liburu kritikak
< | Oholtzatik paperera >
Jaiki eta hartu mikroa!
Amaia Alvarez Uria
Argia, 2022-10-16

Liburua: Miss Karaoke

Egilea: Oier Guillan / Metrokoadroka

Argitaletxea: EHAZE

Urtea: 2021

      Ederra izaten da sorkuntza prozesuak ezagutzea eta emaitzarekin bakarrik ez geratzea. Hori da EHAZEk, Oier Guillanek, Metrokoadrokak eta Pez Limbok liburu honekin egin diguten oparia. Miss Karaoke antzezlana taularatu arteko bidea luzea eta aberasgarria izan da, eta irakurle-ikus-entzuleok aukera dugu, nahi izatera, haren berri izateko.

      Liburu honek EHAZEren sar-hitza, Edurne Azkarateren hitzaurrea, Javier Barandiaranen hitzatzea, eta Oier Guillanen eta Metrokoadroka sormen laborategiaren biografiekin batera, hiru atal nagusi ditu: 1) 2017tik 2019ra antzeztu zen testua, 2) Oier Guillanen sormen prozesuaren kontaketa, eta 3) Arriaga, Victoria Eugenia eta Printzipalen “Dramaturgia berriak” deialdira aurkeztu zen jatorrizko testua. Horrez gain, badira prozesua dokumentatzen duten argazkiak eta antzezlanaren bideo-grabaziora eta bertan erabilitako kantuetara garamatzaten QR kodeak.

      Baina hori ez da guztia: prozesuaren bilaketan sakondu nahi duenarentzat aukera dago Miss Karaoke testuen aurrekariak izan ziren Oier Guillanen 2010eko Arra arraroa testu poetiko-dramatikora edota 2016ko egile beraren Mr. Señora lanera jotzeko.

      “Zer da gizon izatea?” galderari erantzun nahian idatzi zuen 2010eko lana. 2016ko lanaren kontrazalean “ileordea jantzi eta armairutik ateratzeaz” mintzo da. Metrokoadroka taldearen webgunean Miss Karaoke antzezlanaren azpititulua “Zerk definitzen zaitu?” da. Beraz, barrukoaz, ezkutukoaz, kontraesanez, geure burua ezagutzeaz dihardute lanok.

      Liburuon azaleko irudiek ere pistak ematen dizkigute: bikoiztuta agertzen zaigu pertsonaia lehen eta hirugarren lanetan, hasieran batak besteari entzuten dio esan behar duena eta amaieran batek abesten duen bitartean besteak bizkarra ematen dio erdi biluzik eta gogoetan. Bigarrenean komunean eserita agertzen da protagonista bularreko ileak bistan soinekoa jantzita, eta hirugarrenean burusoil bizardun makillatua berokia zabalik duela kantuan ari da, zutik, harro.

      Hau da egin nahi nizuen girotzea, orain eskuratu liburua eta ezagutu itzazue antzezlan hau elkarlanean egiteko eman dituzten urratsak; Marina, Unai, Javier eta Iñakiren ekarpenak eta pertsonaiak; aipatutako galderen eta kezken hezurmamitzea.