Bata zu eta bestea ni
Iņaki Begiristain
Bata zu eta bestea ni
Iņaki Begiristain
Antzerti, 1984
Bata zu eta bestea ni
Iņaki Begiristain
Antzerti, 1984
[aurkibidea]

 

AZPEITIKO TOPAKETAK:

 

ANTZERKI-OBRAREN IRABAZLEAREKIN
ELKARRIZKETAN

 

            ANTZERTI: Noiz sortu zitzaizun antzerkirako zaletasuna?

            IŅAKI BEGIRIZTAIN: Gaztetxoa nintzelarik eta Tolosako ikastetxe batetan ikasketak egiten, sortu zen nere barnean antzerkiaganako zaletasunaren harra eta hemen daramat, geroz, har hau etenik gabeko kilimaketan. Antzezkizun ugari eskaini ohi genuen Tolosako ikastetxean, erderaz gehienak, bainan handik irten nintzenean ebaki zen nere antzerkiarekiko lokarria ainitz urtez. Hiru urteko soldadutza, nere ogi-bidea zuzendu beharra e.a. izan ziren lokarri hura eten zutenak.

            ANTZERTI: Eta noiz hasi zinen berriro?

            IŅAKI BEGIRIZTAIN: Ezkondu eta nere bizikera zuzendu nuenean hasi nintzen berriro. “KIMUBERRI” zeritzan taldea sortu genuen Alegian eta han ekin nion berriro antzezlaritzari, zuzendari eta antzezlari bezala. Zortzi urte iraun zuen talde hark, diktadurako garai latz eta estu haetan, Gipuzkoa osoan bere emanaldiak eskainiaz. Geroz, Tolosako “Oargi” taldearen zuzendaritza egin nuen hiru urtez eta neronen hiru obra antzeztu genituen, herriz-herri. Oraingoz eta azken lau urte hauetan, Alegiako “Intxurre” taldea zuzentzen dut eta larogetaka emanaldi osatuak ditugu.

            ANTZERTI: “INTXURRE” taldearekin ze motak, lana daramakizu?

            IŅAKI BEGIRIZTAIN: Gure taldea, oraingoz, ez da ahalegindu gorputz-espresio, mimo eta abarretan, esakeran baizik. Izan ere, nere ustez, hizkuntza bait da gizakumearen espresio-biderik bereziena eta herriaren nortasunaren ezaugarririk garrantzitsuena. Norbere hizkuntza behar du herriak eta hizkuntzarik gabe ez dago herririk, herri bizirik behintzat. Hau honela delarik, ahozkaketan ahalegintzen gara gehienbat. Euskal hitzak bi azento dituztelarik, hemen ere badago zeregina, bai esaldi bakoitzeko galde-gaiak bereiztu eta esaldiari dagokion fonetika edo euskal-doinua lortzen ere, benetako euskera nahi badugu. Lotsagarria da, lotsagarriarik ezer bada, zenbait taldeen esakera. Erdel fonetika nabarmena ezartzen diote euskeraz esaten dutenari eta hauxe bai dela itsusia. “Antzerti”koek eta Euskal Telebistakoek ere badute non zer jorraturik... Araneta jaunaren antzekoak behar genituzke ugari eta euskeraganako maitasunez ongi hornituak, ogi-bidea ahaztu eta aitzur zorrotzez jorra gaitzaten.

            ANTZERTI: Nolaz hasi zinen antzerkigintzan?

            IŅAKI BEGIRIZTAIN: Martin Iturbe jauna gure herrian zegoelarik, berak zirikatu ninduen eta hortarazi.

            ANTZERTI: Zenbat antzerki dituzu eginak eta zenbat sarituak?

            IŅAKI BEGIRIZTAIN: Hauetxek dituzue nere antzerkiak:

            “BIZIA BIZI TRUK”. Lau ekitaldikoa. Donostiako “Agora” saria, A. M. Labayen jaunarekin erdibanatua. Euskadi osoan antzeztu dute antzerki hau hiruzpalau taldek.

            “APAIZ LANGILE ETA GIZON”. Hiru ekitaldikoa. Donostiako “Agora” saria, A. Zubikarai jaunarekin erdibanatua. Berrogetaka aldiz antzeztu zuen obra hau Lazkaoko taldeak.

            “BAKARTASUN BILLA”. Hiru ekitaldi. Donostiako “Agora” saria. Gipuzkoa eta Bizkaian zehar erabili zuen Urnietako “Egi Billa” taldeak.

            “MUGAUSLEAK”. Hiru ekitaldi. Donostiako “Agora” saria. “Egi Billa” taldeak antzeztu zuen hau ere Gipuzkoa eta Bizkaian zehar.

            “KIRETSA DARIO”. Hiru ekitaldi. Euskadi osoan antzeztua, “Egi Billa” taldeak.

            “IGARTUTAKO LANDAREA”. Hiru ekitaldi. Berrogetaka aldiz antzeztua “Egi Billa” taldeak.

            “URRUTIKO INTXAURRAK”. Hiru ekitaldi. “Toribio Altzaga” saria. Xefe Balerdi ezizenarekin aurkeztu nuen obra hau sariketara.

            “ERRURIK GABE ERRUDUN”. Hiru ekitaldi.

            “GORROTOA, HERIOTZA ETA NEGARRA”. Hiru ekitaldi. Gasteizko “Denok” saria. Hogeitabost aldiz antzeztu du Alegiako “Intxurre” taldeak.

            “BATA ZU ETA BESTEA NI”. Hiru ekitaldi. Hogetamar aldiz antzeztu du Alegiako “Intxurre” taldeak. Obra honekin lortu zuen Alegiako “Intxurre” taldeak lehen saria Azpeitiako Topaketan, joan zen abenduan. 30 aldiz antzeztu du “Intxurre” taldeak.

            “HERNIALDEKO APAIZ TTIKIA”.

            “HITZ HUTSAK”. Ekitaldi bakarra. Hogeitaka aldiz antzeztu du “Intxurre” taldeak, euskaltegietan bereiziki.

            “ARRE ASTOA”. Haurrentzat antzerkitxoa. Tolosako C.I.T. saria.

            “MARIATTO”. Lau ekitaldi. Antzerki honen prestaketak egiten ari da “Intxurre” taldea.

            Hogeitaka antzerkitxo ere baditut eginak haurtxoentzat bainan galduak gehienak, bati eta besteari emanak ditudalarik.

            Euskeratuak:

            “LURRUN ARGIA”. “Egi Billa” taldearentzat euskeratua. (Luz de gas).

            “ITZALTZUKO KOBLARIA”. (El Bardo de Itzaltzu). Donostiako “Iztunde” taldearentzat euskeratua. Santo Tomas egunez antzeztua, Donostiako Antzoki Zaharrean.

            “IPARRAGIRRE”. “Iztunde” taldearentzat euskeratua.

            “TROIARRAK”. Bi itzulpen, texto ezberdinetatik eginak, “Antzerti”rentzat.

            “BATA ZU ETA BESTA NI”. Lantxo arin eta sakontasunik gabea duzute hau. Irri-antzerkia, noski. Ikusle-entzuleari kezkarik edo ondorio ilunik ezarriko ez diona, alegia. Izan ere, beharrezkoak ditugula uste dut honelako antzerki irritsuak ere, gaurko gure giro eta izakera iluna arindu edo ordu pare batez bederik ahaz ahal izan ditzagun. Hauxe da, beraz, “Bata zu eta bestea ni”ren helburua; ikusle-entzuleari ordu biko atsegina eskeintzea, alegia. Komikoak, ordea, berekin izan ohi du bane-min edo drama ere eta bere esaldi irritsu, farrak eta mintzoak barne-min horren estalki izaten dire sarritan. Antzerki honetako zenbait pertsonaiek ere badituzte heuren bame-min eta ezinak; ardotan ito nahi lituzkete batzutan, inori adarra joaz beste batzutan bainan barne-minaren eztena heuren errainetan dute beti, zula eta zula.