Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

2

 

Arratsa. Kaleko zarata: autoak, klaxonak, anbulantziak... riga eta rigo eszenatokiaren ezkerraldean daude eserita, elektragailuez beteta dagoen erakusleiho baten aurrean. Begirada azkarrak hitzekin nahasten dira.

riga emakume lodia da. Haurdun dago. Hamaika arropa kapa daramatza soinean, tipulen antzera. Karrotxo bat du alboan eta limosna eskatzeko txapela bat lurrean. Tarteka Don Simon tetrabrik kaxatik edaten du.

rigok zapata-garbitzaile baten tresna guztiak ditu lurrean: zurezko kutxa, betunak, zapia, eskuila... Egur zati baten gainean betun kolore desberdinak nahasten dabil. Elkarri begiratzen diote.

 

RIGA: Zertan zabiltza?

RIGO: Betun kolore berri baten bila.

RIGA: Kolore berri bat? Eta zertarako behar duzu kolore berri bat? Orain, zure adinarekin.

RIGO: Zertarako? Galdetzen al dizut nik zertarako zoazen beti karrotxo ziztrin horrekin? Zure txakurra bailitzan! Berritu ala hil, badakizu.

RIGA: (Eskularruetan dituen zuloak zenbatzen) Bat, bi, lau, zortzi! Zortzi zulo berrikuntzarako!

RIGO: (Berera) Gero eta zapata mota gehiago dago merkatuan, kolore berriekin. Eta, esan, zer egingo dut nik bezero bat zapata laranjekin etortzen bazait, esan, zer egingo dut? Nola garbituko dizkiot ez badut betun laranjarik?

RIGA: (Harrituta) Oraindik ez duzu betun laranjarik? Benetan? (Mespretxuz) Zapata-garbitzaile bat betun laranjarik gabe, alajaina!

RIGO: (Inozo) Ez nekien laranja hain garrantzitsua zenik...

RIGA: Modako kolorea da, Rigo! Esnatu! 21. mendean gaude, 1953 egun dira 21. mendean sartu ginela, eta oraindik ez dakizu laranja modako dela? Eraginkortasuna, Rigo, hori da gaur eramaten dena, e-ra-gin-ko-rra izan behar duzu, merkatuan lehiatzeko, eta ez zoaz inora kolore laranjarik gabe! Oso gaizki ikusten zaitut, oso gaizki, eta ez da ardoa.

 

rigak ardoa edaten du marmarka. rigok harriduraz begiratzen du egur zatian lortu duen kolorea. Pozez gainezka zutitu, eta rigari erakusten dio.

 

RIGO: (Arranditsu) Eureka! Lortu dut, kolore laranja! Orain bezero gehiago poltsikora! (Ameslari, eskua rigaren tripan jartzen duela) Eta diru gehiago irabaziko dut, eta opari asko erosiko dizkiot zure semetxoari, eta hazten denean eskola hoberenera joango da, eta gizon handia izango da... (Hitza aurkitu nahian) Eraginkorra!

RIGA: (Lehor, moztuz) Hori ez da kolore laranja, marroia baizik.

RIGO: (Dezepzionaturik) Marroia?

RIGA: Marroi argia, baina marroia da, ez laranja Sentitzen dut.

RIGO: (Berriro eseri eta lanean hasten da) Gaur ez noa ohera laranja lortu gabe.

RIGA: Zure kartoira esan nahiko duzu. (Tartea) Baikor zaude gaur, baikorregia esango nuke.

 

rigak txapela kentzen dio rigori. Burusoila da.

 

RIGA: Jakina, buru soiletik denak egiten dizu ihes, ideiak, dena, txissss, eta haizeak eramaten ditu... (Tartea, ameslari) Haizeak eramango banindu, urrun, itsasora, behartsurik ez dagoen lurralde batera: espaloirik ez, karro gehiagorik ez, ez tetrabrik-arik, ez plastikozko janaririk. (Tartea) Eta zergatik ez dit gaur inork sosik ematen?

 

rigo txapela berreskuratu nahian dabil. Zarata bat entzuten da, sailka ezina; jarraian, anbulantzia bat.

 

RIGO: Ixo, zer izan da hori?

RIGA: Zure buru soilaren sirenitak.

RIGO: (Taularen eskuinaldea erakutsiz) Ez, beste hori. Garrasi bat dirudi.

 

rigak sorbaldak uzkurtzen ditu, ganora gabe.

 

RIGO: (Eskuinaldea erakutsiz) Beltz hori ez al da atzoko disko-saltzailea?

RIGA: (Eskuinaldera begiratuz) Nik ez dut inor ikusten.

RIGO: Bai emakume, atzo gure aurrean saltzen jarri zena, Senegalekoa.

RIGA: Kaian uretara bota zutena?

RIGO: Ez, hori Ugandakoa zen eta hil egin da; atzokoa emakume, azal ilun-ilunekoa.

RIGA: Ah, azal ilun-ilunekoa! Ez, ez naiz gogoratzen.

RIGO: (Eskuinerantz doa, izututa bezala) Egon! Bere ondoan polizia bat dago, kalez jantzita, identifikatzeko eskatzen dio, eta, eta auto batean darama! (Ukabilak tinkotzen ditu) Riga, zerbait egin behar dugu!

RIGA: (Ardoa edaten du) Ezin dugu egin ezer, ezer.

RIGO: Baina, nola ezin dugula egin ezer, ezer?

RIGA: Ahaztu al zaizu?

 

Isiltasuna, rigok ez du txintik ere esaten.

 

RIGA: (Tinko) Badakizu: zapata-garbitzaile baimena lortzen ez baduzu, txiton. Nik ez zaitut berriro kaiolatik aterako.

RIGO: (Haserre) Goizero, zazpietatik ilundu arte, urteko egun guztietan, nire 65 urteko egun guztietan, espaloi honetan, izkina berean. Ehunka, milaka, denak, zapata guztiak garbitu ditut, ikusi ditudan zapata guztiak, eta orain garbitzaile baimena eskatzen didate!

 

Tartea. Biak pentsakor geratzen dira. rigak ardoa edaten du. rigo lanean hastera doa, baina bat-batean zutitu eta bere egurrezko hutxan zerbaiten bila dabil. Zapata baten forma duen ordularia ateratzen du.

 

RIGA: Eta orain, zertan zabiltza?

RIGO: Zortziak puntuan, derbyaren ordua! (Saltoka) Gure derby handia!

 

Jaramonik egin gabe, rigok auskultatzeko tresna bat ateratzen du kutxatik, belarrian jarri eta atzean duen erakusleihoan entzuten hasten da, pega-pega eginda.

 

RIGA: (Dezepzionaturik) Eta... Zure kolore laranja?

 

riga zutitu, eta karrotxoan sartzen ditu bere gauzak. Zailtasunez mugitzen da haurdunaldiagatik.

 

RIGO: Eta badoa aurrelaria, atzelaria saihestu, aurrera egiten du kornerretik... Eta... Eta... Gol!!!! (Entzuteari uzten dio) Riga, nora zoaz? Egon Riga, nora zoaz? Gola sartu dutela!

 

Tetrabrik-a amaitu eta lurrera botatzen du rigak. rigok auskultatzeko tresnan itsatsita dauka belarri bat. riga badoa.

 

RIGA: Banoa, uharteak amestera!

RIGO: Partiduaren hoberenean? Eta ez duzu jakin nahi derby handia nola amaituko den? (Aztoratuta entzuten) Egon! zer da hau? Partidua eten dute, zer? (Haserre) E, e, e, jarri berriro nire partidua!!

 

rigok ukabilkadak ematen ditu erakusleihoan. Jarraian bi belarrietan jartzen du tresna. riga badoa.

 

RIGO: (Entzuten) Zer???? Ez da posible, baina nola, nola... (Arduratuta) Riga egon, ez joan! Orain ezin zara joan... (Aztoratuta entzuten) Ezinezkoa da!

RIGA: (Tutik ulertu gabe) Ni gerarazteko zure trikimailu horietako bat bada, banoa! Eta betiko!

RIGO: (Zurbil jiratzen da) Ai ama, eta munduan ez dauden izpiritu santu guztiak, eta orain arte lagundu ez gaituzten jainko guztiak, eta nire aita, anaia, arreba! Zer egingo dugu orain?

 

riga geratu egiten da.

 

RIGA: Ardo gehiegi edan duzu.

RIGO: Akabo, bukatu da, se acabó, c’est fini, the end, die Endung, dena, amaiera. Finito, la fine! (Tartea) Norbaitek botoia sakatu du.

RIGA: Botoia?

RIGO: (Oso serio) Botoia, gorria, nuklearra! Eta Dena bukatuko da, bihar goizean, mundua desagertuko da! The end, amaiera, die Endung, finito, la fine!

RIGA: Txorakeriak! Ni banoa!

RIGO: (Telebistan diotena ematen) Bihar goizeko zortzietan... Oraindik ez du inork Apokalipsiaren erantzukizuna bere gain hartu... (rigari) Hori esaten ari dira!

 

rigak auskultatzeko tresna indarrez kentzen dio rigori eta belarrietan jartzen du. Aurpegia aldatzen zaio.

 

RIGA: (Entzuten) Egia da... Gau bakar bat... Bihar dena desagertuko da... (rigori, beldurrez) Eta gu... munduarekin batera?

RIGO: Ba al duzu lehengusu aberatsik?

 

Isiltasuna.

 

RIGO: Eta osaba-izeba garrantzitsurik?

 

Isiltasuna.

 

RIGO: Ezagutzen al duzu magnaterik?

 

Isiltasuna.

 

RIGO: Eta Aita Santua? Edo Bush presidentea?

 

Isiltasuna.

 

RIGO: Eta ez al duzu babestoki nuklearrik?

 

rigak sorbaldak uzkurtzen ditu, ez daki zer esan.

 

RIGO: Orduan akabo, the end, c’est fini, amaiera, finito, die Endung, la fine! Geu ere munduarekin batera desagertuko gara.

 

rigak auskultatzeko tresna uzten du, etsita. Elkar besarkatzen dute, mekanikoki.

 

RIGA: Gaur ez al da inozenteen eguna?

 

Isiltasuna.

 

RIGA: Eta... Ez al da umoreko programa ziztrin horietakoa?

 

Isiltasuna.

 

RIGA: Eta... Aurkezlea gezurretan ari bada?

 

Isiltasuna.

 

RIGA: Eta... Estatu Batuek asmatu badute?

 

Isiltasuna.

 

RIGA: Orduan geureak egin du?

 

Tarte luzea. rigo eta riga eseri egiten dira, hasieran bezala. Ez dakite norantz begiratu.

 

RIGA: (Zerurantz begira) Azkeneko arrats gorria izan daiteke.

 

rigo berriro zutitzen da.

 

RIGO: Bai zera! Ni hemen geratuko naizela uste baduzu, horrela, bonbak nola erortzen diren zain, jai duzu! Zerbait egin behar dugu Riga, gure azken desira bete, zugatik, niregatik... Eta hor daramazun semearengatik!

 

Tarte luzea. rigok riga begiratzen du, honek gorantz begira jarraitzen du.

 

RIGA: Oraindik ez dute bonbarik bota.

RIGO: (Kopetilun) Ez du mundu hau ezagutuko, Riga, eta izenik gabe joango da, eta ezin diogu hori egin, izen bat jarri behar diogu, orain, oraintxe bertan, segundo gehiago galdu gabe!

 

riga eszenatokiaren alde bietara begiratzen hasten da, urduri, eta eskuinalderantz erakusten du.

 

RIGA: Zapata laranjadun emakume bat! Ikusten? Nik zerbait esaten dudanean egia delako da, eta modako dela esaten badizut, laranja modako kolorea delako da. Niregatik ez balitz. Zapata zikin bat ikusi eta zass, hara doa nire begirada!

RIGO: (Oso serio) Eta izena asmatu ondoren, hemen bertan bataiatuko dugu.

RIGA: (Eszenatokiaren bestalderantz) Hara, beste zapata laranja bat, eta zikin-zikina darama! Lotsagabe zikina! Nola joan daiteke norbait modako laranjarekin kaletik, eta kakaz beteta, ale, ezer gertatuko ez balitz bezala, eta niri limosnarik utzi gabe, gainera. Ale, bonba bat hartu eta bota, ezer gertatuko ez balitz bezala! Tori bonba, tori zapata zikina!

RIGO: Riga, ezin du izenik gabe joan... Neuk asmatuko dut.

 

rigak oinezkoen zapatak begiratzen jarraitzen du. margolaria ezkerraldetik sartzen da. Margo poteak daramatza. Eskuinaldetik emakume gaztea dator. Estropezu egitera doaz. Alde batera eta bestera egin ondoren, elkar saihestu, eta badoaz.

 

RIGA: Eta beste bat! Alproja izan behar da gero: 3 mila duroko zapatak, gero zikinak eramateko! (margolaria erakusten du) Berak izango du laranja, ziur, zergatik ez diozu eskatzen?

RIGO: Eta izen bat asmatu ondoren, zer egingo dugu? Riga esan, zer egingo dugu. Zuk, nik, gure espaloi zatia. Telebistan, etxean geratzeko eskatu dute.

RIGA: Eta zu, zergatik zara hain baikorra gaur? Ez duzu etxerik, ez oherik, ezta laranja kolorerik, mundu guztiak zapata laranjak jantzi ditu gaur, eta zu, zuk telebistan diotenari bakarrik egiten diozu kasu!

 

rigak ardoa edan, eta bestaldera begiratzen du. rigo zalantzati mugitzen da.

 

RIGO: Eta orduan?

RIGA: Ni ez naiz hemendik mugituko! Bonba bat botatzen duten arte! (Zerua erakusten du) Hortik!

RIGO: Baina, ezin gara hemen geratu, Riga, horrela, ezer gertatuko ez balitz bezala, polizia etorriko da, eta etxean sartu behar dugula esango digute, eta...

RIGA: (Eten egiten du) Ba etxe bat eros diezagutela!

RIGO: Eta gainera azken desira eskatu behar dugu...

 

rigok puru bat ateratzen du poltsikotik. Piztu egiten du. Argiak jaisten dira. Astiro, uraren hotsa.