Antzezlana: ‘Artxibo biluzia’. Konpainia: Metrokoadroka. Zuzendaritza eszenikoa: Oier Guillan, Marina Suarez Ortiz de Zarate. Ikerketaren zuzendaritza artistikoa: Idoia Beratarbide. Argiak: Imanol Garcia Iturrioz. Bultzatzaileak: Jakin Fundazioa, Usurbilgo Udala. Antzezleak: Intza Alkain, Javier Barandiaran. Lekua: Aulestiko udal-aretoa. Eguna: Apirilak 22.
Euskaldunon Egunkaria bortxaz eta bidegabeki itxi zutenean (2003ko otsailaren 23an), poliziak dokumentu asko eta asko eraman zituen Juan Mari Torrealdairen etxetik. Torrealdai (Foru, 1942 – Usurbil, 2020) Jakin aldizkariaren zuzendaria izateaz gain, aktiboki partu hartu zuen Euskaldunon Egunkariaren sorreran eta sendotze-prozesuan, eta bere etxeko miaketa eta dokumentu-erauzketa jasan ostean zera esan zuen: «Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki».
Egitate mingarri haietan oinarrituta eta Joan Mari Torrealdai bekari esker Artxibo biluzia plazaratu dute Metrokoadroka kolektiboko kideek, bilaketa intentsibo eta artistikoki zorrotz baten ostean. Proposamenaren zirriborroa Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian ikusi nuen bere garaian, baina harrezkeroztik ez dut beste aukerarik eduki behin-betiko emaitza ikusteko, eta orain Aulestiko ADEL jardunaldietan etorri da horretarako abagunea. Bide batez esanda, jardunaldiak beren hogeigarren edizioan dabiltza aurten. Zorionak Artedrama plataformari eta Aulestiko Udalari, eta mila esker euskarazko sorkuntza jatorrei plaza eta elkargunea hogei urtez eskaintzeagatik.
Baina buelta gaitezen harira, zeren bestela Artxibo biluzia-ren balio artistiko ukaezinaz ahaztuko ginateke. Baten batek –nik neuk barne, dena aitortu behar badugu– espero zezakeen euskararen aldeko antzezlanen bidetik edo horrek ezinbestean dakarren pisu politikotik etorriko zela emanaldiaren planteamendua. Baina kolektiboko kideek borondate eta sen artistiko erostezina erakutsi dute beste behin, eta hitzaldi performatibo-aren izendapenez beste plano batera/batzuetara eraman dute hasierako oinarria, eta horrela egikaritu da arteak errealitatearen interpretazioan eta eraldakuntzan jokatzen duen rola. Ez ahaztu kontu horretan Idoia Beratarbide artista plastikoak ikerketaren zuzendaritza artistikoan jokatu duen rola.
Hitzaldi akademiko baten erara hasi da eszenikoki guztia, Intza Alkain eta Javier Barandiaran hitzaldi akademiko baterako prest zeudela, mahai neutro baten atzean. Posizio horretatik eman dizkigute lerro hauen hasieran irakurri ditugun informazioak, eta hortik aurrera hasi da emanaldia beste bide eta adarkatze asko hartzen, dela kontzeptu ustez elkarrezinen asoziazioen bidez dela atzean proiektatu diren irudien bidez, dela antzezle-pertsonaien presentzia fisikoaren bidez dela beraien artxibo pertsonaletan aurkitutako dokumentu grafikoen bidez.
Etengabeko bilaketa eta hausnarketa horren ondorioz, gauza askori buruz egin dugu gogoeta, eta haien artean nik hauek nabarmenduko nituzke besteak beste: denboran zehar egotearen/existitzearen auzia, alde arrazionaletik zentzugabeak edo kaotikoak diren jarduerak eta errealitatean ordena jartzearen grina kontrajartzea eta, azkenik, Torrealdaik aipaturiko biluztasun intelektuala, antzezle bien gorputzetan ikusita eta Barandiaranen autopsia erdi umoretsu erdi gordinean ezin hobeto gauzatuta.
Lerro hauei amaiera eman baino lehen biziki gomendatu nahi dizuet eszenaratzearekin batera saltzen den liburu txukuna: artxibagailu txiki baten forma duen artefaktuak emanaldiaren testua, lan-prozesuaren xehetasunak, memoria digitalerako gailu bat eta beste osagarri interesgarri batzuk dauzka. Ez galdu, gero!