Hitzetan katigatuak
Javier Rojo
El Diario Vasco, 2013-03-15

Liburua: Tragedia emeak

Egilea: Karlos del Olmo

Argitaletxea: Hiria

Urtea: 2012

      Euskal antzerkiaren argitarapena ia-ia anekdotikoa izaten den garai hauetan, Karlos del Olmok antzerki lan bat ez baizik-eta bi argitara eman ditu Tragedia emeak izenburua duen liburu honetan. Bi antzerki lan horien izenburuak Emakume urratua eta Xaho, hor hago? dira.

      Gaiaren aldetik nahiko desberdinak badira ere, antzerki lanok ezaugarri batzuk partekatzen dituzte. Bi iruditzen zaizkit nabarmenak. Lehenengo eta behin, oso pertsonaia gutxik hartzen dute parte antzerki-lanean. Emakume urratua izenburuko horretan, bi baizik ez dira agertzen, biak emakumeak; beste lanean, lau dira pertsonaiak, bi emakume eta bi gizon. Beraz, horren pertsonaia urriekin taularatzen den konfliktoa, irudikatzen diren gertakarien aldetik behintzat, ez da konplexua. Eta azken hau lotuta agertzen da bigarren ezaugarriarekin. Izan ere, Karlos del Olmoren antzerki lan hauek ez dira gertakarien antzezpenak, zeren pertsonaiok gauza gutxi egiten baitituzte. Pertsonaien funtziorik garrantzitsuena, ia bakarra, hitz egitea da, eta hitz egiten duten horretatik ondorioztatu daitezke konfliktoak. Beraz, momentu batzuetan ematen du antzerki lan hauetan lehian daudenak ez direla pertsonaiak, ideiak baizik, eta antzerki lanaren helburua pertsonaia batzuengan haragitu diren ideia horien azalpena dela.

      Lehenengo lanean, Emakume urratuan, bi emakume agertzen dira, Oriana eta Maddi, botereari buruz. Bigarren antzerki lanean agertzen diren pertsonaiak balizko etorkizun batean berpiztutako bi idazle (Xaho eta Emily Bronte) eta hauen irudimenean sortutako bi izaki dira. Xaho eldarniotan agertzen zaigu euskal errepublika amesten eta bitartean hainbat gaiaz hitz egiten dute.

      Del Olmok behin baino gehiago adierazi duenez, elkarrizketa da idazketa dramatikoaren oinarria, eta bere antzerki lan hauetan horren adibide nabarmenak erakutsi ditu, hitz egitera kondenatuta diruditen pertsonaia horien bidez, ezer adierazgarririk egiten ez dutelarik.