Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai
Egan, 5/6-1959

 

I. ERRAMU ARTEAN

 

JONATHAS, NOEMI, ABEL, ELEAZAR, ZABULON, ISAAK, ISMAEL, SAMUEL, GOG, RUBEN, BAAL, OZIAS, JESUS, APOSTOLUAK, UMIAK eta ERRITARRAK.

 

Jerusalen'en ingurutan

 

IRAGARLE: (Oyala zabaldu aurretik, kantuz. Doñua: Ondarru'n abestu oi dana.)

 

                Fedeko egia bat

                kantuzko moduan,

                zer pena pasa zuan

                Jesus'ek munduan.

                Ia bada kristauak

                aditu kontuak,

                izan bear genduen

                zerutik kanpuan,

                Jesukristo il ez ba litz

                kurutze santuan,

                Jesukristo il ez ba litz

                kurutze santuan.

 

                Ume eta gizonak,

                andra ta agurak,

                Jerusalem'go atetan

                Jesus an sartzean.

                Hosana ta txaloka,

                kantu ta oyuka,

                Nok igarri orduan

                gero ze etorko zan?

                Negar orraitik jaunak

                bere biotzean,

                ekialako berak

                pekatua zer zan.

 

(Oyala zabaltzean JONATHAS, NOEMI ta ABEL, iru mutiltxo gaizto, lurrean etzanda egoten dira. Beriala jaiki ta urrunduteko asmoz dira, baña...)

 

NOEMI: Ekatzu makilla ori.

JONATHAS: Neuria da.

NOEMI: Ez da.

JONATHAS: Norena ba?

NOEMI: Kaifas'enea.

JONATHAS: Esaten dozulako be gero!

NOEMI: Esan ez? Zegaitik ez?

JONATHAS: Nundik eta zelan dauka berak?

NOEMI: Amak emon eutsan.

JONATHAS: Aren amak? Nundik atarata?

NOEMI: Bai, amak bai, atzo gabaz.

JONATHAS: Orixe da edozer esatia!

NOEMI: Neuk ikusi neban emoten. Zegaitik esan ez?

JONATHAS: Zera ikusi.

NOEMI: Ez da ba egia, Abel?

JONATHAS: Orrek ze esango dau ba, bere bildurrez bizi da ta memeluoi ?

ABEL: Memelua ni? Nai dozu beste bein orixe esan ezetz?

JONATHAS: Zegaitik ez ?

ABEL: Nai dozu kolpe egin ta lurrian zapaldu?

JONATHAS: Zeñeri kolpe, nori ?

ABEL: Goliat zariala pentsa bestela be!

JONATHAS: Eta zu Dabid, ezta?, memelo zistriñoi alakuoi?

ABEL: Ostera be memelua niri deitu? Berba asko egiten ba dozu gero... Txo...

NOEMI: Tira, tira, naikua da ta.

JONATHAS: Egin ez zugaitik? Zein zara ba?

ABEL: Zuk lurrari musu emon naitzazu ezta?

JONATHAS: Sanson zara zu bestela be orretarako-ta!

ABEL: (Berotuta.) Mekatxis! Zuk niri koplak?

 

(Burrukan oratu ta ekiñalditxoa egiten dabe alkar ezin menderaturik. NOEMI eurak ezin banaturik ibiliko da, alperrik. JONATHAS beian geratzen da zartadaka. Bere gañean ABEL, arro.)

 

NOEMI: Laga egiozu, itxi gixajo orreri.

ABEL: Oneri laga? Ez beintzat txil atara eragin arte, merezi dau-ta.

JONATHAS: Ikusiko dozu, txo, urrengo atrapaten zaitudanian. Amak be etzaitu salbako ba!

ABEL: Beti urrenguan? Urrenguan beti? Orain zegaitik ez? Ia... ia... Nun dira zure arrokeriak?

NOEMI: Laga egiozu, itxi bein.

ABEL: Ezetz ba txil esan arte. Txil?

JONATHAS: Ez! Gure kalian atrapauko zaitut oindiño.

ABEL: Txil?

JONATHAS: Ez! Ez! Euzkirik eztozu geyago ikusiko ba!

ABEL: Urrenguan beti ? Esaten dozulako be gero!... Irugarrenez esango dautsut. Txil?

 

(ELEAZAR mutiltxua sartzen da bixkor, arnas estuka. Burruka-n ikustean pixkat atzeratzen da, baña beriala kantari... Doñua: «Oi mutil kopetillun»: Azkue, C. 186.)

 

ELEAZAR: Beti auzkan zabiltzen lagun gaizto gangar,

                ba zenki zein datorren etziña ain baldar.

JONATHAS, NOEMI ta ABEL: Guregan zein datorren esaizu mesedez,

                zein datorren esan ba mesedez.

ELEAZAR: Nazaret'eko Jesus guregana dator,

                beregana gaitezen dan danok maitekor.

JONATHAS, NOEMI ta ABEL: Oi, ori da barria, barri zoragarri

                Oi barria, biotzen pozkarri.

ELEAZAR: Gure errian atetan dago goiz goizetik,

                umiak jun gaitezen beraren atzetik.

JONATHAS, NOEMI ta ABEL: Guazen danok bat batez, danok jun gaitezen,

                Jesus ona goratzen, txalotzen.

 

(Juaten dira. Mutiltxoak urtenaz batera ZABULON, Bethania'ko bertsolaria sartzen da. Makur-makur, erdi tatarrez. Astiro itz egingo dau, penaz, nekez... itzei indarra emonaz.)

 

 

ZABULON: (Mutiltxoak juan diran tokira deyez.)

                Mutil...! Mutil...!

                Ori da! Iges arin!

                Nik ezin segirik egin!

                Tatarrez be naiko zeregin.

 

                Bethania'tik nator tatarrez,

                soña, ta gogua baldarrez,

                Jesus ori ikusteko garrez,

                errukitzen ete dan, negarrez.

 

                Errukitu! Errukitu!

                Nire gorputza laster da kitu.

                Larogei urte lepoan ditu...

                asko geyago ezin loditu.

 

                Enaz ointxe asko geyago,

                indarrak geroago ta aulago,

                gorputza iñoiz baño lotuago...

                Ai Jesus! Jesus! Nun ago?

ISAAK: (Mutiltxua. ZABULON'eri begira geratzen da sartzean.)

                Ene, Bethania'ko bertsolari,

                nundik zabiz, errukarri?

ZABULON: Zeuk daruazun bidia...

                orixe baita neure kezkia.

                Ikusi nai mirari egillia,

                ames... ames aren errukia.

ISAAK: Jesus laster ei dator,

                origaitik nator.

ZABULON: (Errukitsu.)

                Emoidazu esku biguna,

                mutikotxu ezezaguna.

                Emon zure laguntasuna.

                Eutsi... eutsi... kutuna.

ISAAK: Nik arin nai jun baña,

                arin eldu nai mendi gaiña.

ZABULON: Eutsi. Ekatzu eskutxuoi,

                ez kezkatu bigunoi.

                Nazaretarraren arpegioi

                laster dogu begira bioi.

 

(ISAAK eta ZABULON, alkarri lagunduaz, juaten dira. ISMAEL eta SAMUEL agertzen dira. Kantuz dagie euren jarduna. Doñuak: ISMAEL'ek: Arantzazu'ko Euskal Poeman agertzen dan doñu zarra. SAMUEL'ek: «Bozkario, bozkario», —Azkue, C. 741.)

 

ISMAEL: (Nekatula dator. Itsua.)

                Urrundik bide luze

                ta itsua illunpe,

                errukarri onen gure

                iñor ez nik uste.

                Ainbeste illunpetan

                noiz arte izango ete,

                beti irautekotan

                iltzea ez obe?

SAMUEL: Poztu zaite, biztu zaite, adoretu Ismael,

                laster dogu Nazaret'eko Jesus ori billatzen,

                laster dogu gure poza, gure kezka beteten.

ISMAEL: Argia beti ames,

                ikusteko garrez,

                dana salduko neuke

                ikuste ordañez.

                Jesus'ek al ba leuke

                nitzat mirari ori,

                musuka jango neuke

                argian Jaun ori.

SAMUEL: Poztu zaite, biztu zaite, adoretu Ismael.

                Zuri beira, zure kezkaz Jesus dago nunbaiten,

                laster dogu gure poza, gure kezka beteten.

 

(Juaten dira, geldiro. GOG, RUBEN, BAAL eta OZIAS zaratatsu datoz. Lotuta dakarre G0G, demoniñoz beteriko gizona. Onek gogor dagitse iges egin guraz. Antzeztokian diran bitartean burruka ori bizi bizi erabilli biarko debe.)

 

GOG: Laga egidazue. Kendu! Jun emendik!

RUBEN: Jesus'ek ikusi barik etzaitugu lagako.

BAAL: Zu etzara gizon. Diabruak daukazuz barruan.

OZIAS: Diabruen mende zagoz. Jesus'ek atarakotzuz.

GOG: Kendu ortik! Laga baketan, zoruok alakuok. Betiko ondatuta naz. Zuen gaiztakeriak nigan sartu dira.

RUBEN: Zu etzara olako, Gog.

OZIAS: Ba dakigu laster gizonduko zariana.

GOG: Kentzeko emendik! Txarri biurtua naz. Bota nagizue txarri artera.

BAAL: Jesus'ek ikusi zaitzala egingo dogu.

GOG: Jesus'ik ezin neike ikusi. Zazpi gizaldiren okerrak nigan sartu dira. Eba'ren atzetiko zitalkeri guztiak nire odolean sartu dira.

OZIAS: Jesus'ek osatu zaitzala alegin egingo dogu.

BAAL: Nazaret'eko mirarigilliak garbituko zaitu. Etorri gugaz.

GOG: Lurpean bizirik sartu nagizuela nayago dot.

RUBEN: Zure emazte ta umiak zure errukiz dira, zure negarrez.

GOG: Nire emazte ta umien pekatuak iruntsi nabe. Iruntsi betiko!

OZIAS: Etzaite olako. Laster gara Jesus'en bidian.

GOG: Itxasoaren olatuetara jaurti nagizue erruki barik. Jaurti bildur barik!

RUBEN: Zure osasunaren alde diardugu, Gog. Etzaite olako buru gogor.

BAAL: Etzaite olako gaizto.

GOG: Barruan daruadan suaz erre zaitezela egingo dot. Erre ta kixkaldu.

OZIAS: Len etziñan olako.

GOG: Laga niri! Kendu ortik

RUBEN: Bakia lortuko dozu Jesus'en aurrian.

GOG: Nire bakia sua ta gorrotua izango dira. Kendu zaiteze! Kendu! Laga!

BAAL: Ara... ara... Or dator Jesus, itxuraz.

OZIAS: Otoi egiozu berari.

GOG: (Gero ta indartsuago.) Zoruok alakuok, erreten laga nagizue!

BAAL: Begira zenbat jente datorren bere inguruan.

RUBEN: Ba dakizu zenbat mirari egin daben. Zu be osatuko zaitu, osatuako zaitu.

BAAL: Ara Jesus! Ara Jesus!

GOG: Osatu ni? Ja, ja, ja, ja!

 

(Tengada gogor bat egin ondoren eurekandik uluka iges egiten dau bizi.)

 

RUBEN: (Berari jarraituaz.) Gog! Gog! Gog!

OZIAS: Etzan gizon, diabru baño.

BAAL: Aren indarrak...! Iño!

RUBEN: Etziran gizonarenak, diabruarenak baño.

BAAL: Iñok osatzekotan Jesus'ek garbituko eban da.

RUBEN: Egin doguna baño geyago ezin geinkian beintzat.

OZIAS: Ara nun datorren Jesus. Pixkat geitxuago eutsi al izan ba'geuntsa, al izan... Auxe da penia!

 

(Umiak datoz kantari. Hosanna, hosanna! Jantziak zabaldu ta botaten ditue Jesus igaroteko dan bidean. Erramu ta palmaz goratzen dabe, antzeztokian irauten daben artian. Ume ta gizon inguruan. APOSTOLUAK bidea zabaltzen alegintzen dira, umiak baztertzen. Jesus'ek baketan itxiteko diñotse señakin, umiai lagateko beregana urreratzen. Umiak besarkatuten dauz, laztanez bete, irribarrez inguru guztietara begira. Abeslariak andikiro, altsu, sutsu: «Hosanna! Hosanna...» abestuten diardue, Almandoz'en «Pueri hebraeorum»en zatia. Abestia luzatu bedi irudiaren ikusgarritasuna bizi zaindu leiken artean.)

 

OYALA

 

Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai
Egan, 5/6-1959