Sinisgogorra, Eusebio Erkiaga
Egan, 2-1952

 

IV

 

GARDEN ETA NIKOL

 

NIKOL: (Agertuaz). Bakharrik ahal zagoz? Hitzotsa entzun dedala-ta nago.

GARDEN: Bai, bakharrik nago. Halarik ere, hitzotsa entzun izango zenuen, behar ba da.

NIKOL: (Asarre iduriz). Hutsari hizketan ari ahal ziñan? Azkeneko ere, lortuko duzu. ardietsiren duzu bilha zabiltzana: burutik egitea. Bozkarioz egotea bertzerik etzenukeena.

GARDEN: (Par murritz). Burutik egin!... Nork othe du burua arindurik?

NIKOL: (Ahots gogorrez). Egun izanen da hitz hori zure ahotik azkenez entzun dezakedana. Alhaba hezigabea! Ez ahal duzu aitaren errana bertatik bethe behar? Oraindano gazte zara, nire mende zagoz, eta nire hitza zuretzat agindu herstua da.

GARDEN: (Astiro minizatuz). Alhaba hezigabea! Obe lizateke alhaba zorigabea erran. Urtheak dira zure mende, oinhazeak iasaiten eta atsekabeak eramaiten ikasi nuela, eta geroztik, behar den guztia iasanen dut.

NIKOL: Uste dudanez, pozik eskeiniko zaitut egun, eta gazte horren mende laster izanen zara, zuk nahi duzun bezala. Eta oraindano ere, aita gaiztotzat ahal nadukazu? Nik zure ona bertzerik nahi ez-ta?

GARDEN: Eztadukitzu ahantzirik nire ama kuttun zenak hain rderki kantatzen zuena «Aita, saldu nauzu idi bat bezala...»

NIKOL: Bainan, Anton ez ahal duzu maite?

GARDEN: Maite dut bai, eta ezterautzut ukhatzen. Gazte naiz bizkitartean, ordea, eta egun eder hau eta ezkontza garaia ere zuk aitzinarazi dituzuna eztezazula ahantz.

NIKOL: Badakizu zure onarren egiten dudana.

GARDEN: Ai, noragino doan maitukeri baten itsukeria! Eztut amarik, nire zorigaitz handian; bainan aitarik ere dudanentz, eztakit. (Berekiko). Zer nolako aita eskeini dezakioket nire senargaiari? Sinismena, galdu omen duzula diozu; eta emazte onaren hutsunea sainduki gorde bearrean, andre likits bat iarri duzu haren tokian...!

NIKOL: Isil zaite, bertzenaz hilen zaitut!

GARDEN: (Negarrari emanaz). Isildu, bethi isildu... (Berbetan kementsu darrai), Bainan, ez! Aski da. Ontzia bete da, eta eroapenak gainez egin du. Egia zirti-zarta, argi ta zehatz adiraz behar deraukot nire senhar izan nahi duenari. Iakin beza behin eta bethiko nolako aitaginarraba ukhanen duen. Alhargun delarik andre duena; sinismena galdu egin duela-ta elizara eztoana; alhaba bakharraren ezkontzara ioaiteko ere ahalkez izango dena...

NIKOL: (Zemaituaz). Isiltzen ezpa'zara isildu, eskeini ondasun guztiok zuri ezertto ere eman gabe, niretzat gordeko ditut.

GARDEN: Diruokaitik axolarik elitzakit, nik hartu ezarren zure animaren galtzeko izanen ezpa'lira.

NIKOL: Anima! Aphezen gauza!! Bethiko hitz sakona! (Irriz). Animari bakharrik bohatuz geroz, elukean zure aitak dadukan bertze diru izanen.

GARDEN: Ta dirua, zer da? Anima bat erosteko dirurik ba othe dela uste ahal duzu? (Aldatuaz eta samurki). Ez, aitatto! Behin anima galduez geroz, munduko diru guztiak biltzea eta eskeintzen ere alpherrik lizateke. Dirua, eralgi arren ere, berriro irabaz eta eskura liteke. Anima galduez geroz, ordea, kito bethierekotz!

NIKOL: Aski da berriketarik! Bethiko lelo hori entzuten aspertua, nadukazu. Etxeko gauzak antolatzea obe litzakizu.

GARDEN: (Berekiko). Egundoko gehien entzun deraut egun. Bainan, hunen bihotza gogor dago, etkhor dago, antzu dogo. (Aitari). Etxeko gauzok gerturik dagoz; etxekoak ez hainbat, ordean! (Bizkor aldegiten du).

 

Sinisgogorra, Eusebio Erkiaga
Egan, 2-1952