Su ta gar BIGARREN ATALA SEGUROLA, ILLUNBE ta TOMAX (Agertoki bera. Illabete geroago. Lenengo atalean zintzilik zegon kuadroa txoko batean bazterturík dago. SEGUROLA agertzen da lan-maiaren atzean eserita. Aurrez-aurre beste alki bitan ILLUNBE jauna ta TOMAX eskribientea.) ILLUNBE: (Betaurreko beltzez paper bat irakurriaz ta zorrotz Segurola'ri galdegiñez.) Guk jakin bear deguna ziur da, sua nola gertatu zan. SEGUROLA: Ba, Inspektore jauna, gauzarik errezena. Sua berez sortu zan. TOMAX: Beti ortan gera... ILLUNBE: Entzun zazu! (Alkitik je¡kiaz aiengana joana da.) Nere emaztea ta biok Donostia'n giñan bezperatik «Mendi-etxetik» etorriak. An ez zan gelditu neskame zar bat besterik... TOMAX: Etxe utsa. ILLUNBE: Zu isilik zaude, ta paperean idatzi zazu esaten ari zaizuna. SEGUROLA: Bazkalondoan telefonoz otsegin zidan, esanez etxean sua zala ta lenbaitlen joateko. Bereala abiatu giñan, baiñan iritxi orduko su ta gar zegon guzia ta ezin ezer egin izan zan itzaltzeko. ILLUNBE: Jarri zazu zeatz, ori guzia. Erre zala ta... Zer geiago? SEGUROLA: Erre ta kiskali, goitik beraño. Ta berez itzali zanean konpañia'ri gertatu zanaren gaztigua eman geniola... ILLUNBE: Ori da errezena. SEGUROLA: Erreza edo gaitza, ez genduen besterik egin aal izan. Eta eskerrak ondo aseguratua geneukala, bestela... ILLUNBE: (Zirilari.) Ondo aseguratua, e? SEGUROLA: Ustez beintzat! Peliziano zuen ordezkariak egin zizkigun paperak eta... Gizontxo ori nor dan ba dakizu. ILLUNBE: (Eser-lekutik altxa ta zorrotz mintzatuz.) Nik ikusten dedana eun etxe erretatik larogeita amar ondoegi aseguratuak daudela. Nola diteke ori? SEGUROLA: Orain jendea ernai dago-ta. ILLUNBE: Oso ernai, oso goitik. Bai. (Paperak irakurriaz.) Zuk ere etxe koskor ura 500.000 pesetan aseguratua zenduen. SEGUROLA: Bai, jauna: ala da. TOMAX: Bosteun milla? Ez da txori-kaka... Barkatu. Ziriña! ILLUNBE: Isilik zaude ta lan egin zazu. SEGUROLA: Zuen ordezkariak jarri-arazi zidana: etxearen balioa. ILLUNBE: Ta guzia erre ta kiskali. Erdia balitz edo laurdena, or nunbait. SEGUROLA: Zer laurden ta laurden ondo! (Asarre.) TOMAX: Zer «ocho cuarto»! ILLUNBE: Baiñan 500.000 milla peseta! TOMAX: Txori-kaka! ILLUNBE: Isilik zaude edo esan zazu ziriña! SEGUROLA: Ori da zuen konpañiak emandako balioa antziñako etxea zalako. ILLUNBE: Ori zu losintxatzeagatik esango zizuten. TOMAX: Jakiña! Zurikatzeagatik. SEGUROLA: Ez, jauna, ez: mueble ta puska zar balioso asko nitulako. ILLUNBE: Ori garbi jarri bear degu. Beraz, mueble ta puskak... TOMAX: Onek amets egin du. SEGUROLA: Amets, ez; nik aseguratu egin nituen. ILLUNBE: Ortan dago, bada, okerra. SEGUROLA: (Txunditurik.) E? Erotu egin al zerate? ILLUNBE: Ez, jauna. Nik diot obe izango zenukela aseguratu ez bazenitu. (Zorrotz, Segurola salatu nairik bezela.) Orain illabete beste sua izan zendun, emen, Donostia'ko etxe ontan bertan. SEGUROLA: Utsa, ordea. Su txiki bat, tximinian. ILLUNBE: Bai ta errua norena zan jakin gabe, aztertzeke, pakeagatik, zuk eskatutako guzia ordaindu zitzaizun. Ez da ala? SEGUROLA: Milla peseta! ILLUNBE: Bada, oker egin genduen... TOMAX: Ain oker ezik. Oker izugarria! ILLUNBE: Ixo! (Zakar.) Ura dala-ta, Segurola jaunari apetitua iriki zaio ta ortzak zorroztu. SEGUROLA: Nola? Neri ortzak zorroztu? Zer esan nai dezu, gizona? ILLUNBE: Oraintxe entzutera zoazena: alegia, susmo txarrekoa dala illabete barruan bi su errezkadan izatea. SEGUROLA: Uste gabe gertatzen diranak. Zer du, bada, orrek arrigarri? ILLUNBE: Zeorri otz-otz adieraztera etortzea. Zera... Ez da sinisgarri. SEGUROLA: Nor etortzea nai zendun, bada? Neri sinistu ez? ILLUNBE: Batek ba al daki? Etxe zaar bat 500.000 pesetan aseguratua? Uuum! TOMAX: Txori-kaka da! SEGUROLA: Ziriña! ILLUNBE: Bat da aseguratzea, ta bestea ondo aseguratzea. Ori ikusi bearra dago poliza ta gañerako paperak aztertuaz. Bestela, toki onera joango litzake gure konpañia, gizartea ta... ondasuna! SEGUROLA: (Asarre jekiaz.) Zer arraio! Illea artu nai al didazu! ILLUNBE: Ez asarretu, ez! Guk ezagutu ta aztertu bear deguna da sua nundik eta nola sortu zan. SEGUROLA: Arkitetoak esan zuanez, eletrika txinparta batetik. TOMAX: Beti eletrika ariak du errua. ILLUNBE: Bear bezela jarria ez zegolako. Polizako kondizioetan garbi azaldua dago. Irakurri al dituzu? (Segurola'ri.) SEGUROLA: Nik, zerbait bai. Ez guzia noski, luzeak bait-dira. ILLUNBE: Beraz, zure izenpean pirma jarri dezu irakurri gabe. SEGUROLA: Aundienak irakurri nitun, baiñan letra txikiak nork begiratu? Ikusten al dira, bada? ILLUNBE: Aitzaki txarra dezu ori! TOMAX: Ain txarra ezik. Betaurrekoak jarri! ILLUNBE: (Poliza-agiria zabalduaz.) Emen dagon guzia irakurgarri dezu. SEGUROLA: Letra txikiegiak ditu neretzako. Ea zuk asmatzen dezun. ILLUNBE: Nere ikusmena ere ez da indartsua, baiñan alaz guziz ere irakurriko dizut. (Betaurreko beltzak kendu ta beste batzuek ipiñi bitza.) Begira! (Irakurtzen asiaz.) «La Compañía»... (Nekez.) «La Compañía... garantía... » Benetan letra txikiak dituzu, bai, baiñan adierazten du konpañiak garantia ematen duala, ta... SEGUROLA: Nai litzake garantia ematea. Ta zer geiago? ILLUNBE: Zaude! (Berekiko irakurriaz.) ...nuuuuuuuu... (Soñua atereaz, Tomax'i agiria ematen dio.) Zu, Tomax, gazteagoa zaitugu ta ea errezago irakurtzen dezun. Ea emen! TOMAX: (Papera artu ta nekez irakurriaz.) La Compañí...a no... da garan...tía... Okulistarengana joan bearko degu guziok. ILLUNBE: Aditzen? Konpañiak ez duala garantirik ematen. Nik esaten nizuna. SEGUROLA: E! (Papera Tomax'en eskutik kendu ta boteaz.) Ez det geiago jakin nai. (Zakar.) Zertarako da konpañia orduan? ILLUNBE: Etxeak sutatik gordetzeko; ta bateon bat erre dedinean ordaiña emateko garbitasuna egin ondoren. SEGUROLA: Ta auts biurtu diran nere mueble, puska, kuadro ta erre zaidan etxea? ILLUNBE: Lurra ta paretak antxe gelditu zaizkitzu beintzat... Ta gañerakoengatik 500.000 peseta eskatzea ere... SEGUROLA: Ori ta geiago balio bait-zuen... TOMAX: Nundik? Etxe zaar bat ta puskak pipiak joak. SEGUROLA: Zuk ez al dakizu, artean, gauza zaarrek dutena geien balio? TOMAX: Bai, su artzeko! ILLUNBE: Gauza zarrei konpañiak balio erdia ematen die. Ta, gañera, ez ziran noski guziak erreko. SEGUROLA: Esan dizut bi bizitzetan nituen gauza guziak. Erre edo alperrik galdu. Beeko eskaratzean zegon kuadro bakarra gelditu zait. (Erakutsiaz.) Ta au Joxepa gure neskame zaarrak doi-doi atera zualako. ILLUNBE: (Nardaz kuadroari begiratuaz.) Zerbait da, kuadro bat... TOMAX: A zer nolako pitxia! ILLUNBE: Zaude isilik. Gauzak diran bezela. Erre diranak konta aurretik, erre gabe gelditu diranak ikusi bear ditugu. SEGUROLA: Zer, bada? ILLUNBE: Ba... Bear bezela aseguratuak dauden ikusi ditzagun. Zer da kuadro au? Firma onekoa al dezu? SEGUROLA: (Ustegabean irriparra agertzen zaiola.) Zuk ikusi: GOYA! ILLUNBE: (Kuadroari begiratuz, ao ta begiak zabaldurik.) E! Ederra kuadroa! TOMAX: Goya! Txori-kaka da! ILLUNBE: Zuk ez dakizu aitatzen ziriña besterik? Zaude isilik ta paperean jarri zazu. (Segurola'ri.) Zenbatean zegon aseguraturik? SEGUROLA: Ez dakit bada... 600.000 peseta edo... ILLUNBE: Ta nork eman zion balio ori? SEGUROLA: Peli, zuen aseguratzailleak. ILLUNBE: Kaiku arrek! Ta ez al daki Goya'ren edozein kuadrotxok gutxienez milloi bat balio duala? SEGUROLA: Milioi bat peseta? (Pozik.) Orrenbeste? ILLUNBE: Bai, jauna; ta urrena aseguratzean kontuan artu SEGUROLA: Ta orain zer? Beste nere mueble, puska ta gañerakoak zenbat ordaindu bear dizkidate? ILLUNBE: Legeak agintzen duan eran zuzen erabakiko degu. Gauza garbia da. Zure kalteak 500.000 pesetakoak irizten dituzu. SEGUROLA: Bai jauna, gutxienez bosteun milla peseta. ILLUNBE: Askotxo ote dan nago, baiñan tira! Jo zagun 500.000 peseta dirala. TOMAX: Eskuzabal gerana aitortuko dezu, noski. SEGUROLA: Lenago ez zenuten ori eskeintzen. ILLUNBE: Ontzat artzen aldezu orain? SEGUROLA: Orrela konpondu giñezke. ILLUNBE: Paperean garbi jarriko degu: As¡ zaite Tomax: «La Compañía y el asegurado se ponen de acuerdo en evaluar el siniestro en la cantidad de 500.000 pesetas... » (Segurola'ri.) Konporme al zaude? (Tomax'i.) «Y estipulan que el cuadro de Goya indemne está valorado en 600.000 pesetas.» SEGUROLA: Ortan bai. Ez naiz egongo, bada! ILLUNBE: Jarrai bada, Tomax. «En prueba de ello firma la presente, etc., etc.» (Segurola'ri.) Beraz, orain ez daukagu pirmatzea besterik. SEGUROLA: Pozik gañera! Baita bi eskuekin ere! ILLUNBE: (Segurola'ri.) Irakurri zazu, irakurri, aurretik. Or ez dago letra txikirik. TOMAX: Numeroak batik bat aundiak dituzu, uts askorekin. SEGUROLA: (Irakurri ondoren pirmatuaz.) Ederki! ILLUNBE: Bada gure lana amaitu degu. (Illunbe ta Tomax jeki, puskak jaso ta joateko gertatzen dira.) SEGUROLA: Ta? 500.000 peseta oriek noiz ordainduko dizkit ztuen konpakiak? ILLUNBE: Ordaindu? (Abiatuaz ateruntz) Ez du ezer ordaindu bearrik. SEGUROLA: E! (Txunditurik.) Ezer ordaindu ez! Nola? Nola? ILLUNBE: Gauza adi-erreza! Ez al zera pirmatu dezunaz jabetu? SEGUROLA: Jabetu?... Ez, gabetu bear bada, zera... TOMAX: Garbi asko dago bada. Suak zure etxe errean ta mueble ta pusketan egin kalteak 500.000 pesetan jo ditugu. Baiñan osorik gelditu zaizun GOYA'ren kuadro eder-ederrak 600.000 peseta balio omen ditu. Polizan jarria ez zegon kuadroa. Au dala-ta konpañiaren alde gelditzen dira eun milla peseta. SEGUROLA: Nola diteke, ordea? Ori lapurreria da. ILLUNBE: Ori da segurua gaizki egitea, egia estaliaz. Litxarreria egin izan nai diguzu, balio baiño gutxiago aseguraturik. SEGUROLA: (Suturik asarre.) Gezurra! Zuena da paltsokeria! TOMAX: Ta oraindik bereak aundiagoak eta dirua eskatzeko kopeta izan! SEGUROLA: Jakiña! Eta eskatuko det berriz ere! Zertako bestela asegurua? ILLUNBE: Bada konpañiak ez dizu ezer ordainduko. Guzia 500.000 pesetan aseguratu ta gelditu dan kuadro bakarrak 600.000 milla balio dizkitzu. Orrek adierazten du oraindik eun milla peseta zor dituzuna. Ez dezula ezer jasoko. SEGUROLA: E? (Naigabea egiten zaiola.) Burua galduko det. ILLUNBE: Goazen, bada. Kontuak egiñik daude. TOMAX: Urren arte! (Karteran paper guziak sarturik.) Ongi izan! SEGUROLA: (Itz-totelka.) Ongiii...! Ai! Nere... ba... rrua... dago... su... ta... gar... (Besteak doazen bitartean, Segurola, balantzaka pausu batzuek egin ondoren, alki gañera erortzen da.) AMAIA Su ta gar |