Agurtzane Intxaurragaren “Zorretan” eta Oier Guillanen “Aztitza”. Horiek dira Susa argitaletxearen eta Ehaze-ren eskutik Ganbila bilduma osatzera datozen bi argitalpen berriak. Ganbila bildumako 28. eta 29. liburuak dira argia ikusi duten hauek. Atzo aurkeztu zituzten Donostian.
“Hitzak” (2012) eta “Zorretan” (2024) lanak bildu ditu Intxaurragak liburuan. Tratu txarrak jasan dituen emakumea du protagonista lehenak. “Inkontzienteki sortu zen ‘Hitzak’, ariketa pertsonal moduan, entzundako elkarrizketa bat ulertu nahian. Idazteko gogo batetik sortu da ‘Zorretan’. Ez dut nire burua idazletzat, dramaturgotzat baizik. ‘Zorretan’ 36 urteotako eskarmentutik sortua da. Garbi neukan zer kontatu nahi nuen eta mundu absurduan sartu nahi nuen era berean. Denbora hautsia dago bi lanetan, publikoa mimatzen eta hezten saiatzen naiz, ez hain ‘errazak’. Estilo aniztasuna sartu nahi nuen. Ez dakit irakurketa hutsarekin nola hartuko den. Pertsona askoren zaintzarekin zaintza bakarra osatu dut”, esan zuen.
Metrokoadrokan idazketa kolektiboa izan ohi da. Idazketa pertsonalago batetik egina da “Aztitza”. “‘Mr. Señora’-n (2017) testu laburrak jaso nituen, bizitzako esperientziak. Orain ere bai. Ordutik hona bildutako esperientzien lekukotza da ‘Aztitza’. Saltsa askotan gabiltza, ez dakigu geldirik egoten”, aitortu zuen Oier Guillanek. “Aztia” proiektuak irekitzen du liburua -agertokietan gaur egun-, ez kasualitatez, Guillanen esanetan. “Liburu osoa ulertzeko gakoak daude bertan. Bada kanta bat esaldi bakarreko letra duena. Esaldiak dio: ‘munduko min gehienak arintzen dira beste norbaitek min horiek ikusten baditu’. Literatura egitea begirada luzatzea da, ikustea, eta itzalean dagoena azaleratzea fikzioaren bitartez. Zentzu horretan, ‘Aztitza’-k erreferentzia egiten dio ofizioari. Bada ofiziozko liburua, ofiziozko idazketa”. “‘Enpatia politikoa da’ esaldia etorri zitzaidan behin. Ez nuen ulertu, baina klabea zela ikusi nuen. Idatzi ditudan liburu gehienak zeharkatzen duten hitza elkartasuna da. Lehen urratsa da enpatia, identifikazioa. Antzerkian ez ditugu soilik enpatia sortzen duten pertsonaiak sortzen. Batzuetan enpatia gatazkatik dator. Haien bitartez enpatia lortzeko sortzen ditugu istorioak eta pertsonaiak. Muga hauskorra da antzerkiarena. Zilegi da fikzioa gorpuztea norberak gatazka hori bizi ez duenean? Antzerkilariarena da enpatia ariketa erradikalena. Prest egon behar du enpatia gorputzera, emozioetara, tripetara eramateko eta ez arrazoia soilik. Beti ibiliko da antzerkilaria elkartasun ariketa usurpatzeko mugan edo arriskuan, ordea. Eta hor sartzen da dramaturgoaren ofizioa, idazlearena baino gehiago. Batez ere jendartean bizirik dauden minak hartzen direnean mintzagai. Baina zer litzateke antzerkia ikuslearengan ezerosotasuna sortzeaz aparte antzerkilaria bera ezerosotasuna bizitzeko prest ez balego? Liburu honetan ahalegina dago enpatia leku ezerosoetara eramateko mina arintzeko ahaleginean”, egin zuen hausnarketa.