Aurkibidea
VII
apoak agertzen dira, peliren atzetik dabiltzala.
apo b: Non arraio sartu da mukitsu hori?
apo a: Esan nian ba, galduko genuela!
apo b: Harrapatu eta txiki-txiki egingo diagu. Ikusiko ditik horrek ikusi beharrekoak!
apo a: Bai! Eta txikitu ondoren jan egingo diagu. Atzamarretatik hasi, belarriak...
apo b: ...begiak...
peli: (Esandako guztia entzun ondoren egoerari aurre egitea erabakitzen du) Hemen nauzue!
apo b: (Euren intentzioak ezkutatuz) Hau txiripa! Hau ezustekoa! Hire bila genbiltzan, etxera joan behar duala gogoratu gaituk eta oraintxe bertan eramango haugu. Hator!
peli: Ba, orain ez diat zuen laguntza beharrik! Begira, honek eramango naik etxera eskatzen diodanean (Argia erakutsiz).
apo a: Zer da hori?
peli: Nire lagunari kendu nion argi miragarria. Eta itzuli egin behar zioat lehenbailehen!
apo b: Argi miragarria esku artean izan eta bere jabeari itzuli behar dioala?! Hi bai kokoloa, hi!
apo a: Doala pikutara hire lagun hori! Geratu hadi gurekin, geuk zainduko diagu argitxoa!
peli: Ez! Berea bada itzuli egin behar zioat! (Ikuslegoari) Ezta, lagunok?
ikuslegoa: Bai!!!
apo a: Ez holakorik egin mutiko. Hi bezalako mutikoak jan egin behar ditiagu Fantasiaz jabetzeko.
apo b: Isildu hadi! (Kokoteko batez anaiaren diskurtsoa ezkutatu nahian) Pentsa ondo zer egin behar duan! Gure Fantasia berrian denetarik izango duk...
apo a: (anaiaren tranpa berriari apaingarriak gehituz) ...motoak, txikleak, patata paketeak...
peli: Nik neure herrira itzuli baino ez diat egin behar! Ezta, lagunok? (Ikuslegoari)
ikuslegoa: Bai!!!
peli: Ea ba, argitxoa, desagertu itzazu piztia hauek eta eraman nazazu etxera!
Argia igurtzi eta bere efektu miragarriekin apoak harripetara desagertu egiten dira. peli zorabio batean murgiltzen da.