,
,
[aurkibidea]

Aurkibidea

Aurkibidea

 

1. Aurkezpena

 

Egunsentiko giroan kukubel bere artaldearekin herria zeharkatzen du airea kanta batek osatzen duelarik.

 

Kanta:

            Begiak adi, ahoak zabal eta eme belarriak

            zer ote dakar gure artera Kukubel maitagarriak?

 

            Neskatxa gazte, musika zale, aita ez amarik ez du

            ardiak zainduz ekiten dio, txistua jo eta abestu.

 

            Txirula, ttunttun, txilibituak, txistuak egin eta jo

            dirurik gabe bizi da baina, pozik dago, ze arraio!

 

artaldea larrera heltzean narratzailearen papera hartzen dute.

 

ardia 1: Kukubel artzain neska gaztea da, umezurtza eta musikazale amorratua.

ardia 2: Berak egiten ditu arte eta ezpelezko instrumentuak, ttunttun, txistu, txilibitu, txirulak, saxofoiak, kontrabaxuak...

ardia 3: Aizu Txakili! Pasatu gabe, txirula eta flauta besterik ez du egiten.

ardia 4: Eta jotzen ere bai, inguru guztia poz-pozik glorian dagoela.

ardia 5: Begira, begira! Badator gure Kukubel!

 

kukubel larrean agertzearekin batera ardiek koroa osatzen dute eta kantari elkarrizketan hasiko dira.

 

Kanta:

 

ardiak:

            Kaixo Kukube-e-e-e-e-el, egunon artzain laguna

            mendiko larre be-e-larretan emango dugu eguna.

kukubel:

            Egunon denoi, adiskideak, kaixo Gorri eta Txuri,

            ongi etorri lagun artera ahari, ardi eta axuri.

ardiak:

            Kukube-e-el artzain maitea, ez gu makilaz egurtu

            be-e-estela zure artaldea erabat be-e-eldurtu.

 

            Kaixo Kukube-e-e-e-e-el, egunon artzain laguna

            mendiko larre be-e-larretan emango dugu eguna.

kukubel:

            Txorien kanta, txorrotxioak txirulaz jotzen ditut nik

            ardiak pozik ibil zaitezten soinu alaia entzunik.

ardiak:

            Larrerik larre be-e-har dugu artxakurrekin ibili,

            Potxo ta Pitxi alfer xamarrak, trebe-e-e-a Txakili.

 

            Kaixo Kukube-e-e-e-e-el, egunon artzain laguna

            mendiko larre be-e-larretan emango dugu eguna.

kukubel:

            Ezpel zurezko txirulatxo bat egingo dut zuentzako,

            gaur errapean esne goxoa gehien duenarentzako.

ardiak:

            Be-e-e-lardi goxo-goxora etorri gara zurekin,

            eskerrik asko Kukube-e-el artzaintzari trebe-ekin

 

            Agur Kukube-e-e-e-e-el, egunon artzain laguna

            mendiko larre be-e-larretan emango dugu eguna.

 

ardiek belarra jateari ekiten dioten bitartean bera txirulak egiten hasten da. Txori batek, egindako honako soinu hau entzuten duenean, horixe bera ateratzen saiatzen da, eta egia esan behar bada lortu ere egiten du.