Kosmosaren anti-errepresentazio ontologiko bat
Aiora Sampedro
El Diario Vasco, 2025-05-10

Liburua: Ez-izan

Egilea: Jon K. Sanchez

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2024

      Ia kotatzerik gabeko antzerki-testua argitaratu du Elkarrek “Ez-izan” izenburupean; izan ere, heriotzaren ondoko ezereza etengabe present dagoen lana da: Istorioa beilatokian kokatzen da, non Eleneren aitaren hilkutxaren aurrean elkartzen diren hainbat pertsonaia: Elene bera, doluaren erdian; Mikel, haren bikotekide ohia; Mikelen bikote berria, Irene; eta Edurne, Eleneren lagun min eta konfiantzazko pertsona. Testuak inolako apaindurarik gabe lauren arteko elkarrizketa transkribatzen du, gaur egungo gizartearen irudi desitxuratu eta exageratu baina, aldi berean, zentzuzkoa eginez. Hartara, ia tragikomedia tonua hartzen du egoera zoro honek.

      Horrela, Elenek aitaren heriotza irensteko umore beltza darabil lagunekiko elkarrizketan, errukiak saihestu eta nahi ez dituen maitasun erakustaldiekiko distantzia lortuz. Elenerekiko kontrapuntuan, Mikel eta bikotekidea obsesionatuak daude betierekotasunarekin, baita Edurne lagun mina ere: Mikelek osasunaren zaintza muturrera eramaten du, Irene bere sare sozialetako jarraitzaileentzat bizi da, arrasto birtuala uzteko irrikaz, eta Edurnek, teknologia aurreratuenaren jabe, haur birtual bat sortzen dirau. Pertsonaia zentzugabeok kutsu nihilista ematen diote antzerkiari.

      Are gehiago, zentzu hori areagotu egiten da azken eszenan. Zeinetan Eleneren aita berpiztu egingo baita, alabarekin elkarrizketa argigarria izateko bizitzaren zentzuaz eta heriotzaz. Beilatoki berezia izango da hau hartara, bizitzaren eta heriotzaren iragankortasunaz berariaz hitz egiten duen bakarra hildakoa izango delako, bizidunak betierekotasunean tematuta diren bitartean.