Hau deitzen da politika
Aritz Galarraga
Argia, 2015-03-22

Liburua: Herriko bozak

Egilea: Piarres Larzabal

Argitaletxea: Auspoa

Urtea: 1962

      Teatroa, daukagu erabat ahaztua. Nahiago nuke bakarrik hemen; aldiz ea nor doan gaur antzokira, are ea nork ateratzen duen testua irakurtzeko kuraia. Eta aitzitik ditugu teatro idazle azkarrak, Piarres Larzabal, aurten jaio zela mendea. Ibon Sarasolak: “Apaiz. Epe honetako autorerik hoberena. Ehunen bat obraren egile”. Larzabalek konfirmazioa: “Uste dut ehun ta hogei bat obra, handi eta ttiki, luze eta labur idatzi izan ditudala”. Lehen ikusgarria, Irri eta Negar, gizon mozkor baten merkatutik etxera sartzea, Gure Herria aldizkarian argitaratzen zuena. 1934. Beste Piarres batek, Xarriton: “Irri eginarazteko xedea besterik ez dute hastapenean. Laster, irri eta negarren artetik, entzun-ikusleari zenbait gogoeta eginarazi nahi dizkio. Gizarte arazoak harrotzen dituzten komediak dira”. Xarritonen ustez Larzabalen larrienak: Orreaga, Paper mende, Sarako lorea, Urriki latza 1964an, gero Lana eri, Suedako neskatxa 1965ean, Ibaņeta eta menturaz hoberena, Matalas 1968an —Sarasolak berresten du azkena: “haren obrarik interesgarriena”—. Labur, Larzabalek berak idazlan osoen 6. liburukian dioena: “Otoi euskalduneri erakuts diezaiegun nolakoak diren eta direnarekin zer egin dezaketen. Bizia lagun dezala teatroak, biziarekin kurrituz. Ikusliarrak bete ditzagun ez bakarrik iragan ederraren penez, baina egiteko denarentzat xede suharrez”.

      Eta badakit lehenik departamendukoak direla, baina zer nahi duzue esatea: Matalasen bizitza eta mirariak baino, Ibaņetako patriotismoaz bestera, puskaz gehiago gozatu dut udal hauteskundeen itzulian ari den Herriko bozak honekin. Pertsonaiak, bozetako egunetan ardo gorritik edaten duten gorriak batetik, zuritik edaten duten zuriak bestetik. Bakoitza bere aldeko bozen bila. Gehi Pako mozkorra, noski: “Heldu da bozkatzeko tenorea, ez da orduan erregerik ni baino ohoratuagorik”; “Ha zein goxo den hola jaun handi batzuen, zure eskale bilakatuta, ikustea!”. Eta Kattalin, ostalertsa, auskalo nagusia, baina a ze jefa: “Politika egin behar dela nahi dut, bainan politika saltsa… Hanitzentzat saltsan artzea da politika egitea”. Pakok, gorriak eta zuriak edan ondotik, sententzia: “Berdin denek leher egiten ahal dute enegatik”. Bainaren bat jartzearren, zalantza izan dut pertsonaia batekin, burxoroa baita. Gertaldi oso bat ematen dute haren kontura iseka: “Zakurrak saingaz eta haurrak harrika lotu zaizko”. Halere, azken gertaldiak ahantzarazten dizkizu oro makurrak. Pakoren bozarekin, bozen kondaketarekin, bikaina. Ezen ondo baitio Kattalinek: “Ez izan beldur… Hau deitzen da POLITIKA”.