liburu kritikak
< Amonaren omenez | Isiltasuna hautsiz >
Ekilibristak badu sarea
Amaia Alvarez Uria
Argia, 2020-07-05

Liburua: Bazterreko ahotsak

Egilea: Miren Tirapu Goikoetxea

Argitaletxea: Susa / EHAZE

Urtea: 2019

      Euskal literatura garaikidean askotan ausardia falta sentitu dut, gauza berriak probatzeko gogorik eza, esperimentazioarekiko nagia. Hori bereziki gertatzen da nagusi den eleberrian, narratiban, funtzionatuko dutelako behin eta berriz erabilitako formulekin. Horregatik iruditzen zait oso interesgarria genero dramatikoan gertatzen ari dena, arte performatiboetan, euskal antzerki garaikidean (ekintzan zein testuetan).

      Azken aldian badira Euskal Herri osoan soilik euskaraz eta kooperatiboki bide berriak urratzeko asmoarekin diharduten taldeak. Ildo hori jarraitzen du Miren Tirapu Goikoetxeak bere Beheko Larraine konpainiarekin. Jarraian duzue talde honen lehen bi lanak jasotzen dituen liburuaren gomendioa. Atte hil aurretik eta Manifestu bat dira bi lan horiek, liburuan, horiekin batera, Mireni egindako elkarrizketa aurkituko duzue.

      Lehen lanaren sormen prozesua Maika Etxekopar Lougarotekin bizi izan zuen Mirenek. Bigarrenean aldiz, Gaizka Sarasolarekin. Pertsonaia gutxi dira batean zein bestean eta denak jokatzen ditu Mirenek. Lehenengo lanean Ane da protagonista, Maxux amonaren urratsak jarraitzen dituen harakina, krisi existentziala duen emakume heldua. Bigarrenean bufoi bat dugu, pertsonaia tragikomikoa, hilzorian dagoen eta bizitza ospatu nahi duen gizona-edo-pertsona.

      Bi lan hauekin egin nahi izan duena da bildumari izena ematen dion “bazterreko ahotsak” biltzea eta ikusgarri egitea. Herritarren istorioei erreparatu nahi die bere taula gaineko egiteko modua bilatzearekin batera. Elkarrizketan jakingo dugu bere estiloa “gordin, zikin, bortitz, ilun, umoretsua” dela, eta ADEL topaketa batean ezagututako jendeari esker piztu zitzaiola nafar honi bere bidea egiten hasteko irrika.

      Izan ere, Aulestiko urteroko hitzorduari esker (ADEL topaketak) eta EHAZEren argitalpenei eta Susako Ganbila bildumari esker, gaurko euskal antzerkian, batetik komunitatea osatzen ari dira, eta bestetik dramaturgia berriak idatziz jaso eta zabaltzeko plataformak abiarazten ari dira. Esperimentazioarekin eta bilaketarekin hasten den bideak badu arriskutik eta bakardadetik, baina orain, baita elkar zaintzatik eta egindakoarekiko aitorpenetik ere.