Antzerkizale Feministen Topaketa, batera egoteko eta gozatzeko zita irekia
Maider Iantzi
Gara, 2026-09-05

Garaion Sorginguneak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) Antzerkizale Feministen Iluntzeko Topaketa antolatu dute. Elkar ezagutzeko eta gozamen eta gogoeta kolektiborako aukera da, Ozaetako Garaion Sorgingunea espazio ederrean, irailaren 11n. Izena eman daiteke astelehenera arte.

      Garaion Sorginguneak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) antolatutako Antzerkizale Feministen Iluntzeko Topaketa irailaren 11n, 20.30ean hasiko da, afariarekin. Gaubeila berezia izanen da, Ane Gebara ipuin kontalariak girotua. Eta biharamunean, gosaria, saioa eta agurra eginen dituzte. Egitaraua xumea eta laburra da, hain zuzen, elkargune irekia izatea nahi dutelako, elkarrekin egoteko, ea zer sortzen den.

      Garaion Sorgingunea txoko zoragarrian, paseo eta tertulia artean, horrelako espazio kolektiboetako bizipenak partekatu, eta etorkizun hurbil batean nolako topalekuak nahiko lituzketen elkarrekin irudikatzeko zirrikitu bat irekiko dute.

      Hamabost euroko prezioa jarri dute pertsonako, afaria, lo lekua eta gosaria barne. Hala ere, “ordaindu ezin baduzu, ez gelditu etorri gabe”, egin dute dei. Astelehenera arte eman daiteke izena ehaze@ehaze.eus helbidean. Edozein zalantzarekin, lasai idatzi bertara edo deitu (34) 722 898 795 telefonora.

      Topaketa emakume eta genero disidenteentzat dago irekia. Euskara lehenetsiko da komunikazio hizkuntza nagusi bezala eta bertze hizkuntzetako hiztunak ere ongi etorriak izanen dira.

      Bertzalde, irailaren 11n, 17.00etan, Gasteizko Baratza aretoak espazio eszenikoetan indarkeriak identifikatzeko saioa antolatu du, baita bertara joateko gonbita egin ere.

      Maite Aizpurua Olaizola EHAZEko koordinazio arduraduna, Amaia Gabilondo Garaion Sorgingunea sorkuntza espazioko kidea eta Eneritz Artetxe Aranaz EHAZEko kidea eta antzerkilaria kafe goxo baten bueltan bildu dira eta, eskuzabal, GAUR8rekin partekatu dituzte topaketaren aitzineko sentipen, gogo eta bertigoak.

 

      Zer egin nahi dugu honekin?

      Antzerkizale Feministen Topaketak badu bere ibilbide txikia. 2018an Artetxek egin zuen ikerketa batekin hasi zela erran daiteke. “Euskaraz aritzen ziren antzerkizaleen egoeraren diagnostiko bat egin nuen, bai emakumezkoena eta bai gizonezkoena, genero aldetik. Hortik elkarrizketa eta ondorio batzuk atera ziren eta beste ekintza batzuk egon dira horri jarraipena ematen. 2022an eta 2023an, antzerkizale feministen lehenengo topaketak egin ziren, EHAZEk eta Garaion Sorginguneak elkarrekin antolatuak”, oroitu du antzerkilariak.

      Ordutik urtero jarraitu dute elkar topatzen. “Ibilbidean norabide aldaketa batzuk egon dira. Beti bezala, gauzek badaukate beren garapena, eta aurtengo topaketa hausnarketarako izatea nahi dugu: zer egin nahi dugu honekin? Jarraitzen dugu hau behar izaten? Nork parte hartu nahi du?”.

      Orain dela bost urte Garaion Sorginguneak Emakume Sortzaileak Plazara ekimena abiatu zuen. “Hor aurkeztu zen Artetxeren ikerketa eta harekin lotura zuen ikuskizun txiki bat, oso polita. Beharra dokumentatua zegoen ikerketa hartan eta Sorgingunean ere, artista pila hartzen dugunez etxean, sumatzen genuen. Egiteko moduetan, zer plazaratzen den, zelan sentitzen diren aktoreak… Horri erantzun genion bere momentuan talde txiki-txiki batekin, eta bigarren urtean askoz ederragoa izan zen. Aurtengoa irekia eta zabala izatea nahi dugu, elkarrekin egoteko eta gozatzeko. Zerbait irtengo da, seguru denok daukagula zeresana”.

 

      Antzerkizale, zentzu zabalenean

      Aizpuruak kontatu duenez, dagoeneko “talde oso majo bat apuntatu da, Euskal Herri osotik”. Antzerkilari profesionalak, amateurrak, antzerkizaleak, argiteriako langileak, jantzigintzakoak… guztiak biltzea nahiko lukete. “Erronka polita izango da nola dinamizatu, ikuspuntu edo interes desberdinak batzeko edo leku bat emateko eta ikusteko ez direla mundu bereiziak”.

      Baldintza da ikuspegi feminista izatea. Adibidez, ikusle batek aunitz izan dezake errateko. Agian ez du ikuspuntu jakin batetik kanpoko gauzarik ikusten. “Arte eszenikoetan eszenatoki bat dago eta horrek rolak banatu eta distantzia bat ere markatzen du. Nik uste dut aktore guztiok, aktore ez ginenean, eszena gauza aparteko bat bezala ikusten genuela. Topaketan, eszenari buruz ariko gara, baina eszenatokia apurtuta”, hausnartu du Maitek.

      Antzerkian rol ezberdinak daude eta Artetxek garbi ikusi zuen ikerketan generoaren arabera partaidetza lanpostu batzuetara zuzenduago zegoela bertze batzuetara baino. “Beti bezala, zenbat eta botere gehiago, orduan eta emakumeen parte hartze gutxiago. Autoretza gakoa da, hau da, zertaz, nola eta nortzuek hitz egingo duten erabakitzea. Eta lehiaketetan, gidoien sariketetan, dirulaguntzetan, ez zegoen emakumeen izenik momentu hartan”.

      “Bestalde, polita izan zen zehaztea postu bakoitzak eta horietako rol bakoitzak bere espezifikotasuna zuela. Adibidez, zuzendariak autoritatearekin dauka arazoa, inork ez diolako kasurik egiten. Autoreek edo gidoilariek, berriz, gaiak ateratzerakoan, esaten dietelako ‘zer gai da hau, haurdunaldia?’. Aktoreen kasuan, zer gorputz mota ateratzen diren agertokira. Teknikariena da arlorik maskulinizatuena eta biolentzia jasaten dute”.

Eneritzek kuriositate handia du antzerkizaleen artean zer giro sumatzen den jakiteko, tenperatura hartzeko. “Denak gaude atomizatuta, bakoitza bere etxean, eta nik, adibidez, testuinguru lehiakorretan egiten dut topo beti beste antzerkilariekin, dirulaguntza bat jasotzeko-edo. Produktibitate kontu horietatik kanpo egoteko espazio gutxi daude. Hori bera bada feminista eta hori eskaintzen du Sorginguneak”.

 

      Zenbat mezu feminista?

      Sortzen den horretatik zenbat mezu feminista zabaltzen diren, horrek kezkatzen du Amaia. “Ekoizpen bat zenbatetan da feminista, zer gogo dago hori egiteko? Askotan programazioa Martxoaren 8ra edo Azaroaren 25era mugatzen da eta hortik aparte ez dago lekurik. Plaza askotan ez da kontuan hartzen ikuspegi feminista lantzea, edo, berez, ez dago horretarako nahirik. Eta beste batzuetan, hori bakarrik egitera jarri behar izaten dugu. Baina egiten den hori noraino iristen da, norengana? Askotan feministok jaten dugu feminismoa. Zergatik ez dauzkagu beste lekuetan ere plaza batzuk irekita?”.

      Maitek bi kontu aipatu ditu aunitz mugitzen dutenak edo bere ustez partekatzeko espazio feminista bat behar dutenak. Lehenengoa sormen kolektiboa da. “Ni profesionala izan naiz azken urteetan, eta uste dut sormen kolektiboan badaudela arazo asko —rolak, prekaritatea, elkarrekin sortzeko metodologiak, gatazkak nola konpondu...— ikuspegi feminista batetik edo elkarrekin partekatuta aurre egin ahalko geniekeenak. Askotan, alor profesionalean behintzat, prekaritateak eta ohituta gauden eredu bertikalak eta matxistak beste formula batzuk bilatu nahi izatera eramaten gaitu, baina esperientzia oso gogorrak dira, zeren ez daukagu espaziorik esperimentatzeko”.

      “Bestetik, kulturan euskaraz aritzea izugarrizko erronka dela jakinda, oso zaila da geure buruarenganako begirada kritiko bat izatea eta nik transfeminismoak egiten dituen ekarpenei begiratu nahiko nieke. Antiarrazismoa eta kapazitismoa ere kontuan hartzen ditu, euskaldunon biktima leku hori apurtzen du eta euskal kulturan egon daitezkeen zapalkuntzen eta bertuteen inguruan analisi konplexuago bat egiten laguntzen digu”.

      Eneritzek horrela ikusten du momentua: “Ematen du zerbait egin dela eta noizbehinka emakumeen kontuei buruzko zerbait aipatuta bakarrik nahikoa dela. Batzuetan oso perbertsoa da, zeren agian emakume batek idatzitako gidoi bat da eta asko azpimarratzen da hori, baina gizon batek zuzendu du modu zakar batean, zeinetan ez den feminismo izpirik sumatzen, eta jendea ez da oraindik horretaz ohartzen, azpian dagoen guztiaz. Ematen du ez dugula aldarrikatzeko eskubiderik. Eta egin behar duguna da geure burua indartu”.

      Ikerketarako elkarrizketak egin zituenean, bakoitzak dituen arazoak bereak direla pentsatzen duela ikusi zuen: “Arazoak izan ditut zuzendari honekin, edo idazten dut eta inork ez dit jaramonik egiten... Batzeak eta hitz egiteak bakarrik asko laguntzen du bakoitzak bere aldarrikapena edo bere burua serio hartzeko. Bestela nola borrokatuko gara zerbaiten alde, ez badaukagu gure arteko indarrik?”.

 

      Entzumen aktibo eta lasaia

      Topaketa aringarria eta indargarria izatea da asmoa. “Etxeko ateak goxo zabaltzen dituzunean gertatzen da jendea gustura sentitzen dela, eta zenbat eta jende askotarikoagoa batu, orduan eta aberatsagoa izango da”, agertu du Maitek.

      Eta zera aitortu du: “Topaleku feminista oso desberdinetan egon naiz nire bizitzan, arte eszenikoetan kenduta, eta uste dut ez dela kasualitatea. Orduan, bada nobedadea eta iruditzen zait gauza batzuetan oso kezka antzekoak izan ditzakegula, baina beste askotan oso desberdinak, eta ez gaude ohituta errealitate ezberdin horiek entzuten. Horrek gogo handia sortzen du niregan, ez delako gauza bat ezagutzen dudana”.

      Eneritz izugarri motibatzen du dena programatua dagoen ekitaldi bat ez izateak. “Garaionek ematen duen testuinguru horretan erraza da gauza emankorrak sortzea. Kontua da denok behar dugula elkarren entzute aktibo eta lasai bat. Eta errespetua, jakina”.

      Gorputza mugitzeko eta jolasteko aukera izanen da. “Rol instituzionalizatu horietatik alde egin eta plazerarekin, naturarekin eta gozamenarekin konektatzekoa. Agian elkarrekin bazkaltzen ari garela hitz egiten dugu gauzarik interesgarrienaz. Gauza integralago bat izango da, ez bakarrik intelektuala. Izan ere, jada ez da intelektuala ere, baizik eta informatizatua”, deskribatu du Artetxek.

      Horren guztiaren kontrako testuingurua izango da, bakoitzaren erritmoa errespetatzen duena. “Elkarren arteko gozotasuna egotea ere oso inportantea da, banan-banan errekonozituak izatea, guztiei besarkada bat ematea, begietara begiratzea; gauza xumeak. Ume txiki bat eskolatzean zein goxo laguntzen duten, bada nagusitan ere antzeko gauzak behar ditugu: parte izatea, ikusia izatea…”, ondorioztatu du Gabilondok.