Aurkibidea
III
Dekoratua erreka bat da. pelik erreka gaineko haitzetatik laminen dantza ikusten du, erdian laminen artean nagusiena, ederrena, txirrikizen antza handia duena.
lamina: (Kantuan)
“Eguzki, ilargi, izar
lamina kantari
Laminzulori eta
laminerrekari
lamindaori eta
laminzelaiari
laminkobari eta
laminerrotari.”
peli laminen kantaren eraginez liluraturik gelditzen da eta hauek horrela harrapatzen dute eurei begira aho zabal.
peli: Hauek bai dantzariak! Honako neskarik nire begiek ez ditek inoiz ikusi.
lamina: (Haserre doinuarekin) Oi, mutil zirtzil hori! Isilpetik guri hadi? Ikusgura behin asetzen duenak, berriro ere ase nahi izango dik, harrapatzen bahaut harrapatu...!
peli: Hauxe beltza, ondo nahiez txalotu eta haserretu! Noan berehala hemendik!
lamina: (Doinua gozotuz) Zer, motel? Zertan habil hemendik?
peli: Ezertan ere ez, joan egin behar dut eta utzi nazazu bakean.
lamina: Zelatan habil!... Zer behar duk, ba?
peli: Mamu ikaragarrien bila nabil!
lamina: Ze mamu mota dira horiek?
peli: Laminen atzetik ari naiz!
lamina: Bai? Ba, lamina baten aurrez-aurre hago.
peli: Bai zera! Zuk ez duzu mamu itxurarik.
lamina: Mamu itxurarik izan ez arren, lamina nauk jaiotzatik hara. Eta zer behar duk gugandik ba?
peli: Lamina nagusiaren bihotzaren bila etorri naiz...
lamina: Neu nauk laminarik zaharrena, baina ene bihotza eskuratzen baduk, maitasunaren gaixotasunaren menpe geratuko haiz.
peli: Horiek kontuak baino ez dira, utzi dezagun berriketa eta emaidazu zure bihotza.
lamina: (Eskaera onartuz) Tori, bada, mutiko polit hori, erreka-ertzeko txori.
peli: Mila esker. Agur!
laminak alde egiten du eta peli bakarrik geratzen denean bere baitan zerbait susmatzen du, maitasuna ote?
peli: (Konturatu gabe kantari)
“Ai ene bada! Oi ene bada!
bihotza daukat hausturik
hura bai hura neska liraina
utzi nau maitemindurik.
Haren ondotik alde egin behar
urrun beldurrak harturik.
Ai neska pitxin txirrikititxin
orain zer egingo dut nik?”