Herioa eta dontzeila
Mikel Garmendia
eizie.org, 2010-10-26

Liburua: Herioa eta dontzeila

Egilea: Ariel Dorfman

Euskaratzailea: Fito Rodriguez

Argitaletxea: Txalaparta

Urtea: 2010

      Txileko diktadura garaian idatzi zuen Arien Dorfmanek Herioa eta dontzeila, orain Fito Rodríguez itzultzaileak berak hitzaurrean dioskunez, han eta hemen euskarazko zenbait antzezaldi egin ondoren, Txalaparta argitaletxearen eskutik liburu formatuan datorkiguna.

      Herioa eta dontzeila obraren muina, hiru ekitalditan garatzen baita, hauxe da: diktadura militarraren garaian torturatua izan zen emakume batek ezustean egingo du topo bere torturatzailearekin, emakumearen senarra tarteko. Diktadura ondorengo lehen hilabeteak dira, Txileko kostaldeko leku zehaztu gabe batean, nahiz eta diktadurapetik irten berri den beste edozein herrialdetan koka litekeen.

      Paulina Salas eta honen senar Gerardo Escobar oporretan daude hondartza aldean duten etxean. Diktaduraren aurkako ekintzaile izanak biak ala biak. Gerardo Giza Eskubideen aldeko abokatu ospetsu bat da, eta Errepublikako presidenteak deitu dio, usterik gutxieneko unean, aurreko erregimenean egindako giza eskubideen urraketak ikertzeko batzorde bat eratzeko.

      Era eta ikuspuntu askotatik hel dakioke, bistako denez, torturaren arazo lazgarri eta gaurkotasunez beteari. Eta hala izan da aztertua eta tratatua ere hainbat ikuspegitatik. Gu, labur beharrez, antzezlan honetara mugatuko bagara ere, gaiari buruz gehiago sakondu nahi duenarentzat, hona gomendioa, internetetik eskura daitekeena: Narraciones de la Tortura. Facultad de Ciencias Sociales. Universidad de Chile. Daniel Egaña Rojas Egaña. Lan horretan sakon aztertzen dira Herioa eta dontzeila eta torturaren gaiaren inguruko beste bi antzezlan ikuspegi antropologikotik.

      Dena hondatzen du torturak, baita bizitzako gauzarik ederrenak ere. Hala ikusiko ditugu, antzezlan labur bezain zirraragarri honetan, medikuak tortura-saioetan parte hartzen, Franz Schuberten Herioa eta dontzeila musika-obra zoragarria tortura-saioetan baliatzen… Eta, gainera, ahanztura, beste alde batera begiratzea… (Herioa eta dontzeila antzezlana Txilen estreinakoz eman zutenean, porrota izan zen). Horixe da, nik uste, antzezlan honek eragiten digun gogoeta: egiaren beldur izatearen zergatia. Egileak ez baikaitu nabarmen pertsonaia baten edo bestearen alde jarrarazten, baizik eta hiruretako bakoitzaren jokabidea eta horren arrazoibidea ulertarazten saiatzen da, erantzun partikularretik erantzun kolektibo baterako jauziaren bila. Antzezlanaren amaierak ere horixe iradokitzen digula esango nuke.