Ideien ping-ponga
Amaia Alvarez Uria
Argia, 2018-12-23

Liburua: Identitarteak

Egilea: Lutxo Egia

Argitaletxea: booktegi.eus

Urtea: 2018

      Duela urte eta erdi sortu zen euskarazko liburu elektronikoak dohainik eskaintzen dituen Booktegi.eus plataforma digitala, eta bertan topatuko duzue aste honetako liburua: Lutxo Egiak idatzitako Identitarteak antzezlana. Galder Perez eta Ane Zabalaren hitzaurrea du 2016an Kafe Bar Bilbao eta Tartean antzerki taldeak ematen dituen Teatro laburreko gidoien XIV. saria irabazi zuen lan honek. Bere egileak horrela deskribatzen du: “Identitateei buruzko antzezlana da, klabe surrealistan idatzita dago eta komikotasun handikoa da. Aro likidoan bizi gara, baina identitate esentzialistak ere gure artean daude, pentsa baino gehiago”.

      Lutxo Egiak 2015ean Transitoak: bi-lingual performancea egin zuen eta hizkuntza identitateari buruzko gogoeta egiteko aprobetxatu zuen orduan. Horren ondoren etorri ziren hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzeko egitasmo zenbait, besteak beste, amaitu berri den Euskaraldia. Horren harira idatzi zuen mintzagai dugun Identitarteak 2016an, eta 2018an argitaratu du. Bitartean, 2017an, identitatearen inguruko bigarren performance bat abiatu zuen: Transitoak: Haren da Nire. Honen emaitza laster jasoko dugu nobela labur batean, egilearen arabera.

      Bi pertsonaia topatuko ditugu elkarrekin lehian, badminton partida bat jokatzen. Elkarri hitzak botako dizkiote eta hala elkarrizketa filosofikoak onduko dituzte. Hitzok ideiak ekarriko dituzte, mundu ikuskerak, euskal jendartearen aniztasuna irudikatzen saiatuko direnak.

      Sorkuntza lanek bibliografia balute, batzuei irakurketa erraztuko litzaieke, beste batzuei ordea testuartekotasunaren jolasa eragotziko lieke. Testuan irakur daiteke “egiten duguna gara” edo “egia bakarra da praktika hutsak daudela”, baina teoriko, pentsalari eta sortzaile askorengandik edan du lan hau burutzeko: J. Derrida, B. Anderson, Z. Bauman, J. Butler, D. Haraway, E. Ionesco, P. Telleria, edo B. Atxaga, adibidez.

      Topiko eta metafora zenbait ipintzen ditu aurrez aurre bi pertsonaia horien bidez, euskal komunitatea eta bertako partaideak nor diren jakin nahian. Helburua “bestea sentitzea” da, auzitan ipintzea ezagutzen duguna, egia zein den jakitea, eta umore absurdoaren laguntzarekin gure buruei barre egitea. Ea laster taula gainean kontzeptuok haragiztatuta ikusteko aukera dugun.