Aurkibidea
Bigarren eszena
josu etzanda dago. antton jaikitzen da beregana. Argia dator.
antton: Arrebato mistiko batengatik sartu hintzen etan? Nik uste nian holako kasuetan jendea fraile sartzen zela!
josu (lurretik eskua luzatuz): Emaidak eskua.
anttonek eskua luzatu eta jaso egiten du josu.
josu: Horixe ez ziok egin sekulan pnvk etari: lagundu!
antton: Zertaz ari haiz?
josu: Iparraldean buruzagi beterano bat ezagutu nian. Ba al dakik 1959an Txillardegik eta berak Agirre Lehendakaria bisitatu zutela Parisen euren kezkak eta asmoak azaltzeko?
antton: Leienda asko zeudek gauza horiei buruz.
josu: Leiendak ez, egiak. Gure zatiketa hortik zetorrek. Bilera haiek ondo atera balira gu orain ondo konponduko ginatekek beharbada. Hurrengo urtean etako buruzagi beterano hori Donibane Lohitzunen zegoan, Agirreren hiletan. “Agirre hil eta eta jaio zen”, esaten zian berak. Erru handia Ajuriagerrak izan omen zian, moskito baten ikuspegia eduki zuelako: pnv indartu zezaketen gazte haiek euren bide propioa hartzera bultza zitian. Ospetsua egin zuan bere esaldia, gustatuko zaiek hire jefeei (kristal imajinarioa seinalatuz).
antton: Esan diat bakarrik gaudela. Beti gustatu izan zaik historia ikastea; horretan hobea hintzen historia egiten baino.
josu: “A estos jóvenes —esan omen zian, gazteleraz, noski—, los absorvemos para nuestra organización uno por uno, y al que no nos sirva, lo aplastamos”. Esaldi horrek laburbiltzen dik pnv zer den, mundua nola ikusten duzuen eta besteekiko zer sentiberatasun daukazuen.
antton: Sentiberatasuna, diok? Oraindik ez haiz enteratu politika zer den: jestioa, boterea, legeak betearaztea, egitura irmoak sortzea, enpresarioak apoiatzea...
josu: Politika oso gauza sinplea duk: aberriari leialtasuna, besterik ez. 1959ko San Inazio egunean Txillardegik jakinarazi zioan exilioko Euskal Gobemuari erakunde berri bat sortu zela. Sabino Aranaren nazionalismoa txiki geratzen zitzaiean gazte haiei, sozialdemokrazia zeharo eskuinean eta moral katolikoa antigoalegia garai berrietarako.
antton: Eta horregatik armak hartu behar al zituzten?
josu: Hik ere ez al hituen armak hartu?
antton: Eseri hadi, Josu, eta erantzuiok galdera honi: (biak eseritzen dira) Euskal Herria hainbeste maite bahuen, zergatik sartu herri horretatik betirako urrunduko hauen borroka batean? Ez al da egokiagoa lana herrian bertan egitea? Zer maitasun agertu diok herriari hogeita hamar urte atzerrian egonda? Zer egin duk herriagatik Uztaritzen egonda, Biarritzen, Bordelen, Nantesen, Parisen, Bruselan, Poitiersen, Baionan, Luz Ardidenen? (josuk, orain arte despistatu samar zegoenak, braust begiratzen dio tinko, harrituta).
josu (sorpresa disimulatu nahiari): Hik zer ulertuko duk? Zuek gutxi sufritu duzue, gutxiegi, eta diru asko irabazi duzue, gehiegi.
antton: Ez al huen gehiago egingo Euskal Herriaren alde Leioan euskaraz klaseak ematen, Kafe Antzokiak bultzazen, heure herrian zinegotzi lanetan, enpresak sortzen, politikagintzan... Ez zakiat...
josu: Hori dena ondo zagok. Horri herrigintza esaten zaiok. Baina bazegok zerbait garrantzitsuagoa: harrotasuna. Beteranoak kontatzen zian gauza polit bat: etak lehen aldiz guardia zibil bikote bat desarmatu zuen egunean sekulako morala eskuratu zutela. Lehen, haiek “Alto” esatearekin bakarrik hankak dardarez hasten omen zitzaizkiean. Pentsa zer txorrada. Etsaiak menderatuari bere pozoina sartzen ziok: beldurra, ikara. Borroka armatuak zirkulu hori hautsi zian betirako. Autoestima ekarri zioan herri honi. Hori duk lehen garaipena: Burua jaso duen norbait haiz. Etsaiak, aurrerantzean interlokutore baten moduan ikusiko hau. Armak zer dira ba? Ideia baten zerbitzuan jarritako tresna fisikoak baino ez. Espainiako militar askok ejerzito baten moduan ikusi dik eta. Argalaren gorpua herrira ekarri zutenean goardia zibilaren komandanteak berak agur militarra egin zioan; bere etsairik handienaren hilkutxa zeukean aurrean.
antton: Baina edozein unetan hilko hautela ere badakik.
josu: Horixe ikasi genian lehenengo: handik aurrera gure bizitzaren osagarri izango zela arrisku hori.
antton: Eta horrela bizi al liteke erotu gabe? Klandestinitatean hartu beharreko neurri horiek ez al zaituzte paranoiko bihurtzen? Lagunengandik urrun, pisu batetik hilabeteetan atera gabe... Azkenerako errealitatea non dagoen ba ote dakizue?
josu: Bai. Goizero esnatu orduko egiten nian otoitz xumea: (otoitz eginaz bezala) eskerrak bizitzeko egun bat gehiago eman zaidalako. Egoera horretan egun bakoitza altxor bat bihurtzen duk. Ez daukak imajinatzerik zer den bizitzea egun bakoitza altxor bat dela sentituz. Inork ez dakizue (kristal imajinariora begiratzen du) bizitza zenbat maitatzen den horrela. Kideen artean maiz egiten genian galdera hau, ariketa moduan: Zein da heriotzaren orduan begiak itxi aurretik ikusi nahiko zenukeen azken pertsona?
Isiltasuna. anttonek zorrotz begiratzen dio. josuk eutsi egiten dio begiradari. Begiekin hizketan ari dira. anttonek beste argazki bat jartzen du.
Bertan, gaztetan, antton, erdian sara, eta josu. josuk gerritik heltzen dio sarari, eskua blusa azpitik sartuz, azala ukituz; anttonek bizkarretik heltzen dio sarari, modu hotzagoan.
antton: Zer ikusten duk hor?
josu (melankoliko): Garai hobeak zituan.
antton: Ez didak erantzun.
josu: Zer ikusiko diat ba? Elkar maite zuten bi gazte, eta amodio horren inbidiatan zegoen lagun bat.
antton: Ni ez nengoan inbidiatan, maiteminduta baizik. Halere ez hintudan gorrotatzen. Zuek zineten niretzat maiteenak, biok. (Jaiki egiten da, paseatuz) Bazegok zerbait urte guzti hauetan ulertu ez dudana. Bueltak eta bueltak eman zizkioat, baina ez diat erantzunik aurkitu.
josu: Zer jakin nahi duk, zergatik alde egin zuen Sarak nirekin? Kontatu zidaan, bai, barruan nengoela hirekin egin zituen afarien berri. (Haserre doinu faltsuaz) Nola izan hintzen kapaz haren bakardadea aprobetxatzeko?
antton (molesto): Egon hadi isilik, oheratu ginenean ez nian eta funtzionatu, remordimentuengatik!
josu: A ez? Hori ez nekian! Sarak eta nik dena kontatzen genioan elkarri, gure amodioa askea zuan. Akabo ba, herria askatu nahi duenak bere burua askatzen ez badu lehenengo!
antton: Hi eta ni antzekoak gintuan, Josu. Eskolan azkarrak. Lagunek maite gintiztean. Kezka politikoak bagenizkian besteek baino lehenago. Hi goapoagoa hintzen, horregatik joan zuan Sara hirekin, hasieran behintzat. Baina nik ere egiko dantza taldeko neska guztiak atzetik nizkian. Nahi genituen karrerak ikasiko genizkian hartara jarriz gero. Baina nik aktibismoa nahi nian segituan, eta hik ere bai. Hogeita hamar urte betetzerako hartu huen etako buruzagitza militarra. Ni subkomisarioa ninduan adin berean.
josu (ironikoki): Oso polita, bizitza paraleloak dizkiagu, baina hi de puta madre bizi izan haiz, koktelak hartzen Ajuriaenean, eta ni ihesi ibili nauk 25 urtez, pisu zikinetan espagetiak jaten.
antton: Zerk erabakitzen du gure ibilbidea bizitzan? Alegia, zergatik ez ninduan ni etan sartu?
josu (algara histerikoa eginaz): Eta ni Arkauten, ertzaina kastellanoei hik jarritako bonbak nola desaktibatu erakusten? Ja, ja ja.
antton (urduri, nahasi): Beste era batera esango diat: noiz bihurtzen da bizitza inebitablea? Zein puntutan ezin da atzera jo? Nola ezagutzen da une hori?
josu (indiferente): Hauxe gertatzen zaizue bulego batean sartuta denbora gehiegi pasatzen duzuenoi!
antton (intentsoki begiratuz): Ez iezadak burlarik egin. Zer sentitzen da norbait hiltzean?
josu (harrituta): Zer?
antton (setati): Zer sentitzen da norbait hiltzean?
josu (jaiki egiten da, anttonen pare jarriz begirada, desafioka): Guk ez diagu pertsona bat hiltzen, ez behintzat bere nortasunagatik, bere dirutzagatik edo bere lan politikoagatik.
antton: Eta zinegotziak hil dituzuenean?
josu: Guk sinbolo bat hiltzen diagu. Gure indarra erakusteko, etsaiaren ahuldadea nabarmentzeko, presiobidea izan zitekek... gauza asko. etako inork ez dik pertsonalki hiltzeaz hitz egingo. Erabaki kolektiboa duk. Nik dakidana duk lehen egon zela psikoterapia moduko bat, ze pentsazak, mezetara joatetik Meliton Manzanas bere etxeko atarian zazpi tiro emanda hiltzera, tiro bakoitza patxada-patxadan emanda, azkena emaztearen aurrean, salto handia duk.
antton: Baina hik... zer sentitu duk?
josu (kristal imajinariora begira): Zer ari dira, etarra baten ikerketa psikologikoa egiten?
antton: Norbait hil ondoren nola jarraitzen du bizitzak? Ulertu beharra zeukaat...
josu: Laster jakingo duk!
antton: Zergatik?
josu: Ni hil beharko nauk laster.
antton: Etzak astakeriarik esan.
josu (oldartuz): Hil nahiko nauk Sarak zergatik ez hinduen maite kontatzen diadanean. Ez zitzaioan gustatzen hire tripa. Ez zitzaioan gustatzen hire galtzarpeko usaina. Ez zitzaioan gustatzen hire zakileko garatxoa.
antton (haserre, minduta): Kendu nian...
josu: Badakik zer sentitzen den norbait hiltzean? Iluntasun bat. Literaturak esaten dik hildakoaren begirada iluntzen dela. Ez, hiltzailearen barrua duk iluntzen dena, une luze batez, eta ikara ematen dik benetan. Baina gero indartsu ateratzen haiz. Boteretsu sentitzen haiz, edozein politiko baino gehiago. Kalean hoala besteek ezagutu ez duten destinu baten jabe sentitzen haiz. Euforiak hartzen hau: eboluzio politikoaren hari bat eskuan daukak. Lehendakaria bera monigote bat iruditzen zaik, festa non dagoen aztarrenik ere ez daukana.
Baina hik ezin duk inor hil. (oldartuz) Badakik zergatik? Beldurra ematen dialako iluntasun hori zeharkatzeak. Beldurra. Ikara. Ahula haiz. Koldarra. Eta beti izan haiz. Etsaiak menderatuoi sartutako pozoina ez duk atera. Horixe duk gure arteko aldea.
anttonek sabelean jotzen du josu oso modu basatian. Gustora geratzen da, bat-batean aurpegi sadikoa ipiniz.
antton: Aspaldi egin nahi nian hauxe. Hiri ostiako eder bat eman.
josu (makurtuta, kasurik egin gabe): Hik ez duk inor hiltzeko balio. Hori ezin duk ikasi. Pertsonak umetan jakiten dik norbait hiltzeko gauza den edo ez. Umetan ikusten dituk bizitzako ilunpe guztiak.
Iluntzen da argia.