Debekuak eta atrebentziak
Jaime Valverde
Gara, 2014-05-03
“Konpota”

Taldea: Dxusturi Teatroa. Eguna eta lekua: Bilbo (La Fundición). Aktorea: Eneritz Artetxe. Zuzendaria: Pablo Ibarluzea. Testua: Philippe Gaulier. Itzulpena: Antton Luku.

      Eneritz Artetxe aktoreak Phillippe Gaulier-en —La compote de...— izeneko bakarrizketa eraman du taulara, Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean. Gaulier frantziarra maila handiko pailazoa dugu, eta hala Artetxe nola Ibarluzea hark Londresen duen eskolan ikasiak dira; Ibarluzea irakasle ere izan da bertan. Tartean hainbeste pailazo egonda ere, iruditzen zait Konpota antzezlana klun izpiritutik aldentzen dela zenbait alderditan.

      Antton Lukuk euskaratu duen testu hau Eba pertsonaia biblikoaren alegoria sakon eta garratza da. Fruitu debekatuaren sinbologiaren inguruan eraturik, bakarrizketak erlijio kristauaren funts patriarkal eta falozentrikoei erasotzen die zorrozki. Antigonaren edo Jerusalemeko Mariaren ikonoekin Ebarena kontrajarriz, obrak azpimarratzen du ego falozentrikoak sentitzen duen beldurra, bizitza eta sexuaren aurrean protagonista jarrera duten emakumeen ondoan.

      Umorea une oro presente egon arren, Artetxek eta Ibarluzeak kutsu berezi bat eman diote pertsonaiari; beharbada, emakume tipologia horrek sistema patriarkalarentzat suposatzen duen mehatxu inplizitua iradokitzeko. Horrela, debeku jainkotiarrei muzin egiteko kapaza izan zen emakume mitiko honengan, klunak berezkoa duen xalotasuna atrebentzia bihurtzen da.

      Bai aktoreak, baita zuzendariak ere, lan bikaina —eta ausarta— egin dute berez mamitsua den testu bati airea emateko. Antzezpenak ikuslearen arreta eskatzen du, baina beronek saria izango du. Badirudi batzuetan kikildu egiten garela beste hizkuntzetan arruntak diren gauzak euskararekin egiteko orduan; testu mota batzuen gainean nolabaiteko debeku jainkotiarrak egongo balira bezala edo. Horregatik da eskertzekoa Dxusturi taldearen ahalegina —edo atrebentzia—. Ez zen inondik ere erronka erraza, baina emaitza ikusgarria lortu dute eta, bide batez, frogatu dute gozoa beharrean garratza ere izan daitekeela konpota; emakumea bezalaxe, otzana izan beharrean, ausarta.