Amodioaren ziega
Xabier Mendiguren Elizegi
Amodioaren ziega
Xabier Mendiguren Elizegi
Artezblai, 2004
Amodioaren ziega
Xabier Mendiguren Elizegi
Artezblai, 2004
[aurkibidea]

Aurkibidea

Aurkibidea

 

Ilunpea. Ez da ezer ikusten, baina bai hotsak entzuten. Ahotsen berbaroa, eta ateen ireki-ixtea, zarata handian. Halako batean, ate bat zabaltzen da oholtzan, eta gorputz baten errainua sumatzen dugu ate zabalduaren ziskuan. Argiaren giltzari eragiten dio pertsona horrek, eta orduan ikusiko dugu jokalekua: gela soil bat da, paretak biluzik edo irudi gazbako batzuk bertan, izkina batean komuna sumatzen da, aulkiren bat edo beste bazterren batean, ohe bat gelaren erdian; ikusleen aldera jarria dago ohe hau, ez du ohebururik, eta sofa baten moduan ere erabili ahalko da, bertan esertzeko. Atean sumatu den gorputz hori emakume batena da. miren deituko dugu. Gaztea baina ez oso. Polita baina ez inor txunditzekoa. Dotore jantzia baina gehiegikeriarik gabe. Lotsati antzean sartu da miren gela horretan, eta atea itxi da berehala bere atzean. Sarraila-hotsa. Urduri dabil miren, ez daki nora jo, zer ukitu, non gelditu. Arrotza zaio ingurua. Jakin-minez bezala begiratzen die bazterrei, altzari urriei, behatz-mamiekin ukitzeko keinua ere egiten du, ukitzera iritsi gabe. Ohearen aurrean gelditzen da azkenean. Zutik. Eskuetan daraman poltsa estutzen du kolkoaren kontra, bi besoen artean. Gero makurtu egiten da, emeki-emeki, ohearen biguntasuna ziurtatu nahiko balu bezala, baina azkenik ukitzen duenean, mugimendu bortitz batez, oheko maindireak ateratzen ditu eta bazter batera zakar botatzen; mugimendu bakarra ez du aski izango seguru asko, baina zirt-zart egingo du, azkar eta erabakitsu. Ondoren, bere poltsatik aterako ditu maindire garbi eta berriak, eta ohea egiten hasiko da, arretaz, are maitasunez ere, behar beste denbora hartuz zeregin horretan. Amaitzen duenean ingurura begira hasten da beste behin, zer egin jakin gabe bezala, eta azkenean ohe ertzean eseriko da. Geldirik iraungo du tarte batean, aldika ateari begira, aldika inguruari. Halako batean zutitu, kendu dituen maindireen bazterrera joan, handik burkoa hartu eta aldatu egingo dio honi ere bere azala; burko berritua ohean jarri, maindire zaharrak bazterrerago bultzatu oinekin, eskuz ukitu gabe, ondoren ohera itzuli, eta eseri egingo da berriz, lehen bezalaxe. Eszena osoan hitzik ez; ekintzak oro geldiro; eragiten duen sentipena, baina, artegatasuna behar du, ezinegon moduko bat, ez inondik ere asperdura. Giro berezi hori lortzeko musika erabil liteke: ez noski melodiko eta goxoa, bai agian musika seriala, edo dodekafonikoa bestela. miren ohe ertzean eserita, beraz. Halako batean atea irekitzen da berriz, sarraila-hotsen ondotik. aitor ageri da: geldirik egongo da atea bere atzean itxi arte; bitarte horretan zutitu egin da miren. Atea itxi bezain laster bata bestearengana doaz miren eta aitor. Besarkatze estu batean lotzen dira. Hala iraungo dute pixka batean, muxu beroak eta besarkada estu baina geldiak tartekatuz. Halako batean, emeki-emeki, bereizi egingo dira apur bat, baina gerritik heldurik hala ere.

 

AITOR: Bidean ondo?

MIREN: Ondo, ondo.

AITOR: Luzea, ezta?

MIREN: Bueno, badakizu. (Isilunea) Eta zu?

AITOR: Ni? Ondo.

MIREN: Dena ondo?

AITOR: Bai, bai. Oso ondo.

 

Beste besarkada batean biltzen dira, isilik. Pixka bat bereiziko dira gero, baina aurpegian xeraka eta muxuka arituko dira.

 

AITOR: Eta lanean?

MIREN: Ondo, ondo.

AITOR: Bidaia asko saltzen?

MIREN: Beti bezala, badakizu.

AITOR: (Txantxa-doinuan) Jakingo ez dut ba! Cancun-etik Hawaira nabil ni, astero-astero.

MIREN: Txotxolo halakoa. (Xeraka)

AITOR: Trasladoa eskatu beharko diot zuzendariari, Kanarietara behinik...

MIREN: Ezta bromatan ere.

AITOR: Eta eskerrak Amerikako koloniak galdu zituztela, bestela...

MIREN: (Isilune txiki bat, ferekarako) Umorea behintzat ez dizute kendu.

AITOR: Hori ez. Saiatzen dira baina.

MIREN: Zer egin dizute ba?

AITOR: Ez, ezer ez.

MIREN: Esan! Zer?

AITOR: Ez, niri ezer ez. Hemengo gauzak.

MIREN: Inoiz ez didazu ezer esaten.

AITOR: Zer nahi duzu esatea ba?

MIREN: Gertatzen zaizkizun gauzak, egiten dizkizueten zerrikeriak...

AITOR: Hemen ez da ezer gertatzen.

MIREN: Eta zerrikeriak?

AITOR: Zerriek ba al dakite ba, besterik egiten?

MIREN: Baina...

AITOR: (Behatz bat ahoan jartzen diola) Xxxx! Alda dezagun gaia.

MIREN: (Irri erdi-behartu batez) Nahi duzun bezala.

 

Ohean eserarazten du aitorrek. Muxuka hasten zaio kopetan, begietan, masailetan, lepoan. mirenek atzerantz darama burua. aitorrek eskuak sartzen dizkio blusaren azpitik, gorputza laztantzeko.

 

AITOR: Zelako gogoa nuen horrela egoteko.

MIREN: Nik ere bai.

 

Puska batean ez dago hitzik; laztanen intentsitatea, berriz, goraka. Botoiak askatzen hasi.

 

AITOR: Zure usaina... aldatu egin duzu perfumea!

MIREN: Bai. Gustatzen zaizu?

AITOR: Bueno.

MIREN: Ez zaizu gustatzen.

AITOR: Zure azalaren gainean usain guztiak dira zoragarri. (Burua bularren artean sartzen diola)

MIREN: Zuria halakoa!

AITOR: Bai, nire andregai guztiei esaten diet gauza bera.

MIREN: Esan egia: gustatu zaizu?

AITOR: (Esku-lanak utzita) Bueno, egia esatea nahi baduzu, kasik lehengoa nahiago.

MIREN: Ba lehengoa jarriko dut hurrena...

AITOR: Ez, ez, jarri nahi duzuna.

MIREN: ...baina hau Dior-ena da.

AITOR: Oh la la! Chez Dior.

MIREN: Txotxoloa.

AITOR: Badakizu zer den? Nik uste aldaketa guztiek egiten didatela mina. Gauzak lehen ziren bezalaxe jarraitzea nahiko nuke.

MIREN: Baina hori... hori ezinezkoa da.

AITOR: Badakit.

MIREN: Gauzak eta pertsonak etengabe aldatzen dira.

AITOR: Badakit. Baina gu nola beti zulo honetan gauden, mundutik urruti... (Tristura aire batez)

MIREN: (Kontsolatu nahian) Zu ere munduan zaude.

AITOR: Baina zugandik urruti.

MIREN: (Besarkatzen duela) Hemen nago.

AITOR: Baina gero joan egingo zara.

MIREN: (Indartsuago estutzen du) Baina orain hemen nago, zurekin.

 

Laztan eta muxuen artean segitzen dute, sutsu. Ohe gainean jiraka. Arropa gehiago kenduko dute.

 

AITOR: (Une batez geldituta) Nahi duzu...?

MIREN: Zer?

AITOR: Ba... zera. (Atximur bat egiten dio toki ezkuturen batean)

MIREN: Ai!

 

Jolasean, kolpe bat ematen dio mirenek, eta aitorrek kilimak egingo dizkio. mirenek oihu txikiak egiten ditu, eta ohetik erdi erori, erdi jaisten da. mirenek, zutik, burkoa hartu eta aitor joko du, txantxetan.

 

AITOR: (Jolasean, itxurak eginez) Ai, ai, ai! Hel! Lagundu! Joka ari zaizkit, lagundu!

MIREN: (Ohera itzultzen dela) Txotxolo halakoa.

AITOR: (Goxo) Nahi duzu?

MIREN: Noski nahi dudala. Zertara uste duzu etorri naizela?

AITOR: Bai baina. Beti ez da gogoa izaten. Eta beraiek esandako orduan egin beharra ere...

MIREN: Ya. Hori ere bai.

 

Besarkaturik geratzen dira, baina geldirik.

 

AITOR: Lehen ez zenuen beti gogorik izaten.

MIREN: Lehen aukeratzea zegoelako.

AITOR: Eta orain ez.

MIREN: Orain... dagoena dago.

AITOR: (Txantxa giroa hartu nahian berriro) Aizu ba, ni ez naiz kexatzen, e. (Apur bat urruntzen du bere gorputza, mirenena begiesteko bezala) Ea nork daukan horrelako neska puska... Oso-osorik niretzat! (Gainera jauzi egin eta koska egiteko itxura)

MIREN: Eta zuk?

AITOR: Nik zer?

MIREN: Gogorik ba al duzun?

AITOR: (Txantxa giroan) Gizonezkoak, badakizu: emakumezko bat aurrean jarriz gero beti gertu.

MIREN: (Giro berean) Mihiarekin bai, baina gero...

AITOR: (Bat-batean burua makurtuz) Aurrekoagatik esaten duzu...

MIREN: (Goibelduta) Ez. Ez! Ez da hola, Aitor...

 

aitor bereizi egiten da; bere baitan bildua, zapuzturik-edo, isilik.

 

MIREN: Aitor, ez dut horregatik esan. Aitor!

AITOR: Ez, ez dio inporta.

MIREN: Benetan, Aitor. Pentsatu gabe esan dut. Ez nintzen gogoratzen ere...

AITOR: Ni bai.

MIREN: Horrek ez du axolarik.

AITOR: Ez noski.

MIREN: Benetan, Aitor. (Isilunea) Ez iezaiozu halako garrantzirik eman.

AITOR: Ez, nik ez diot garrantzirik eman nahi. Baina...

MIREN: Baina ematen diozu.

AITOR: Zuk ez ala?

MIREN: (Nazkaturik) Uff. Gizonezko guztiak igualak zarete.

AITOR: Guztiak? Zenbat ezagutu dituzu ba?

MIREN: (Haserre) Aitor! Ez zaitez umea izan.

AITOR: (Penatuta) Barkatu. Ez nuen esan behar.

MIREN: Ez, ez zenuen esan behar.

AITOR: Ez daukat eskubiderik. (Negarrez hasten da eta besarkatu egiten du miren) Barkatu. Ez daukat eskubiderik. Barkatu, ez nuen esan nahi.

MIREN: Baina esan duzu.

AITOR: (Negar artean segitzen du hizketan) Ni ez naiz jeloskorra, Miren, inoiz ez naiz izan. Baina hemen barruan...

MIREN: (Biguntzen hasita, laztanak egiten dizkio) Lasai, ez dio axola.

AITOR: Gainera, zuk zure bizitza daukazu. Nahi duzuna egin dezakezu, eta ez daukazu azalpenak ematen ibili beharrik. Ez niri, ez inori.

MIREN: (miren ere bihozberatu egin da eta bera ere negarrez hasi) Ez esan halakorik, Aitor. Nik maite zaitut. Zu bakarrik maite zaitut.

AITOR: Nik ere bai; nik ere bai.

 

Bien hitzak nahastu egiten dira, malko eta zotin artean ari direlako eta batera mintzatzen direlako. Negar-intzirietatik muxu sutsuetara igaroko dira, ia oharkabean, eta hortik plazerezko hasperenetara. Maitasunezko eszena luze bat dator orain: maitasun fisiko eta agerikoa. Hala ere, pet show bateko sexu-ikuskizun batekin ez nahasteko hainbat baliabide erabil litezke: argia apaldu egin Uteke, bikotea erdi itzalean uzteraino; maindirepean ere sar litezke. Bestalde, eszenan zehar ez da ia hitzik egingo, baina bai hasperen, intziri, oihu eta barreak; beharbada musikaren bat entzun liteke maitasun-ekintzak irauten duen bitartean. Luzera, dena dela, horrelako jarduera batek berez behar duen adinakoa izango da. Ordu laurdena bai behintzat. Amaitzean, bata bestearen ondoan etzanda, arnaska, maitasunaren osteko lasaitasun eta ongi sentitze horrekin.

 

AITOR: Aizu, ba orain bai, e...

MIREN: Bai, superman...

AITOR: Eske, aurrekoan...

MIREN: Ulertzen dizut.

AITOR: Nerbioak eta.

MIREN: Lasai.

AITOR: Ez dakit zer pasa zitzaidan.

MIREN: Ahaztu hori.

AITOR: Bale. Ahaztuta.

MIREN: Ahaztuta.

AITOR: (Kondoi erabilia jartzen du bere aurrean eta korapilo bat egiten dio; erdi eserita jartzen da ohean) Zuk ba al dakizu zenbat espermatozoide dauden hemen, gutxi gorabehera?

MIREN: Nik al dakit!

AITOR: Bota.

MIREN: Aizu, ni letratakoa naiz.

AITOR: Hau kultura orokorreko galdera da. Zenbat espermatozoide botatzen ditu gizonezko batek isurialdi batean?

MIREN: “Isurialdi batean”. Ze fina!

AITOR: Zientifikoa bakarrik. Zenbat?

MIREN: Mila?

AITOR: Ez! Gehiago!

MIREN: Hamar mila?

AITOR: Gehiago.

MIREN: Ehun mila?

AITOR: Milioiak! Milioika espermatozoide lasterka, latex puska batean amaitzeko.

MIREN: Gaixoak.

AITOR: Gogoratzen al duzu Woody Allen-en film bat? “Sexuaz jakin nahi eta galdetzera ausartzen ez zinen guztia”.

MIREN: Aspaldian ez naiz zinemara joaten.

AITOR: A, ba ni astean hiru-lau aldiz.

MIREN: Txotxolo halakoa!

AITOR: Ba, pelikula hartako esketx batean, espermatozoide bat da Woody Allen, eta beste kide batekin hizketan ari da, zer topatuko duten, obulura zein iritsiko den. Pentsa nolako emozioa: milioika zapaburu, denak ere helburu bakar batekin...

MIREN: Eta bakar batek lortzeko.

AITOR: Edo inork ez. (Kondoia erakusten du) Tapoia jartzen bazaie...

MIREN: Hori da hori, energia alferrik gastatzea.

AITOR: Horregatik debekatuko dute apaizek kanpaia jotzea.

MIREN: Eta antisorgailuak.

AITOR: (Kondoia airean botatzen duela) Espermatozoide gaixoak.

MIREN: Etzazu hori horrela bota.

AITOR: Lasai, jasoko dugu alde egin aurretik.

MIREN: Bai baina, lurrera botatzea ere...

AITOR: Lurrera edo komunetik behera, ze alde dago ba?

 

Isiltasun une bat.

 

MIREN: Ez duzu ba...?

AITOR: Zer?

MIREN: Ez. Zera. Nola zera horrekin hasi zaren, ba...

AITOR: Zeraren zerarekin zeratutako zera hori.

MIREN: Ez hasi txorakerietan, e!

AITOR: Ez noski, hori zereko zerari zeratuko diogu.

MIREN: Mesedez.

AITOR: Nik zeure estiloan argitu dut.

MIREN: Ni seriotan ari nintzen.

AITOR: Ba, garbixeago azaltzen badidazu...

MIREN: Zera... Ba, hori.

AITOR: Zer?

MIREN: Ume bat izatearena. (Isilunea) Ea horretan pentsatzen ari zinen.

AITOR: (Txantxa giroa utzita) Ba... ez. Ez nintzen horretan pentsatzen ari.

MIREN: A. Iruditu egin zait.

AITOR: Zergatik?

MIREN: Ez dakit.

AITOR: Zu horretaz pentsatzen ari zinen?

MIREN: Ez. Bueno, batzuetan.

AITOR: Eta zer pentsatzen duzu?

MIREN: (Isilune baten ondoren) Ba... nik... Ez dakit. (Beste isilune bat) Eta zuk?

AITOR: Nik?

MIREN: Bai, zuk. Inoiz ez duzu horretaz pentsatu?

AITOR: Pentsatu, pentsatu... Bai, inoiz edo behin... (Isilunetxoa) Baina beti iruditu zait hori dela hemen nagoen bitartean egin ezingo ditudan gauzetako bat. Gero akaso.

MIREN: Baina nik gero ezingo dut.

AITOR: Igual lehenago aterako naute.

MIREN: (Keinu etsitu batekin) Bai, igual.

AITOR: Bueno, ez.

MIREN: (Isilunea) Eta hortaz... (Isilunea) Egin genezake, biok nahi baldin badugu.

AITOR: Zuk nahi duzu?

MIREN: Eta zuk?

AITOR: Nik... (Isilune txikia) Niri ilusioa egingo lidake. Handia. Baina gero zuretzat izango litzateke karga guztia. Eta umearentzat berriz...

MIREN: Ya.

AITOR: Aita beti hor urrutian edukitzea...

MIREN: Beste batzuek egiten dute.

AITOR: Bai. Baina...

MIREN: Ya.

AITOR: (Altxatzen dela) Zigarro bat nahi?

MIREN: Zuk ez duzu erretzen-eta.

AITOR: (Biluzik gelan zehar; sartzean ekarri duen poltsa bat arakatzen) Normalean ez baina... holako egun batean...

MIREN: (Umoretsu) Zer ospatzen dugu ba?

AITOR: Hemen gaudela, biok batera. Gutxi al da hori? (Zigarro paketearekin ohera dator berriz)

MIREN: Ez, ez. Ez da gutxi.

AITOR: Tori. (Zigarro bat eskainiz)

MIREN: Ez, ez dut nahi.

AITOR: Zuretzat hartu ditut ekonomatoan. Camel.

MIREN: Ez, utzi egin behar dut.

AITOR: (Txantxetan; kilimak egingo dizkio gero) Umea zaintzeko ala?

MIREN: Utzi, utzi. Ai-ai-ai-ai...

 

Zalaparta horretan miren erori egiten da. Berriz altxatu eta aitor jotzen saiatzen da, erdi jolasean. Kexu eta barre artean arituko dira, azkenean besarkatuta amaitzen duten arte, bata besteari gozo begira.

 

AITOR: Serio ari al zinen lehen?

MIREN: Noiz lehen?

AITOR: Umearen kontu horretan.

MIREN: Ez dakit. (Isilunea) Zer ba?

AITOR: Pentsatzen ari nintzen.

MIREN: Eta? Zer pentsatu duzu?

AITOR: Ba... Badituela bere alde onak.

MIREN: Eta txarrak.

AITOR: Eta txarrak. Hori ere egia da. Zerrenda bat egin beharko genuke: batetik alde onak, bestetik alde txarrak.

MIREN: Bueno, hasi.

AITOR: Ba, hasteko... (Barrezka, eta gainean jartzen zaiola) Kondoirik gabe egitea.

MIREN: Orain?

AITOR: Ez, horren azkar... ez naiz Superman.

MIREN: (Gaia aldatuz) Zigarro bat pasako didazu?

AITOR: Orain nahi duzu?

MIREN: Bai, orain bai.

AITOR: Eta umea? Ez omen da ona...

MIREN: Oraingoz itxaron dezala.

AITOR: Bale, itxaron dezala.

 

mirenek zigarroa pizten du eta erretzen hasten da, sabaiari begira, kontzentratuta bezala. aitor, mireni begira.

 

MIREN: Zuk ez zenuen erre behar?

AITOR: Ez... Erretzaile guztiak uzteko amorratzen... Txorakeria izango litzateke ni orain hastea, ezta?

MIREN: Bai, arrazoi duzu.

AITOR: Baina gustatu egiten zait ikustea.

MIREN: Ikustea zer?

AITOR: Nola erretzen duzun. Eskuaren postura zigarroari heltzen diozunean, ezpainak nola jartzen dituzun kea botatzeko...

MIREN: (Barrez) Ze gauza arraroetan fijatzen zaren.

AITOR: Askotan egoten naiz zure keinuetan pentsatzen, eta gogoratzen. Eztul egiten duzunean jartzen duzun aurpegia, hotz handia egiten duenean sudurra nola gorritzen zaizun...

MIREN: (Ironiaz) Gauza ederrekin gogoratzen zara...

AITOR: (Malenkonia doinuaz) Oroitzapenetan dena da ederra.

MIREN: (Besarkatzen duela) Ez pentsatu horrenbeste.

AITOR: Besterik zer egin dezaket ba nik hemen?

MIREN: (Zigarroaren errauts-punta luzea non bota ez dakiela) Non utzi duzu hautsontzia?

AITOR: Hor nonbait izango da.

MIREN: Ez duzu ekarri?

AITOR: Bota lurrera, garbituko du baten batek.

MIREN: Bai, kondoia bezala. (Altxatzera doala)

AITOR: Utzi. Banoa ni.

 

aitor altxatzen da, hautsontzi bat topatzen du, eta ohe ondora dator. Erretilu bat bezala eskaintzen dio mireni, hitzik egin gabe. mirenek errautsa botako du, aurrena, eta zigarrokina bertan itzaliko du, berehala, oraindik zigarro erdia geratzen den arren.

 

AITOR: Ez duzu amaitu behar?

MIREN: Ez. Zigarro erdia, arrisku erdia.

AITOR: Ez da filosofia txarra.

Isilunea. aitor gainean jartzen zaio, txeratsu.

AITOR: Nahi duzu beste zer edo zer? Txokolatea ekarri dut. Eta pastak. Ez dira gozotegikoak bezalakoak baina...

MIREN: Ez, ez. Eskerrik asko. Kendu, garbitzera noa.

AITOR: (Baztertzen dela) Bai, madame. Berorrek nahi duen bezala, madame. Kontuz erori gabe, madame.

 

Bitarte horretan, miren jaiki da eta maindire batean bildu du gorputz biluzia. Abiatu bezain laster, ordea, aitorrek, txantxazko erreberentzia horiek egiten dizkion bitartean, mutur batetik helduko dio izara horri, eta mireni erori egingo zaio bide erdian.

 

MIREN: (Maindirean biltzen dela berriz ere; aitor jotzeko keinua egiten duela, jolasean betiere) Txotxolo halakoa.

AITOR: (Maindire muturretik helduz jarraitzen du, joaten ez uzteko; txantxetan segitu nahi du) Ni txoratzen nauena da pelikuletako keinu hori: ohetik atera eta maindire batean biltzea. (Berak ere, azpiko maindirearekin beste horrenbeste egiten du, eta emakume-pauso barregarri batzuk ematen gelan barrena) Nork uste duzue begiratzen dizuela?

MIREN: (Isilik une batez, lau kantoietara begira) Ziur al zaude, non edo non ez dagoela kameraren bat?

AITOR: Debekatuta daukate.

MIREN: Hori ziurtasuna! (Parodiatuz) “Debekatuta daukate”. Ministroaren ordezkaria ematen duzu.

AITOR: Bueno, ez litzateke ziria sartzen diguten lehen aldia izango, baina ez dut uste. Eta gainera, begiratu nahi badute begiratu dezatela. (mireni heltzen dio, eta maindirea askarazita balizko kamera ezkutuei erakusten die eta haiei mintzatzen) Hau da nire neska! Gustatzen? E, gustatzen zaizue? Ba ez da zuentzako...

MIREN: (Bitartean protestaka) Utzi... Uzteko... Ez izan txotxoloa... Utzi!

AITOR: (Neskaren gorputza helduz eta erakutsiz) ...hau nirea da, nirea!

MIREN: (Azkenik askatzen da; maindireaz estaltzen da berriz; serio) Ni ez naiz zurea.

AITOR: Barka. Txantxa bat zen.

MIREN: Ni ez naiz zurea, ez inorena.

AITOR: Barkatu, ez nuen... Barka.

 

Hitzik esan gabe, komunera jotzen du mirenek; ez dugu ikusten, baina bai ur hotsa entzuten, garbitzen ariko balitz bezala.

 

AITOR: Nik ez nuen... Nik ez...

 

Bakarkako marmar antzeko batean geratzen da, eserita, geldi, begiak pixkanaka malkoz betetzen zaizkiola, eta horrela iraungo du puska batean.

 

MIREN: (Off-ean, handik puska batera, komunean garbitzen-edo ari dela, doinu normalera itzulita, haserrerik gabe) Badakizu aurrekoan nor ikusi nuen? Gorka.

AITOR: (Listua irentsi eta ahots normala berreskuratzeko ahalegina eginez) Zer Gorka?

MIREN: (Off) Zuekin futbolean ibiltzen zen ba...? Mutil altu bat, betaurrekoduna.

AITOR: A, Gorka! Eta, zer moduz dabil?

MIREN: Eskumuinak eman zizkidan, zuretzat. Bera oso ondo. Salmenta-buru omen da orain Volkswageneko horretan. Eta bi ume txiki ditu. Ez dakizu ze politak.

 

aitor isilik geratzen da, bere baitan sartua eta pentsakor. mirenek ere ez du ezer esaten beste puska batean; uraren hotsa besterik ez da aditzen. Gero iturria itxi, eta isiltasuna. Handik pixka batera miren azaltzen da, maindirean bilduta berriz ere; bizkarra ematen dion aitorrengana dator, isilka, eta besarkada goxo bat ematen dio. Ilean muxu. aitor ez da kantitzen.

 

MIREN: Guk ere bizimodu normala izango dugu noizbait. (Isilunea) Ikusiko duzu.

AITOR: (Isilune baten ondotik) Noiz?

MIREN: Ateratzen zarenean.

AITOR: (Ironia mingotsez) Prexkoak gaude!

MIREN: Bueno... Ez pentsatu horretan orain.

AITOR: Ez, hobe. (Besarkatzen dira)

MIREN: (Handik pixka batera, besarkadatik askatuta) Jantzi egingo naiz.

AITOR: Jantzi?

MIREN: Ezin egongo naiz hola egun osoan.

AITOR: Ez zaude batere gaizki. Erromatar bat ematen duzu, zure tunikarekin.

MIREN: Benetan?

 

Maindirea kendu eta barruko arropa janzten hasten da miren.

 

AITOR: Etorri. (miren bereganatzen du, besarkatzen)

MIREN: Ai, Aitor, utzi.

AITOR: (Minduta) Bueno, bueno, nahi ez baduzu...

MIREN: Zer nahi ez badut?

AITOR: Ez, ezer ez.

MIREN: Hola jarri behar al duzu orain?

AITOR: Nola jarri naiz ba?

MIREN: Hola...

 

mirenek aitor imitatzen du keinu barregarri batean, eta biak hasiko dira barrezka.

 

AITOR: Barkatu.

MIREN: Ez dio inporta.

AITOR: Ume bat bezala portatu naiz.

MIREN: Gizon guztiak zarete ume samarrak.

AITOR: Ni ez naiz gizon guztiak.

MIREN: Bueno, ez. Zu ez zara gizon guztiak. Baina orain janztera noa.

 

mirenek janzten segitzen du. aitor bitartean begira geratzen zaio.

 

AITOR: Hola geldituko nintzateke betiko.

MIREN: Nola hola?

AITOR: Nola janzten zaren begira.

 

Momentu batez isilik eta geldirik, irribarrez geratuko da miren. Gero, janzten segi.

 

AITOR: Pelikula bat balitz, behin eta berriz ikusiko nuke.

MIREN: Ez duzu nahiko ba berriz eranztea?

AITOR: Ez, ez... Gainera, (Erlojuari begira) denbora ere...

MIREN: (Erlojuari begira bera ere) Egia da.

AITOR: Ze azkar pasatzen den denbora.

MIREN: Bai.

AITOR: Eta ze luze egiten den, hurrengo bisita arte.

MIREN: (aitorren ondoan esertzen da eta goxo heltzen dizkio eskuak) Oraindik gelditzen da denbora pixka bat.

AITOR: (Burua alaitu nahiz) Eta aprobetxatu egin behar da. (Altxatzen da, biluzik, eta poltsatik gauza batzuk atera) Galletak eta txokolatea erosi ditut. Hemengo ekonomatokoak ez dira oso finak baina... (Eskaintzen dio)

MIREN: Ez daukat gose handirik.

AITOR: Probatu gutxienez... Bueltarako indarrak hartzeko.

MIREN: Bale.

AITOR: Nik ere beharko dut zeozer. (Jaten du) Halako bidaia luzerako...

 

mirenek irribarre egiten du, hitzik ez.

 

AITOR: Eta? Gustatu zaizkizu, etxeko espezialitateak?

MIREN: Pse. (Erdipurdiko keinu bat egiten du)

AITOR: Ba, gozotegi berri batean probatuko dut hurrena.

MIREN: Ez zara nekatzen txorakeriak esaten, e!

AITOR: Baten batek esan behar txorakeriak, zuk ez duzu hitzik esaten eta.

MIREN: (Sentituta) Barkatu. Ez naiz konturatu...

AITOR: Ez, barkatu zuk. Zakarkeriaren bat esaten dizut beti. Nik...

MIREN: Ez, ez. Neure gauzetan pentsatzen nengoen eta...

AITOR: Zure gauzetan...

MIREN: Bai, burua joango zitzaidan, nahi gabe.

AITOR: Zure gauzetan egon nahi nuke nik ere.

MIREN: Bazaude!

AITOR: Ez, ez nago.

MIREN: Bazaude!

AITOR: Ez nago, eta zuk ere badakizu hori.

MIREN: Nola ez zaudela? Ez al nago orain hemen?

AITOR: Noski, obligazio bat sentitzen duzulako.

MIREN: Obligazio bat sentitzen dudalako? Horregatik iruditzen zaizu etortzen naizela? Ez dagoela beste ezer?

AITOR: Gauza gehiago ere izango dira noski: kariņoa, solidaritatea, niri lagundu nahia...

MIREN: Eta hori dena gutxi iruditzen al zaizu?

AITOR: Ez, ez da hori. Barkatu. Gaizki azaldu dizut. Esan nahi nizuna da, ni zuretzat pisu bat naizela.

MIREN: Nola pisu bat?

AITOR: Bai, iraganari lotutako pisu bat, zuk nola-hala eraman beharrekoa, baina zure bizitzak aurrera egiten du, aurrera egin behar du, eta hor ez nago ni.

MIREN: Bazaude.

AITOR: Fardel baten moduan.

MIREN: Ez daukazu hori esateko eskubiderik.

AITOR: Igual ez daukat zuretzako zama bat izateko eskubiderik.

MIREN: Ez esan halakorik. (Negarrez hasten da; besarkatzen du) Ez esan halakorik, faborez, nik maite zaitut, ez esan halakorik.

AITOR: (Aldi berean hizketan; bera ere hunkituta) Ez... ez... nik ere bai...

 

Isilik gelditzen dira puska batean, besarkatuta eta geldirik.

 

AITOR: (Handik puska batera, bere onera etorrita) Ez al gara barregarri samarrak...? (Erantzunik ez) Hilean behin izango elkarrekin egoteko aukera, eta borrokan pasatzen dugu denbora gehiena.

MIREN: Bai...

AITOR: Ez gara oso bikote normala.

MIREN: Bikote normal askok ere haserre pasatzen dute denbora gehiena.

AITOR: Baina ez dena.

MIREN: Guk ere ez dugu haserre ematen denbora guztia.

AITOR: Bai, hori ere egia da.

 

Isilunea.

 

MIREN: (Askatzen dela) Aurki iritsiko da ordua.

AITOR: Ze azkar pasatzen den denbora.

MIREN: (Irribarrez) Beti esaten duzu gauza bera.

AITOR: Beti izaten dut sentipen bera.

MIREN: Jaso al zenuen nire azkeneko gutuna?

AITOR: Zein? Piszinako kontuak kontatzen zenituena?

MIREN: Ez, hurrengoa, mendiko argazki batzuk bidaltzen nizkizuna.

AITOR: Ez, oraindik ez.

MIREN: Harritzekoa!

AITOR: Iritsiko da.

MIREN: Bai noski. Bulegoren batean gogoak emandakoan.

AITOR: Ez emegatu.

MIREN: Emegatuko ez naiz ba.

AITOR: Zure mendiko argazki horiek gustatuko zitzaizkien.

 

Atean jotzen dute kox-kox.

 

GIZON-AHOTS BAT: (Off) Cinco minutos.

MIREN: Hara.

AITOR: Bai.

MIREN: Bost minutu.

AITOR: Azken zigarroa erretzeko lain.

 

mirenek zigarro bat ateratzeko keinua egiten du, baina azkenean bertan uzten du.

 

AITOR: Hori da borondatea, hori.

MIREN: Ea irauten didan.

AITOR: Ta ia ez dizut ezer galdetu.

MIREN: Zer galdetu behar zenuen ba?

AITOR: Hainbeste gauza... Zer moduz ama?

MIREN: Zurea ala nirea?

AITOR: Zurea. Nirea hemen izan nuen, orain dela bi aste.

MIREN: Hor dabil, marmeladak eta tomateak-eta kontserban sartzen.

AITOR: Esaiozu bidaltzeko poto batzuk.

MIREN: Esango diot. Utziko al dituzte sartzen?

AITOR: Ez baina, funtzionarioak gizentzeko.

MIREN: Txotxolo halakoa. Sinistu egin dizut.

AITOR: Eta zure ahizpa?

MIREN: Uuu! Txoratuta dabil hori. Pisua janzten-eta. Mutilarekin bizitzen jartzeko ilusioarekin.

AITOR: Emaizkiozu goraintziak.

MIREN: Esango diot.

AITOR: Eta amari ere bai.

MIREN: Baita ere.

 

Isilune bat.

 

MIREN: Denbora gutxi geratzen da ja.

AITOR: Bai.

MIREN: Maindireak jasoko ditut.

 

Maindireak jasotzen hasten dira, bien artean nola-hala tolestu, eta bitartean hizketan segi.

 

AITOR: Ez zenituen ekarri behar. Maindireak. Handik.

MIREN: Eske, hemengoek, ez dakit zer ematen didaten.

AITOR: Ekarriko ditut nik garbiak.

MIREN: Beharbada bai.

AITOR: Hurrengorako hortaz.

MIREN: (Maindireekin amaitu eta gero) Ez al duzu jantzi behar?

AITOR: Jantziko naiz. Gainera, gero katxeatu egingo naute...

MIREN: Lehen ez dizut galdetu: zer moduz hemen, zure lagunak?

AITOR: Ahal den moduan. Bakoitza bere zerekin: batek gimnasia, besteak liburuak...

MIREN: Eta zu?

AITOR: Ni, badakizu, pixka bat denetik. Perretxiko bila joaten naiz asko aspaldi honetan.

 

mirenek irri txiki etsitu bat egiten du; ez du erantzuten.

 

AITOR: Txiste-kontatzaile moduan ere ez daukat arrakasta handirik.

MIREN: Egoerak ez du askorik laguntzen.

AITOR: Ez, asko ez. (Isilunea) Konturatu al zara?

MIREN: Zertaz?

AITOR: Politikaz ez dugu hitzik ere egin ordu osoan.

MIREN: Zeresana ere eduki egin behar.

AITOR: Aurrera omen goaz, ezta?

MIREN: Egundoko abiadan gainera.

AITOR: Ui, ui, ui, Miren... Zu ere ironia erabiltzen. Hau ez da normala.

MIREN: Hori ere erantsi egingo da igual.

 

Atea jotzen dute berriro.

 

GIZON-AHOTS BAT: (Off) Se ha acabado la visita.

 

Isilik gelditzen dira, elkarri begira, eskutik helduta. Gero besarkada isil bat. Ondoren miren altxatu, aitor janzten hasi, eta aldi berean hizketan. Eta azken besarkadak.

 

MIREN: Zaindu, Aitor.

AITOR: Zu ere bai.

MIREN: Eutsi.

AITOR: Bidaia ona egin.

MIREN: Eta kirola egin.

AITOR: Gizentzen ari naiz ala?

MIREN: Txotxoloa.

AITOR: Ni beti.

MIREN: Agur, Aitor.

AITOR: Maite zaitut.

MIREN: Nik ere bai.

 

Azken muxua. Atearen ondoan, miren irtetera doala.

 

AITOR: Etorri hurrengoan ere.

MIREN: Bai, sinfalta. (Ateratzen da)

AITOR: (Ahotsa altxatuz; bera bakarrik) Eta ez ekarri maindirerik. Eta ez ahaztu... (Ate-hotsak)

 

Plastikozko poltsa hartzen du eskuan, jantzi gabe utzi duen arropa ere bai. Begiratu bat ematen dio gela osoari. Argia itzaliz doa. Amaitu da.

 

(2003)