkigu aurrera egiten duen neurrian. Peioren sarrerak, esaterako, irri ugari sortarazten du bigarren agerraldian, erabat kezkatuta sartzen baita bere ardiak larriki jo dituelako agalakzia eritasunak. Peio bera ere kutsatuta ageri da, eta haren eraginez gizonak ezin du ondo hitz egin. Hori dela eta, eraiki ez du ba metro eta erdiko arroila etxearen inguruan! Pentsatzen du horrela mikrobioak beste aldean geratuko direla.

      Bosgarren agerraldian heltzen dio antzezlanak mamiari. Aņamarik dio familia ikertzerakoan enigma bat topatu duela. Aitatxiren osaba joan zela itsasoaz bestalde misionetan eta ez dakiela non eta nola amaitu zuen. Ameriketan ibili zela, gero Asian eta hortik aurrera arrastorik ez. Marik jakin mina areagotzen die esaten dienean ez harrotzeko familiako kontu zaharrak, uzteko hildakoak bake-bakean. Eta osabari zer gertatu ote bueltaka ari direnean, orduantxe azaltzen dira Shu eta Erlaitz. Hauek zipriztintzen dute ordura arte pertsonaia guztiek mintzatzen duten benafar-lapurtera, Shuk ukitu ameritarra emango dio bere euskarari eta Erlaitzek, berriz, bizkaitarra.

      Doinu polita dauka antzezlan osoak, maisuki menderatzen du Mattin Irigoienek hizkuntza, ahozkoa batez ere. Hiztegi eta esamolde aberastasun handia ageri du eta aldi berean gaurkotasuna ematen dio guztiok ezagun ditugun pertsonak eta egoerak aipatuz noiz nahi. Askotan pentsatu izan ohi dut hobe litzatekeela irakurtzea beti jakin gabe zein den egilea. Antzerki honekin, ordea, hori egin izan bagenu, ez genuke izango nahasteko aukera handirik, euskalkiak ederki erakusten baitu autorea iparraldekoa dugula eta idazlea ezezik aktore ere badela. Eta lan hau definitzen duen esaldi bat aukeratzekotan, Aņamarik dioen honakoa; “nondik heldu giren jakin behar, nora joan jakiteko”…