Taularatzeko garaia
Iker Zaldua
Gara, 2017-02-18

Liburua: Erleak, satorrak, beleak

Egilea: Gaizka Sarasola

Argitaletxea: Edo!

Urtea: 2016

      Ezohiko liburu batekin natorkizue oraingoan, ezohikoa antzerki-testuak ez direlako sarri ikusten apalategi publikoetan, ezohikoa edo! argitaletxearen liburuak ere ez direlako leku askotan ikusten (gero eta gehiagotan, halere).

      Ezin esan argitaletxe berria ez denik, bost urte eskaseko ibilbidea urratu du, hasierako ametsa gizentzen ari da ordudanik, ameskeriak ametsezko errealitate bilakatuz eta dagoeneko hemeroteka polita osatu du, webgunean dago ikusgai edozaleen ekina, egina.

      Mintzagai dudan ale hau, jakina, ezin zaharra izan, urtebete egingo du apirilean, baina izan ditu irakurleak eta izango dituelakoan nago, betiko bidea hautatu beharrean, beste bide bat hautatzeko ahalegina egiten badugu, antzerkia aintzat hartzea erokeria eta edokeria ez dela ohartzen bagara.

      “Gaizka Sarasolaren liburu hau harribitxia da euskal literaturan: formari dagokionez, teatro-testugintzaren tradizio moderno eta garaikide ugariren aztarnak suma daitezke, eta, garrantzitsuena dena, gaurko jendarteek erantzun nahi lituzketen galderak taularatzen ditu, nabarmen”. Ez da nik esana, Oier Guillanek liburuaren gibel solasean adierazitako da, eta Oier bada nor antzerkiaz mintzatzeko, bada nor, literaturaz hitz egiteko.

      Hiru antzerki pieza irakurriko ditu irakurleak, moldez elkarrengandik ezberdinak izan arren, funtsean, gizarte-kritika dutenak aldarrika.

      “Urak ttiki dire” izenekoan, bi pertsonaia agertuko zaizkigu basoan, edo hobeki esan, lehenik Ilargi ikusiko dugu basoan, ia urik ez duen bainera batean sartuta eta, ondoren, Willi agertuko da bere gabardinarekin, barruan lehergailu bat duena, bere buruarekin batera erregea akabatzeko asmoz. Erritmo biziko pieza da, elkarrizketa bizi eta jostariekin. Bestalde, maiz irakurriko ditugu irakurlearentzat diren oharrak, taula gainean esaten ez direnak, baina liburua irakurtzean ezinbestekoak direnak, irakurtzen ari garen hori ikus dezagun “WILLiren eta ILARGIren arteko borroka. WILLIk ILARGI geldiarazten du. Borrokaren ondoren, lurrean bukatzen dute, poliki-poliki”. Egoera absurdoa da, eta areagotu egiten da sentipen hori aldizka txirrindulari bat agertzen denean basarte horretan ereserki baten babesean gozokiak botaz. Txirrindulariak eteten du bien arteko elkarrizketa, txirrindularia igaro ondoren, elkarrizketak aurrera jarraitzen du, kritikak aurrera jarraitzen du, hausnarketarako denbora itzalita.

      “Lur azpikoak” izeneko piezan taberna ilun bat ageri da eta lau pertsonaia, edadetuak, meatzari izandakoak, iluntasunean bizi izandako arima ibiltariak. Mus partida hasi nahi dute, baina Martinek ez du behar bezala ikusten, irratian futbol partida entzun nahi dute, baina pilarik ez; kafea, pattarra eta purua dira norberak dituen orbanak ezkutatzeko sendagaiak. Txinan meatzari zenbait harrapatuta geratu direla jakin dute eta iragana dute gogoan “Meatzetik ez da inor onik ateratzen. Bizirik igual bai, baina onik ez”. Meatzea da iragana, meatzea da taberna eta meatzea bizitza, argia falta da, linterna premian dira, baina ez dago pilarik. Ironia eta umorea bikain josten ditu Sarasolak, kontakizun mikatza taula gainera igotzeko.

      Azken pieza, “Talaka” da, beleak izutzeko erabiltzen zen egitura gogora ekartzen duen izenburua. Talaka ikus dezakegu agertokian eta haren azpian Pertsonaia, izenik ez duena, izenik behar ez duena, irakurleak piezaren amaieran badakielako zein izen duen, edo zein izen jar diezaiokeen. Kasu honetan, elkarrizketarik ez dago, bakarrizketa absurdo bezain zentzuduna irakurriko dugu. Badirudi, burura etortzen zaion hori kolpetik botatzen ari dela pertsonaia, barrenak husten ari da, eta “Urak ttiki dire” izenekoan txirrindularia bezala, hemen Ahotsa Offean entzungo dugu, Hegoafrikan meatzari batzuk soldata igoera eskatuz egindako greba baten albisteak emanez. Etenaldia da ahots hori, Pertsonaiak bota duen hori irensteko balioko diguna, esan duenari esanahi duen hori bilatzeko parada. Ahotsaren ondotik, pertsonaiak bakarrizketarekin jarraitzen du, ikusleari, irakurleari ari zaio, beleak izutzeko ahalegin horretan porrot egin dugula ohartaraziz.