Lehen zatia. Antzezlea: Oihan Indart. Bigarren zatia. Taldea: Habia. Lekua: Miarritzeko Atabal. Eguna: Martxoak 20.
Batzuetan gertatzen zaigu ikusgarri batera goazela eta espero genuenarekin bat datorrela; beste batzuetan, aldiz, aurreiritzi zalantzatia ustekabe ederra bihurtzen dela. «To», pentsatuko duzue, denoi suertatzen zaizkigu horrelakoak. Eta nik, jakina, zuekin ados nagoela, nire ideia hau ez dela batere originala eta arrazoi duzuela erantzungo nizueke.
Zazpiehun lagun sartzen dira Miarritzeko Atabal aretoan, eta mukuru bete zen. Emanaldiaren data baino egun dexente lehenago horrela zioen Atabalaren webguneak: «Bete-betea». Habia taldea eta Oihan Indart, beraz, programa bikoitza zela bagenekien, baina beste informaziorik ez geneukan.
Gonbidapenak agortuta zeudela jakinda, sartzea lortu genuenen poz konpartituaren giro abegikorra zegoela argiki antzematen zen. Nik aitortu behar dut gu Martzelina ikustera joan ginela, hau da, Altxalili kabareteko Oihan Indarten pertsonaiaren spin-off-a. Eta gu bezalako askok horretarako preseski hurbilduak ginela aitortu genion elkarri, ze, Martzelina kokinak, Martzelina bihurriak zein Oihan abeslariak, Oihan dantzariak, eta Altxaliliko gainontzeko guztiek bihotza bahituta, arima liluratuta, izpiritua sorginduta gauzkaten.
Hasi eta buka, festa giroan murgildu gintuen Martzelinaren soloak, nahiz eta une hunkigarriak ere izan. Oraindik badago jendea, tamalez, queer erreferentez umezurtz sentitzen dena, eta Altxaliliko gainontzeko ikuskizunek, eta Martzelinarenak —Indarten abilidade artistikoaz erakusle izateaz gain—, zurztasun sentsazioa uxatzen dute. Hona xehetasun txiki bat baino ez: nire ondoan bazegoen neska gazte bat, oholtzari begira zegoena, emanaldi osoa begiak bustita edota negar-malkotan eman zuena. Ez da gutxiagorako. Indart artista eta sortzaileak bere iaiotasuna, abilidade eta jakintza profesionala LGTBIQ+ kausaren zerbitzura jarri du. Martzelina, hala, bihurtu zaigu gure kabareteko betiereko izarra. Eta eskertzekoa da, batez ere egun hauetan, non, besteon abaroa eta besoen magala —Maialen Lujanbio parafraseatuz—, galtzeko arriskuan ikusten ditugun.
Hiru ordu laurdeneko pieza dugu Martzelinarena; hala ere, hasierako lerrokadan esandakoari jarraituz, badira ikuskizunak bere baitan transzendentzia handiagoa gordetzen dutenak, espero dugunetik haratago joaten direnak. Horrelakoak dira Altxaliliren emanaldiak, eta horrelakoa gure Martzelinarena. Ikusleek biziki eskertzen dute artisten esfortzua eta eskuzabaltasuna, eta horrela gertatu zen ostiralean.
Gainera, programaren bigarren zatian Habia taldeko emakumeek kontzertu originala, ederra, konprometitua eta musikalki oso elaboratua oparitu ziguten. Horiekin, ustekabe ederra bizi izandakoaren zirrarak jota atera ginen. Barkatuko didazue, baina nik ez dut musikari buruzko kritika egiteko beharko nukeen ausardiarik, jakintzarik. Horregatik, testuari amaiera ematen diot lerro hauetan, baina Habiak hurrengoa jotzen duenean bertaratzen saiatuko naizela aurreratzen dizuet, hain zen ederra eskainitakoa.
Beraz, ostiralean publikoaren alaitasuna bi aldiz biderkatu zen.