Konpainia: Infinitudrama. Zuzendariak: Maite Aizpurua eta Matxalen de Pedro. Noiz: Urtarrilaren 23an. Non: Bastero Kulturgunean, Andoainen (Gipuzkoa).
Laguntasun, zaintza eta baldintzaz beteriko maitasun eredutik atera nahi duen maitasun adierazpena. Zalantzak, klitxeak eta harreman sanoenganako bideak eta bakardadea. Zer da harreman bat bakardadez jositako telarea ez bada?
2024an, Donostiako Poltsiko Antzerki Saria jaso zuen Maite Aizpuruaren promesa berdina egin digu lanak. Umorea eta performance-a nahasten dituen formatu txikiko antzerkiak adiskidetasunaz, konpromisoez eta galdutako aukerez hitz egiten du. Hala bada, bi urte geroago, Geuretik Sortuak beka jaso du proiektuaren garapenak eta oholtzan kolpe firmea eman dutela esango nuke.
Zer den eboluzioa eta zer ideia on bat. Aktore taldea bikoiztu egin dute, Maite Aizpurua eta Intza Alkaini Maiana Etxeberri eta Ane Garcia gehituta. Sinergia kutsakorrarekin eta pertsonaia kopurua handitzearekin batera, talde apologia indartu dute, gaiak duen helburuetako bat horixe baita, eta hala, irisgarriagoa egin dute. Horrez gain, elementu batzuk mantentzea erabaki dute, baina erabateko buelta emanda erabilerari eta mugimenduari. Izugarria da alfonbra gorriaren ertzetan egoten diren separadore moduko horiek zenbat esanahi izatera irits daitezkeen: zerbait edo norbait isolatu, urrundu edo gerturatu, edo sekulako garrantzia eman. Horri abesti arranditsuak zein atzetik erortzen den zilarrezko harizko gortina, itzalak eta butaka gorri bat gehituta, euforia eta isiltasunaren arteko distantzia markatu dute.
Esaten ez dena entzuten du ikusleak, pertsonaien barrukoak beregain hartzen baititu. Era berean, nerabeen gisan kasik, gauzarik eta sinpleena hogei aldiz biderkatzen du pertsonaia bakoitzak: zergatik ez da aurkeztuko edozein pertsona fokuetatik zintzilika dagoen harizko tela baten atzetik, zergatik ez da nire kezka izango foku baten pean kontatzekoa, zergatik begiratzen ez banaute ere ez naiz izango garrantzitsua, zergatik ez dugu gure ametsei buruzko abesti bat egingo, zergatik ez du oihukatuko bete gabeko promesen minak, zergatik ez naiz eseriko butaka gorri batean eta aldatu naizela esan, zergatik da sinpleena hain konplikatua eta konplikatuena hain sinplea?
Infinitudramak kolpea eman du lurrean. Antzerkia, harremanen gisan, saiakeratik hasten baita, maitasunetik eta konpromisotik. Aukera baduzue, ikustera joan, ahal bada maite dituzuenekin eta izan dadila hori zuen buruari egiten diozuen promesarik txikiena. Nire partetik, zin egiten dizuet antzerki konpainia honek oraintsu estreinatu duen Adarbakarra lanaren kronika ere ez dela asko berandutuko...