Epaile eta epaitu
Javier Rojo
El Diario Vasco, 2014-09-26

Liburua: Sariketa

Egilea: Karlos del Olmo

Argitaletxea: Centro de Lingüística Aplicada Atenea

Urtea: 2014

      Gure literatur testuinguruan antzerkiaz, literatura dramatikoaz alegia, hitz egiten denean, betiko arrangurarekin egiten dugu topo: euskaraz antzerki testuen argitarapena anekdotikoa baino ez da, hutsaren hurrengoa. Oraindik ere etsi ez duten idazleen artean Karlos del Olmo dugu. Idazle honi buruz esan daiteke antzerkia maite duela eta antzerki lanak oraindik ere argitaratzeko lehia erakustea maitasun horren beste froga bat baino ez dela. Honetan, “Sariketa” izenburuko lanarekin agertzen zaigu, Madrilen kokatutako argitaletxe bati esker plazaratutako argitarapen elebidunean. Antzerki lan honen argumentua oso sinplea da itxuraz: lau pertsonaia elkartzen dira, antzerki-lehiaketa baten kariaz irabazlea nor izango den epaitzeko. Antzerkiari buruz (hobeto esateko, antzerkiaren testuinguruari buruz) aritzen den antzerki-lana dugu hau. Lau pertsonaia bakarrik agertzen dira obran, eta eszenario soila, pertsonaia hauek elkartzen direneko aretoa. Baliabide gutxi eskatzen dituen lana da beraz. Pertsonaia horien hitzei esker gure literatur sistemaren ziztrinkeriak agerian geratuko dira. Egia da gure literatur sistema pixka bat ezagutzen dugunok badakigula bertan gertatzen denak hutsaren hurrengoko garrantzia duela, eta, beraz, antzerki honetan horrelako gauzen garrantzia exajeratu egiten dela. Baina exajerazioak balio dezake ertzak nabarmenagoak izan daitezen.

      Antzerki lana pertsonaien arteko borroka dialektiko moduan agertzen zaigu, non epaileak azkenean epaituak suertatzen diren, bai bizitza pribatuan bai bizitza publikoan dituzten badaezpadako jokaerengatik. Alde honetatik begiratuta, irakurtzen hasterakoan, Lumet-ek zinera eraman zuen 12 Angry Men etorri zitzaidan burura, aldeak alde jakina. Izan ere, epaileak ez dira neutroak, epaitu egiten duten neurrian epaituak izango dira eta beren epaietan beren burua islatuta geratuko da.