Txirrikiz
Josu Camara
Txirrikiz
Josu Camara
Artezblai, 2003
Txirrikiz
Josu Camara
Artezblai, 2003
[aurkibidea]

 

IV

 

Trantze horretan harrapatzen dute apoek eta alferkerietan dagoelaren ustean astindu bat ematen diote...

 

apo a: Zer, agindutakoa bete duk?

peli: Bai... (Bere laminaren bihotza esku artean duela konturatzen denean, ezkutatu egiten du eta lagun berria babesten) Ez! Ez diat mamu beldurgarririk ikusi!

apo b: Ez dituala erreketako dantzari nazkagarri horiek ikusi?

peli: Horiek? Horiek dituk laminak? Ba, ez dituk mamuak, nik sekula ez diat holako neska atseginik ikusi!

apo a: Mutiko kaiku hori! Horiexek dituk laminak! (anaiari zuzenduta) Hau ere erori duk sorgin horien hatzaparretan! Jan dezagun lehenbailehen eta kito!!!

 

apo bk kokoteko batez isiltzen du bere anaia eta jarraitzen du...

 

apo b: Oso ongi zakiagu zer sentitzen duan, baina ez tuntuna izan. Gure tratua gogoratu eta gero ongi pentsatu zer egin behar duan!

peli: Etzaukat zalantzarik, lagunok! Nik neska hori maite diat eta bere maitasuna lortuko diat.

apo b: (Haserre doinua hartuz poliki-poliki) Orain itsuturik hago, eta ezin duk ondo ikusi, baina agian ez duk hiretzako moduko neskatoa.

peli: Eta zergatik ez da, ba?

apo a: Begiraiok oinetara!

apo b: Giza oinak baditu, aurrera, baina ez baditu, kontuz gero!!! Aldendu hadi lehenbailehen haren ondotik!

apo a: Baina ez lehenengo haren bihotza lortu gabe!!!

peli: (Goibel) Ongi duk! (apoek alde egiten dutenean, peli egoeraz jabetzen hasten da) Jan egingo nautela esan dute? Hauek ez naute etxera eraman nahi.

 

peli errekara doa eta laminari deika hasten da.

 

peli: Lamina!

 

lamina agertzen da eta peli laminaren oinak ikusten ahalegintzen da.

 

lamina: Zertan habil, mutiko polit hori, erreka-ertzeko txori?

peli: Zure oinak ikusi nahian.

lamina: Hobe ikusten ez badituk, bestela damutuko haiz.

peli: Ez, ikusi egin behar ditut!

lamina: Hire nahia hori bada...

 

laminak hankak uretatik atera eta erakusten dizkio.

 

peli: A a a a a a a a...!!!

lamia: Esan diat damutuko haizela!

 

pelik bihotza bertan behera uzten du, eta laminak hartu ondoren alde egiten du.

 

peli: Apoek harrapatzen banaute txiki-txiki egingo naute.

            Neuk bakar-bakarrik aurkitu beharko dut etxerako bidea.

 

pelik alde egiten du etxeko bidearen bila noraezean.