Teatro saltseroa
Mikel Ayerbe
Berria, 2016-10-23

Liburua: Gabon, Txirrita

Egilea: Xabier Lete

Argitaletxea: Aztarna

Urtea: 2016

      Ezeren aurretik aitor dezadan, Txirrita pertsonaia ez dut begiko gaztetxotan Ari naizela, ari naizela edo Andaluzarena gisako bertsoak buruz ikasarazi zizkidatenetik. Eta behin aitortzen hasita, esan dezadan Gabriel Arestik 1961ean idatziriko Mugaldeko herrian eginiko tobera antzerki testuaz gain, hizpide dugun Xabier Letek 1982an sorturiko Gabon, Txirrita izan dela irakurri dudan bigarren tobera (zoritxarrez, oraingoz ez dut antzezpenik ikusteko abagunerik izan, nahiz eta Donostia 2016ri esker antzezlan horren bi moldaketa eguneratu eskaini ziren irailean, Donostian eta Urnietan). Esku artean dudan liburua ere Donostia 2016ri esker argitaratu da, eta proiektu erraldoiagoaren atal bat besterik ez litzateke, Miren Gojenolak eta Mikel Laskurainek zuzendutako egokitzapenaren ondotik, Bernardo Atxagak berridatziko duelako eta iragarritakoa betetzen bada, abenduan izango dugu ikusgai berregokitzapenaren azken emaitza taula gainean.

      Baina aurrez ere izan zuen bestelako bilakaerarik antzerki testuak. 77an Eugenio Arozena eta Leteren Antzerkia deusetik izatera liburuan aurkitu daiteke antzezlanaren ernamuina: Txirritaren asto lasterketa [Aitzin-solas edo prediku bat, eta bi ekitaldi nagusitan banatua] izenburupean. Hain zuzen, testu hori berridatzita sortu eta taularatu zuen Letek 82an Gabon, Txirrita [Bi ekitaldi nagusi, tarteko eszena eta epilogo batez osaturiko antzezlana] Buruntza antzerki taldearen laguntzarekin.

      Argitalpenaren testu bilketa, hautaketa eta edizio lanak Joxan Goikoetxea musikariak egin ditu. Horrela, bestearen artean, Letek sinaturiko Brecht-en Antigona-ren errepresentazio bati eginiko kritika-iruzkina edota Leteri eginiko zenbait elkarrizketa (harrigarri) ere txertatu dira liburuan; baita argazki eta antzezlaneko zirriborro edota bestelako apunteak ere. Aldiz, Xabier Payak idatzi du hitzaurrea eta Ramon Etxezarretak egin du antzerki testuaren gaztelerako itzulpena.

      Antzerki testuari dagokionez, umorez jorratzen dira Txirritaren aurkako akusazio zein defentsa argudioak, haren bizitzako hainbat esparruri bereziki erreparatuz: familiarekin izan zuen harremana, langile gisa bizitakoak, sagardotegian giroturiko eszena eta azkenik, emakumeekin izan zuen harremana. Era berean, antzerki mota horretako pertsonaiak oso arketipikoak direnez, erraz irudikatzen dira pertsonaien rolak, eta iradokitzaileak dira epaiketa burutu bitartean denboran egiten diren atzera jauziak ere, epaituko diren iraganeko gertakizunak orainaldira ekarriz. Emaitza kuriosoa da ondorioz, azaleko sinpletasunaren atzean ematen duen baino sakontasun handiagoko antzerki testua osatu baitzuen Letek. Azken batean, antzerki tradizionalaren formatua baliatu zuen ikuspegi tradizionalaren eta gizarte modernoaren arteko talkak erakusteko.

      Argitalpen xume antzekoa izanagatik, ordea, ezin Gabon, Txirrita liburuak dituen askotariko errata, informazio hutsune (aipu sistema, bibliografia murritza) eta bestelako akatsak (ergatiboak, ortografia), alde batera utzi. Faltan bota dudan kontu garrantzitsuena Arestiren eta Leteren arteko hartu eman teatrala gehiago ez sakondu izana da (adibidez, Leteren antzerki zertzeladen artean Arestiren Mugaldeko… tobera aipatu ere ez da egiten eta aldiz, Justizia txistulari aipatzen bada ere, ez da zehazten Letek berridatzi eta euskara klaru batera pasatu zuela, Lartaun taldekoekin antzezpena prestatzen hasi aurretik). Beraz, ea ondorengo argitalpenetan kontuok gehiago zaintzen diren.