Tabernaria
Patxo Telleria
Tabernaria
Patxo Telleria
Booktegi, 2017
Tabernaria
Patxo Telleria
Booktegi, 2017
[aurkibidea]

Aurkibidea

TABERNARIA

Aurkibidea

TABERNARIA

 

Hitzatzea

 

            H. Rider Haggard-en 1887ko She eleberriak, F. Scott Fitzgerald-en 1922ko The Curious Case of Benjamin Button ipuinak bezala, Patxo Telleriaren Tabernaria bakarrizketak ezaugarri berezi bat dauka: atzetik aurrera kontatzen da. Lanaren azpitituluaren sintaxiak —“Instrukzioak botatzeko ondo bat kaņa”— ez du esan nahi Patxok euskara galdu duenik, ezta Booktegikook testua atzekoz aurrera kopiatu dugunik ere, baizik eta istorioaren bukaera haserian irakurriko dugula, eta hasiera, bukaeran. Bestela esanda, hasieran jakingo dugu zer gertatzen den kontakizunaren bukaeran, eta amaieran hasieran gertatzen dena.

            Drama askotan —antzokietan, zinemetan, baita gure e-liburu irakurgailuetan ere— onartzen ditugu erabat sinesgarriak ez diren hainbat gertaera. Fikzioan arautuak dira, eta erabateko sinesgarritasun falta ez dugu aintzat hartzen, istorioa eta pertsonaiak aurrera joan daitezen. Dramagile bilbotarraren lan honetan, ordea, ez dugu onartu behar asmakizun sinegaitzik, baizik eta kronologia berezia. Onesten badugu, Tabernariak erne edukiko gaitu istorioan zehar, eta, gainera, denboraren iraulketak arreta biziagotu egingo digu.

            Horrelakoetan, ba al dago spoilerrik egiterik hitzaurre batean? Ba al dago goizegi kontatzerik bere buruari spoilerra egiten dion kontaketa baten gakoak? Uste dut egin litekeela, eta, hori dela eta, saiatuko naiz irakurleen plazera ez zapaltzen. Kontua da, nahiz eta bukaera hasieratik jakin, ez dakigula gauza handirik, baldin eta horraino iritsteko bidea ezagutzen ez badugu.

            Ezer zapuztu gabe —spoiler hitza ingelesetik datorkigu, eta hitzen sustraia spoil da, alegia, hondatu edo zapuztu—, esan dezakegu Telleria jaunaren lan honetan zerbait ikasiko dugula garagardoa ateratzeko moduez. Horretan ez dago perfekziorik, noski, —eta, gainera, perfekzioa existituko balitz, faxista izango litzateke—, baina aitortu behar dugu kaņa on bat eskuratzea zaila izan daitekeela gure hiri eta herrietan. Lehenengo oztopoa garagardoa bera izaten da; bigarrena, upeletatik txorrotetaraino doazen hodien zikinkeria; eta, hirugarrena, birra ateratzen duen eskua. Baina, noski, ez dizuet hori baino gehiago kontatuko.

            Wire taldearen letra baten arabera, “aparteko gertaera bat aurkitzea erraza da, hasiera eta bukaera ezagutzen ez baditugu”. Tabernarian antzeko zerbait gertatzen zaigu, baina beste hurrenkera batean: istorioaren hasierara iritsi arte zer gertatu den jakin gabe, hasiera horrek —bukaeran zer gertatzen den kontatzen diguna— ez digu spoilerrik egiten. Baina, badaezpada ere —eta kontakizunari ispilua eskaintzeko asmoarekin— hitzaurretxo hau liburuaren bukaeran jarriko dugu, hitzatze bihurtuz.

Aritz Branton

Donostia, 2017ko irailaren 30an