Txirrikiz
Josu Camara
Txirrikiz
Josu Camara
Artezblai, 2003
Txirrikiz
Josu Camara
Artezblai, 2003
[aurkibidea]

 

II

 

pelik, bakarrik dagoela aprobetxatuz, argitxoa ferekatzen du berriro ere, une horretan inguruak eraldatzen dira bere aurrean eta beste mundu ezezagun batean sartzen da.

 

peli: Non nago? Kirru, Kirru, ez ni hemen bakarrik utzi! Atzamarrak kendu eta Apoak direla eta ez direla... Baina nik laguntza behar dudanean ez Aporik ez inor ez duk azalduko, ez!!!

 

Hori esan orduko apo a eta apo b jaunak azaltzen dira harri artetik.

 

apo a: Zer nahi duk?

apo b: Hori, zer nahi duk?

peli: Ba, zera, nola heldu naizen ez badakit ere, hemen nagok galduta eta ezin diat asmatu etxera bidea nondik den, eta horixe duk jakin nahi dudana.

apo b: Neronek eramango haut etxeraino.

apo a: Baina hik zer emango diguk horren ordez?

peli: Nik ez diat ezer! Bai argitxo bat nian baina... (Argia topatzen saiatzen da baina desagertu da)

apo a: Orduan ez zagok zereginik.

apo b: Ezin diagu lagundu!

peli: Tira, eskatzen didazuena egiteko prest nagok, nahi duzuena!

apo a: Beno ba, laguntxo.

apo b: Has gaitezen ba lanean.

peli: Bai, baina lehenengo nortzuk zareten esan behar didazue.

apo a, b: (Kantuan) “Ez al dakizu gu nortzuk garen?

apo a: Ni Apo A.

apo b: Ni Apo B.

apo a:

            Fantasiaren munduan gu geu

            goren eder ta dotore.

apo b:

            Laminak (txu-txu), jentilak (txu-txu)

            botatzea askoz hobe.

apo a:

            Fantasiaren herri berrian

            geu gara gobemadore.

apo a, b:

            Gure arraza handiena da

            egiguzue ohore.”

 

pelik txaloak.

 

apo a: Argi daukak? Edo gure alde hago edo bestela... gure kontra!

 

peli moztuta.

 

apo b: Bestela esanda: agintzen diaguna beteko duk, bestela, mokau batez... rrrau!!!

apo a: Nagusi, ez ikaratu gure laguna, zapore txarra izango du jaten dugunean.

peli: Bai horixe! Lehen agindu dizuedan bezala, prest nago eskatzen didazuena betetzeko.

apo a: Hi bai mutiko goxoa; barkatu, txintxoa.

peli: Baina zertan lagunduko dizuet?

apo b: Hara motel: Erreka bazterrak garbi nahi ditiagu, laminarik gabe, izaki mota hori ezin kaltegarriagoa baita gure Fantasia berriaren eraikuntzarako. Beraz, hoa hortik eta laminen artean nagusiena zein den aurkitu, bihotza kendu eta hona ekarri.

peli: Hori besterik ez bada, segituan beteko diat zuen guraria. Nik etzieat beldurrik laminei! Agur!

apo a, b: Laster arte!

 

peli urruntzen da eta apoak elkarrekin txutxumutxuka gelditzen dira.

 

apo b: Hori duk eta! Laminen erreginaren bihotza eskuratzen badugu, lamina guztiek gure agindupean makurtu beharko dute.

apo a: Baina gure janaria bazoak! Eta galtzen bada, zer? Jarraitu dezagun badaezpada ere!

apo b: Lasai, laster etorriko duk laminaren bihotzarekin eta orduan izango diagu sabela betetzeko aukera. Ja, ja, ja...

peli: (Desagertu baino lehenago eta apoen elkarrizketa moztuz) Aizue! Baina gero etxera eramango nauzue, ezta?

apo b: (Gezurra disimulatuz) Nola ez ba! Fida hadi gutaz, lagun!

apo a: (Protestati) Hori ez da egia, ezta jauna?

apo b: Noski, “aposki”! Bihotzarekin datorrenean, “rrrrau” jango diagu eta kito! Ja, ja, ...

apo a: Ederra sartu zioagu mutiko zozo eta goxoari!

 

Alde egiten dute eszenatik.