Txirrikiz
Josu Camara
Txirrikiz
Josu Camara
Artezblai, 2003
Txirrikiz
Josu Camara
Artezblai, 2003
[aurkibidea]

 

I

 

kirru eta peli eskola mutikoak, egun baten, herriko plazan intxaurrekin “bibika” jolasten ari direla “Txirrikiz” goitizenarekin ezaguna den neskato etorkina agertzen da.

 

peli: (Barrezka eta txutxumutxuka peliri) Ene! Horra non doan Txirrikiz! Gure kortako asto zaharra baino narrasago zabilek beltz hori! Horrek zaukak itxura horrek! Irri eta parre egin behar zioagu. Kirru, begira! Gurekin jolastu nahi izango dik. Goazen, zertan edo hartan ziria sartu behar zioagu-ta!

kirru: (Haserre) Ni ez noak neskari kanpokoa izateagatik irririk egiten. Pertsonak iraintzea ez dela batere zuzena esaten dik beti gure amonak. Beraz, horrelakorik ez!

peli: A ze leloa! Amonaren esanak buruan darabilzkik oraindik ere? Nik atsoen esanei katuak sagarrari adina jaramon egiten zieat. Atsoen esanak zehatz-mehatz egiten bahabil, horraitio, oilo ta erdi izango haiz beti!

kirru: Atsoen esana dela nahiz ez dela, hire esanak direla nahiz ez direla, ni ez noak Txirrikizi irririk egiten eta kito! Hik esan nahiz horrek esan, txarra beti txar eta ona beti on. Hik ere, Peli, Txirrikizi barrerik egingo ez bahio askoz hobe!

 

kirruk alde egiten du plazatik peliren planak ez jarraitzearren.

 

peli: (kirruri) Hoa pikutara!!!

 

Baina pelik bere lagunaren esanari jaramonik egin gabe atzetik arinka joanda, neskari irri eta parre egiten dio kanta zatar hau asmatuz...

 

peli: (Kantatzen)

            Zertara etorri haiz

            Txirrikiz mirrikiz?

            Ez al dun bete behar

            sabela txerrikiz?

 

txirrikizek, isekazko hitz iraingarri hauek entzun arren, mutikoari ez dio haserrerik egiten eta aurpegi otzan otzanez begirakune gozoa eginez...

 

txirrikiz: Ai, mutiko polit hori, erreka-ertzeko txori: ez hadi horren gaiztoa izan, hi bezalako umeez, eta batez ere hirekin jolastu nahi duenaz trufatzea ez al dakik itsusia dela?

peli: Hori bai txotxolokeria!!!

txirrikiz: Holako isekarik eziok inori berriro egin.

peli: (Trufari eta kantari)

            Txirrikiz mirrikiz

            sabela bete txerrikiz...

 

Poltsatik gauza erakargarri bat atera eta...

 

txirrikiz: Ikus ezak, bada, eskuetan daukadan gauza polit hau.

peli: Hara! Zer da?

txirrikiz: Ni bizi naizen urruneko lurraldetik ekarritako “zortearen argi miragarria”.

peli: Bai zera! Esaidan, ba: ze mirari arraio egiten ditun?

txirrikiz: Argi honi, pertsona zintzo eta onen eskuen laztanek (Igurtziak), hots zoragarriak eragiten zizkiotek, hain soinu atsegingarria ze, izan ere, hiru mila orkestrak dihardutela uste izaten ditek. Soinu zoragarrien hots gozoen botere magikoek ametsak egia bihurtzen ditiztek.

peli: Ea, erakutsi!

txirrikiz: Horretarako, zintzoa izan behar duk, baina.

peli: Txorakeriak!!!

txirrikiz: Begira bada, mutiko, entzun arretaz eta ulertu ondo: on-ona izaten bahaiz, gauza miragarri hau, oraintxe bertan, heuretzat izango dela esaten diat. Beraz, mutiko, zintzoa izango haiz, ezta?

peli: Nola ez ba! Bai, ona izango naun eta emaidan hori behingoz!

 

Argitxoa eskuetan eduki bezain laster, mutikoari berriro bere neskari parre eta irri egiteko gogoa pizten zaio.

 

peli: (Kantatuz)

            Beltz itsusia haiz hi

            zikina ugari.

            Ez dun ezer balio

            ta izorra hadi.

txirrikiz: (Bere golkorako) Honen bigun eta maitekiro egin norberak, eta gainera oparia ere bere onerako gogo onez egin, eta, hala ta guztiz ere, mutikoaren gogoa ezin ezertara ere irabazi. Horrentzat, esan onak eta emaitzak eta abar, alfer-alferrekoak izan dira guztiak.

peli: (Kanta)

            Beltza haiz eta izorra hadi

            ez dun balio zuri erdi.

txirrikiz: (Mutikoari dei zolia eta begirakune zorrotzez) Peli! Nik eginiko oparia heure zoritxarrerako izan zitekek! Kontuz gero!!!

 

txirrikizek alde egiten du, eta pelik argia ferekatu arren, tresnatxoak berak uste bezalako soinurik ez du egiten, zarata lakar beldurgarria baino...

 

peli: (Hagin artean ikaraz) arraio da hau? Adar zahar baten zarata lakarra baino ez duk egiten-da! Belarriak mintzeko egokia! Beltz hark esan dizkidanak gezur galantak! Gauza ona izateko asko behar dik, horregatio, berak.

peli: (Pixka bat lasaitu eta gero) Agian ez dut ondo ferekatu, berriro saiatuko naiz. (Berriro ere ferekatzen du) Kaka zaharra!!! Hauek eta astoaren putza dena bat!!! Doala pikutara!!!

 

Argitxoa jaurtitzeko puntuan dagoela kirru agertzen da...

 

peli: (Ikuslegoari zuzenduta) E, begira nor datorren hortik! Baietz ziria sartu! (kirrurengana bueltatuz) Kirru! Hona hemen Txirrikiz beltz zakarraren emaitza miragarria.

kirru: Ondo polita duk, izan ere!

peli: Polita bai oso, hor daukak, bada, nire oparia. Nolako doinu polita egiten duen baheki! Igurtzi zak berehala, musika eta magia dik eta.

 

kirru harriturik oparia onartzen du eta lehenengo laztanarekin batera mila txirulen hots gozoak bazter guztiak betetzen ditu...

 

kirru: (Musika eten ondoren) Mila esker, Peli, opariagatik! Oso polita duk!

peli: (Ikusi ezin kaltegarria erakutsiz eta lagunari argia emanaz osorik damuturik) Ze opari eta ze opariondoko!!! Hi, Kirru: ekarridak hori!

kirru: Ez, ez diat emango.

peli: Bai, emango didak, neurea duk eta.

kirru: Hirea? Bai, zereko hirea! Emana, emana dela, ez al dakik? Lehen izango zuan hirea, baina orain inola ere ez!

peli: Lehen bai, eta orain ere bai. Hori beti neurea. Eta neurea denez gero, nahi edo ez, oraintxe bertan eman behar didak. Bestela...

 

Hori esan eta arrapaladan joanda, eskuetan duen argi miragarria kendu egiten dio eta jotzeko mehatxuaren keinuarekin gainera. kirruk orduan serioski emana kentzearen kanta luzatzen dio...

 

kirru:

            Hark eman, nahiz horrek eman,

            emana, emana duk...

            Eman eta kendu

            apoak atzamarrak kendu...

 

            Emana emana duk

            ezin didak kendu.

            Portaera zakarra

            behar duk zuzendu.

 

            Emana didak kendu

            ez hadi ostendu.

            Apoak hiri Peli

            atzamarrak kendu

 

kirru badoa.