Ikuskizunak jarrai dezala
Jaime Valverde
Gara, 2015-03-20
“Amets Zirkoa salgai”

Testua: Ion Martinez. Taldea: Aldatzen Laguntzen. Igorreko gaztetxea, 2015-03-20.

      Beti iruditu zait zirku batzuk dekadentziaren irudia direla. Kaiolatutako animaliekin eta betiko numero higatuekin egungo gizartean bizirauten saiatzen diren horiek, telebistak edo bideojokoek zeharo eraldatu duten espektakulu nozioari alferrik eutsi nahian.

      Zirku zaharrei darien prekarietate ia esentzial horrek, errukarria izateaz gain, kontrajartze deigarria sortzen du publikoaren aurrean eman nahi den irudi distiratsuarekin alderatzean. Kontrajartze bat, paradoxikoki, erakargarria suertatzen dena, behintzat endekapenean lilura kausitzen dugunontzat.

      Gainbeheran sartutako zirkuan geratu diren bi pailazoek azken emanaldia eskaini nahi dute, eta alde egindako lagunen hutsunea soma ez dadin, numero guztiak beraiek egingo dituzte. Sortutako egoera absurdu eta ridikuluek publikoaren barrea bilatzen dute, eta aldi berean, bukaera iluna iragartzen duen patetismo giroa sortzen.

      Ikusleekiko elkarreragin handia behar duen obra honetan, nabarmentzekoa da taldeak erakusten duen zintzotasun artistikoa, proposamen guztiak aurrera eramateko fedea eta, batez ere, istoriotik atera ahal den metafora, ezkorra bada ere.

      Obrak gogorarazten digu antzerkia bera ere koka daitekeela zaharkiturik geratu diren ikuskizunen artean, eta norberaren hezur-mamizko presentziarekin publikoan zirrara sortzen saiatzen direnak ero kixotezkotzat har daitezkeela. Agian horregatik, izaera kimeriko horrengatik, ez diogu antzokietara hurbiltzeari uzten.