Txirrikiz
Josu Camara
Txirrikiz
Josu Camara
Artezblai, 2003
Txirrikiz
Josu Camara
Artezblai, 2003
[aurkibidea]

 

VI

 

Mendi artetik agertu eta zerua zeharkatzen duen bitartean, mariurrika ikuslegoari zuzentzen da.

 

mariurrika: Peli Fantasian galduta dabil, Jentilen laguntza-beharra dauka etxera itzultzeko. Denon artean deituko diegu, baina ozenki, harria baino gorragoak dira ta!

ikuslegoa: Jentilak!!!

 

jentilak harrizko pertsonaiak dira, itxuraz beldurgarriak baina jarreraz maitagarriak eta laguntzaile apartak. Jentilik zaharrena harrizko mendi handia bilakaturik dago aspaldian, hau da mintzatzen dena...

 

jentila: Zer? Zer da zalaparta hau?!

mariurrika: Zuen laguntza behar duen mutiko bat dago Fantasian galduta.

jentila: Lasai! Utzi hori geure esku, berehalaxe konponduko dugu ta!

mariurrika: Bai, aurki zazue mutila eta jarri etxerako bidean.

jentilak: Hori eginda dago! Ala umeak, jolastera!...Erne umetxoak, gizakia hurbil dago ta!

 

bi jentilkume agertzen dira, peli aurkitu eta berarekin jolasten hasten dira, baina jentil nagusiak jolasa moztu eta agindua luzatzen die...

 

jentila: Mutila etxera bidaltzeko sasoia da, emaiozue berak ekarritakoa eta joan dadila. Aurrerantzean bera ez da inoiz gutaz gogoratuko, baina harrizko mendiak ikusten dituenean, jentilen artean bizi dela sentituko du.

 

jentilek txirrikizek ekarritako argia emango diote peliri, honek hau ikusterakoan...

 

peli: Hara! Kirruri kendu nion argia da ta! Etxera joateko premia larriagotu egin zait, argi hau bere jabeari itzuli behar diot eta!

jentila: Ongi motel, itzul zaitez botere magikoak erabiliz eta emaiozu berea dena. Betirarte lagun!

 

jentilek peli besarkatuz agurtzen ari diren bitartean apoen ahotsak entzuten dira denek alde egiten dute.