Agurtzane Intxaurragaren eta Oier Guillanen lanak jaso ditu Ganbila antzerki bildumak
Itziar Altuna
El Diario Vasco, 2025-05-30

‘Zorretan’ eta ‘Aztitza’ liburuek Susak arte eszenikoei eskaintzen dien kolekzioa osatu dute hurrenez hurren.

      Susa argitaletxearen Ganbila antzerki bildumak bi ale berri ditu, 28. eta 29. liburukiak. Lehenengoak, ‘Zorretan’ lanak, Agurtzane Intxaurragaren bi obra bildu ditu, ‘Hitzak’ (2012) eta ‘Zorretan’ (2024); bigarrenak, ‘Aztitza’ izenburua duen liburuak, Oier Guillanen estilo desberdinetako hamaika testu.

      Hamabi urteko tartea dute Intxaurragaren bi obrek, baina badituzte “puntu komunak”, Gaizka Sarasola Susako editorearen esanetan, izan ere emakumeari historikoki lotu izan zaizkion “rolen zamak” islatzen dituzte; ‘Hitzak’ obrak emakumeek jasaten dituzten tratu txarrak eta ‘Zorretan’ lanak zaintza eta dolua, “baina baita maitasuna”, Intxaurragak aurkezpenean zehaztu zuenez. Bi antzezlanak Hika teatroak oholtzara eraman ditu.

      “Ariketa pertsonal modura” hasi zen idazten Agurtzane Intxaurraga ‘Hitzak’, tratu txarrak sufritzen dituen emakume batek sentitu zezakeena ulertzeko, “jakin gabe nola bukatuko nuen”. Baina argi zuen ez zuela kolpe fisikoez hitz egin nahi, hitzez baizik. “Askotan denok ematen ditugu tratu txarrak hitzekin, nahi gabe edo nahita”. Honela, historioa sortzen joan zen eta kontatzeko modua ere aurkitu zuen. Emakume hori hiru garaitan banatu zuen: maitasuna bizi duenekoa, hitz mingarri eta zorrotzak azaltzen hasten denekoa, eta azkenik, askatzea lortzen duen emakumea.

      ‘Zorretan’ lanaren kasuan, idazteko nahia “gogo batetik” sortu zela aitortu zuen Intxaurragak, horretarako “beharra” sentitu baitzuen. Donostia Antzerki Saria jaso berri duen antzezlan honek “bikote baten harreman osasuntsua” erakusten du, non “maitasuna eta errespetua gailentzen diren”.