Su ta gar
Egan, 1/6-1966

 

I ATALA

 

SEGUROLA ta PELIZIANO

 

SEGUROLA: Aurrera! Sartu barnera!

PELIZIANO: Egun on, Segurola jauna! (Kartera aundi bat galtzarbean duala sartzen da.)

SEGUROLA: Gizona! Zu al ziñan? (Jeki ta agurtzera joanez.) Ongi etorri! Zer modu?

PELIZIANO: Ondotxo, zu ere bai?

SEGUROLA: Ainbestean. Tira! Ta eskerrikasko ain aguro etorri zeralako.

PELIZIANO: Ori da gure eginbearra. Zure mende naukazu.

SEGUROLA: Eseri gaitezen, bada.

PELIZIANO: Patxaran gauzak obeto erabakitzen dira. (Eseriaz.)

SEGUROLA: Ba dakizu, orain egun gutxi etxean sua izan nuela. Tximiniko kearrak su artu zuan ta geaigo erre ez zedin ur suil batzuek boteaz ta maindire zar batzuek bustita sua ito genduen. Utsa! Milla pesetako kaltea.

PELIZIANO: Zure itza aski det... Gure kompañia'k guzia ordaintzen du, ta geiago jakin gabe oraintxe esaten dizut milla peseta oriek oso-osorik itzuliko zaizkitzula.

SEGUROLA: Nik ere aldez aurretik eskerrak eman bear, bada... Zure kompañia bezelakoarekin antolatu diteke. Ta orregatik, Peliziano, aspaldiko laguna, zuenean nere automobil berria aseguratu nai nuke.

PELIZIANO: Bai jauna, bai. Ederki, D. Salus! Aseguratu! Ori da gizon zentzudun batek aurren-aurren egin bear duan gauza! (Karteratik paper pilla bat atereaz.)

SEGUROLA: Automobil berria beintzat...

PELIZIANO: Auto ta gañerakoak! Ona emen! (Paperak erakutsiaz. ) Segururik onena arrisku guziak kubritzen dituna dezu. Guziak!

SEGUROLA: Ez det orrenbeste esan nai. Ia iru urtean ibillia nazu nere «Fiat» zarrarekin eta ez zait ezer gertatu...

PELIZIANO: Bai baiñan, egunen batean kamion bat jotzen dezula edo jotzen zaitula, edo arbolen baten kontra zoazela, edo zubitik beera erortzen... Auto ta guzi amildu ta iraultzen bazera ere, lasatasun aundia artuko dezu pentsatuaz: Alare! Aseguratua nago. Kompañiak ordainduko du guzia!

SEGUROLA: Ez zera iñor, zera...! Ez det il nai.

PELIZIANO: Gauzak okerrenera jota esan nai det. Ez nik txarrik eta gutxiago ere opa dizudalakoan.

SEGUROLA: Uste nuke.

PELIZIANO: Aseguro kontuan ez dago norbera beiñere seguruegi.

SEGUROLA: Ala da, bai; egia diozu.

PELIZIANO: Beste gauza bat. Lagun urkoari egin dezaiozuken gaitz eta kaltea aseguratu bearra dago. Eta goi xamarretik gañera. Zenbat jarriko degu?

SEGUROLA: Ez dakit, bada... Berrogei milla duro edo...

PELIZIANO: Ez da aski, gizona. Ezer ez da ori. Ez dezu «kubritzen».

SEGUROLA: Zer, bada? Amaika ba dezu munduan orrenbeste balio ez duanik.

PELIZIANO: Bai, baiñan gizonik arlotena ere bidean jo ta zapaltzen badezu, etxekoentzat aberatsak aña balio dizu. Ta aundikiren bat baldin bada, Rotschild, March edo Patrizio Etxeberria...

SEGUROLA: Orrelakoak ez dabiltza oñez, gizona!

PELIZIANO: Dana dala, gertatu ditekena da. Ta nola jarriko dituzu eun milla duro baiño gutxiago?

SEGUROLA: (Etsita.) Bueno, bueno. Jarri itzazu eun milla duro.

PELIZIANO: (Paperean idatziaz.) Dirua aitatzen degun ezkero, lapurreta ere ez da urruti ibilli oi... Ta aseguratu bearra dago.

SEGUROLA: Ori geitxo ere ba dezu.

PELIZIANO: Ez jauna, ez! Guzia arriskua da: lapurreta, autoaren aberi, ezbear, besteri egindako kalteen erantzun bearra. Au da letraduak dioguna: erresponsabilidade zibilla... (Zalapartan mintzatuz.)

SEGUROLA: Ez da gauza ixilla... Ezin ezetz esan! Jarri zazu, jarri bear dan guzia!

PELIZIANO: Bai, orrela seguru zaudeke! (Paperean idatziaz.)

SEGUROLA: Uste nuke!

PELIZIANO: Ez, bada: zerbait aztu zaigu. Sua, autoarena, lapurreta, lagun urkoarenganako kaltea... uraren arriskua palta degu.

SEGUROLA: Urarena... Bostgarren bizitza ontara ez ote zait udalderik elduko!

PELIZIANO: Bai baiñan, ura etorri diteke goitik ala betik... Norbaitek kañuak irikita utzi dituala ta etxea urez betetzen zaizu; edo auzora dijoa guzia ondatuaz, gañezka... Norbait ito dezake.

SEGUROLA: (Ikaraturik.) Ez det bada istillurik nai. Jarri zazu, jarri!

PELIZIANO: (Paperean idatziaz.) Guzia ondo pentsatu bearra dago. (Atseden artu ondoren.) Begira, Segurola jauna, gaurko egunean zentzudun jende dana gaxotasun ta gaitzen kontra aseguratzen da.

SEGUROLA: Ni ez, bada! Osasun ona baitet.

PELIZIANO: Orregatik, bada. Osasuna galtzea okerrago litzake. Arriskuan zaude.

SEGUROLA: Aseguratua egon ala ez, alperrik izango da, gaixotasuna baldin badator.

PELIZIANO: Ez, jauna, ez! Orduan zurekiko esango dezu: gaitz erdi, aseguratua baitnago! Mediku ta botika gastu guziak ordaindurik daude, konpañiaren bizkar...

SEGUROLA: Gaitz guziak, ordea, ez dituzute aseguratuko?

PELIZIANO: Bai, jauna, bai! Ta klinika ta operazioak gañera! Segurua gauza aundia dezu Segurola jauna.

SEGUROLA: Ori sortu zuana ez zan makala, ez!

PELIZIANO: (Berek¡ko.) Arri eskerrak bizi naiz, illero txanpon ederrak jasorik. (Segurola jaunar¡.) Ederki, adiskide maitea! (Orman dagon kuadro bati begiratuaz.) Ikusten danez, kuadro eri zeorrek egiña dezu.

SEGUROLA: Nerea da, bai. Zalea naiz.

PELIZIANO: Ez nekien ain pintzatzaille dotorea ziñanik.

SEGUROLA: Apizioz tarteka-marteka aritzen naiz.

PELIZIANO: Ta nola! Ertilari bikaña zaitugu. (Bertagotik begiratuaz.) Ez nuen uste. Kuadro ederra dezu ori.

SEGUROLA: Isillik zaude! Ez da orrenbesteraño. Utsa!

PELIZIANO: Bai, gizona! Saldu dezakezu diru asko eskaturik.

SEGUROLA: Ori ez! Ez diru asko ta ez gutxin. Ez daukat salgai.

PELIZIANO: Nai ez badezu, besterik da. Baiñan bestela? Kuadrotan zerbait ba dakit eta or zure esku ona artetsu agertzen dezuna ere bai.

SEGUROLA: Ni zurikatzen ari al zera?

PELIZIANO: Ez, jauna, ez. Zu, ez; zure esku ona. (Eskutik arturik.) Au dezu eskua, au! Kuadro ori pintatu duanak ez al du merezi aseguratua izatea?

SEGUROLA: Zertarako? Gizonaren aterakaia!

PELIZIANO: Ez atera ta ez sartu. Eskua galduko bazenu, ebakiaz edo zaurituaz, automobillean, etxean edo beste nunnai.

SEGUROLA: Beste eskua, ezkerrekoa, geldituko litzaidake...

PELIZIANO: Biak aseguratzea onena.

SEGUROLA: Zu ba-ezpada ariko zera? Ez da ala?

PELIZIANO: Ez bat «ezpada», baizik «bi ezpada». Esku biak! Eta (Sutuaz.) Eskuak ezik ankak ere bai, ibiltzeko bearrezkoak baitdira ta gutxiago ez izateagatik aseguratu itzazu lenbaitlen. Biar agian berandu izango litzake.

SEGUROLA: (Menperatuta.) Zuri ez dago ezetzik esaterik eta jarri itzazu ankak, oñak eta azkazalak ere bai, nai badezu...

PELIZIANO: Ez, jauna, ez. Kompañia, gauza serioa dezu. Azkazalik eta illerik ez, baiñan burua bai. Zure buruaren bizia seguruan sartzen da. Iltzen baldin bazera...

SEGUROLA: «Requiescat in pace...» Ez nazazula iltzeko konturik aitatu!

PELIZIANO: Ezta itz erdi bat ere geiago! Amaitu degu. Bakarrik, etxearen seguruko poliza-agiri zarra erakustea eskatu bar dizut.

SEGUROLA: Zer bada?

PELIZIANO: Zure onerako. Gauzen balioa asko aunditu dala ba dakizu eta oraingo prezioen neurrian jarri bearra dago.

SEGUROLA: Ba nengon, ba, ez ote zan beste maratilarik!

PELIZIANO: Etxean dituzun tresna, mueble, kutxa zarrak, balio aundikoak dituzu.

SEGUROLA: Nere amonarenak izan ziran...

PELIZIANO: Zure etxea museo bat da, arte ta pintura zaletasun aundia dezu.

SEGUROLA: Ori, bai. Artea da nere eroaldi bakarra... Or txautzen ditut nere txanponak. (Txoko batetik atereaz.) Ementxe det kuadro erosi berri bat. Egingo nizuke ezetz ezagutu norena dan.

PELIZIANO: (Biok kuadroa aztertuaz.) Norena?... Zeñena? A! Ederra da. Kolorez, itxuraz, egitez... italianoa dirudi.

SEGUROLA: Ez, bada. Goya'ren eskolakoa.

PELIZIANO: A! Eskola ona da ori! Balio aundikoa, (Kuadroa artuaz.) Eta orrelako pitxia etxean izan ta aseguratu ez! Polizan sartu bearra dago ta bere balioa emanez gañera.

SEGUROLA: Nik merke erosi det, baiñan ez nuke salduko, ezta...

PELIZIANO: Eun milla, berreun milla? Irureun milla peseta?

SEGUROLA: Ortxe nunbait.

PELIZIANO: Ba, irureun milla peseta jarri. Aseguru txikia egin ezkero, galdu ezkero ordaiña ere txikia izango da.

SEGUROLA: Aitortzen dizut: kuadro ori oso aintzakotzat daukat eta ez nuke lasai lo egingo ondo aseguratu arte.

PELIZIANO: Zaude, bada, kezkarik gabe. (Idatziaz.) Irureun milla pesetan jarriko ditut... Ederki, ederki... Onela egitan lasai lo egingo dezu, amets gaiztorik gabe, naiz tximista, kaskabarra, aizebolara, lurrikara gauez nabaitzen dituzula, arrisku oriek guzitatik aseguruak estaliko zaitu, Segurola jauna. Zaude seguru!

SEGUROLA: (Txunditurik ia alki-gañera erortzen dala.) Bai ote? Ezin bizi diteke orrenbeste arrisku artean. Zoaz emendik lenbaitlen!

PELIZIANO: Bai jauna, zaude lasai. Ba noa poliza-agiria garbi ipintzera ta orrela, zer nai gertatuta ere, lo lasai egin zenezake zere buruari esanaz: «Aseguratua nago!»

SEGUROLA: Bai ote? Ai ene! (Antsika.) Ondo Segurola nauk. (Zapia erortzen da.)

 

Su ta gar
Egan, 1/6-1966