Schopenhauer eta behiak
Agus Perez
Berria, 2014-04-27
“Ondoko hilobiko tipoa”

Ekoizpena: Txalo. Egilea: Katarina Mazetti. Zuzendaritza: Begoņa Bilbao. Antzezleak: Aitziber Garmendia eta Iker Galartza. Ekoizpena: Donostiako Antzoki Zaharra. Noiz: apirilak 25.

      Aiorak Schopenhauer maite du, eta Pablok behiak. Bata mundu kaletarrean bizi da, liburuez inguratuta, eta bestea baserri mundutik dator, jator-jator. Zerikusi gutxi, beraz, bien artean. Baina patuak erabakiko du kanposantuan elkar ikusiko dutela, nahi baino maizago, bakoitzaren gertukoaren hilobia bisitatzen duten bakoitzean, eta harreman bitxi horrek hainbat ezuste eta aldaketa ekarriko dizkie aurrerantzean.

      Wikipedian begiratuta jakin dut Katarina Mazetti italiar abizeneko egilea suediarra dela gero, eta antzezlanak duen izenburu bereko eleberriak milioi erdi ale saldu dituela negu luzeetako ipar-herri hartan. Gehiago jakin nahian, hara non Espainia aldean dabilen El tipo de al lado (Alboko morroia) izeneko antzezlan bat agertzen zaidala. Josep Maria Pou katalanak zuzendu du lan bikia eta, harrigarriena dena, esku-programako irudiak antzekotasun itzelak ditu esku artean dudan euskarazko orrikoarekin. Egia da urruneko behia ezkerrean agertzen dela gurean —eskuman Pourenean—, baina baserritarrak alkandora koadroduna janzten du bietan eta lepoa egingo nuke neskak argazkiko soineko eta betaurreko berberak daramatzala hemengo bertsioan.

      Ekin diezaiogun, dena den, gurean ikusitako muntaia aztertzeari, eta txukun atondutako eszenatoki bat aurkituko dugu, eskematikoa baina garbia, eta baliagarria argumentuak eskatutako egoerak irudikatzeko. Arlo horretan ere argien diseinu koloretsuak ongi bete du giroak alaitzeko eta eremu eszeniko estatikoa leuntzeko zeregina. Begoņa Bilbaoren zuzendaritzapean, antzezleen esku geratu da topiko gogorrez jositako testua defendatzeko betebeharra, eta argi dago kemen eta segurtasun handiarekin gorpuztu dituztela beren pertsonaiak, haietariko bakoitza bere grazia naturalean bermatuta, biak ala biak Galartzaren beraren itzulpen arruntean eroso, eta jakitun izanik testuak tanto seguru asko dauzkala ikusleak erraz poltsikoratzeko.

      Bide horretatik, ikusleek Aitziber Garmendia eta Iker Galartzaren ahoskera jatorraz gozatzeko aukera izango dute, eta bizitza errealean ezinezkoak diren gauzak imajinatzen igaroko da beren denbora, bertan gozo, komedia arinaren parametroetatik irten gabe.