Trajea nora, jendea hara
Arantzazu Fernandez Iglesias
Berria, 2026-03-01
“Trajea”

Egilea: Juan Cavestany. Itzulpena: Martin Agirre. Zuzendaritza: Begoña Bilbao Lejarzegi. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Asier Hormaza. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Otsailak 27.

      Ostiraleko estreinaldian, Trajea-k publikoaren oniritzia lortu zuen eta ondo lortu ere. Ez zen erraza, nire ustez, ikusleak erakartzea Antzoki Zaharrera, baina ez aspaldiko partez arratsalde eguzkitsua geneukalako, baizik eta Luis Bermejo eta Javier Gutierrez aktore espainiarren emanaldi gogoangarria oraindik buruan dugulako. Arriagan eta Gaiarren ikusgai egon ziren orain dela hiru bat urte, sarrerak agortuta.

      Aurreuste gehiegirekin hurbildu nintzen ni antzokira, hau eta bestea pentsatuz, nire beldurrei tokia eginez. Juan Cavestany idazleak beti funtzionatzen du, baina... euskarazko bertsioak gure apeta aseko zuen?

      Eta erantzuna baiezkoa da, baietz borobila, Joseba Apaolazak eta Asier Hormazak osatutako bikoteari esker. Testua antzeztekoa izanik, aktoreen lanaren gainean eraikitzen da, eta bi antzezle hauek konexio, konplizitate eta eskarmentua erakutsi digute, itzulpen on bati esker. Gozamena izan da haien antzezpena; biak maila berean egon dira, naturaltasun landuan, bestearen erritmoan kulunkan, abiadura sostengatuan, bolumen egokian, bakoitzak solaskidearen jarduna xeraz erraztuta. Tonu umoretsu orekatua mantendu dute, txantxak azpimarratu gabe, edo, beste era batean esanda, publikoaren barre merkearen bila abiatu gabe, baterako esajerazioan erori gabe. Lan fina.

      Testuaren barregarritasunak estekak ditu absurdoarekin eta intrigarekin. Saltoki handi bateko merkealdiak dira; jendea tropelean sartu denean, traje bat harrapatzeko borrokan aritu dira emakume bat eta gizon bat. Lehenbizikoa ez da onik atera gatazkatik, eta bigarrena sotoan atxilotu du dendako segurtasun zaintzaile bitxiak. Nahiz eta kamerek gertakaria grabatu duten, ez dakigu zer gertatu den benetan, noraino den erruduna gizona, zenbateraino egiatia guardia. Horien arteko tentsioek barregura sortzen diete ikusleei, dudarik gabe, ondo pasatzen ari gara.

      Puntu ahulena eszenografian dator, nire ustez. Muntaketak jatorrizko bertsioaren espazio eszenikoa bertsionatzen du, baina beste neurri txikiago batean. Horrek azpimarra jartzen dio lanak bere onena emateko beharrezkoa den estualdi sentsazioari, ezjakintasunaren itxialdian egoteko sentipenari. Aurrekontua izango da gakoa, edo asko biratuko den Trajea mota guztietako antzokietan egokitu beharra.

      Horrez gain, ezin dut aipatzeke utzi 2014ko jatorrizko bertsioa estreinatu zenean, traje hitza aditu, eta Valentziako presidentea zen Francisco Campsen trajeak eta Gürtel ustelkeria kasua gogoan geneuzkala. Testuak ez zuen kasu horri buruzko aipamen zehatzik egiten, eta horregatik mantentzen da gaur egun. Horrela, kritika politikoan indarra galtzen du, baina ez auzi moralean. Esanak esan, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza beren onenean ikusi nahi izanez gero, hortxe Trajea.