Sukharte jaialdia, osasun mentalaren gaineko hausnarketa eta terapia
Xabier Izaga
Gara, 2026-09-21

Gasteizko Les Bobé Bobé antzerki taldeak Sukharte jaialdia aurkeztu du astelehen honetan. Gasteizko hainbat txokotan egingo da eta urriaren 9tik 18ra arte iraungo du. Antzezlanak ez ezik, hitzaldiak eta tailerrak ere izango dira, eta osasun mentala izango da jarduera guztien motiboa.

      “Artea”, “sormenezko adierazpenaren hizkuntza unibertsal” hori, hitz ezaguna da. “Sukha”, berriz, sanskritoz idatzitako antzinako terminoa da, ongizatea ere adierazten duena; “su” hitza ere hartzen du barnean: “etxea, sutondoa, gogoa”. Hitz horiek dira Sukharte proiektuaren “bihotzaren” sostengua.

      Arte eszenikoen jaialdi bat da Sukharte, jarraipena izateko asmoz sortua, haren lehen edizioa aurkeztu baitu Les Bobé Bobé antzerki talde gasteiztarrak. Jaialdiak buru ongizatearen garrantzia izango du arretagune nagusia eta urriaren 9an hasiko da, 18ra arte luzatuz, Gasteizko hainbat lekutan. Egitaraua ez dute antzezlanez bakarrik osatu, baizik eta, hainbat ikuskizunez gainera, hitzaldiak eta tailerrak ere biltzen ditu.

      Les Bobé Bobé taldearen iritziz, arte eszenikoek gizartearekiko lotura izan behar dute, eta lotura hori gizartea garatzeko baliagarria da. “Errealitate honen sortzaile eta behatzaile garenez gero”, uste dute osasun mentala garrantzi handiko gaia dela gaurko gizartean. Antsietatea, depresioak eta gisako buruko gaitzek hirietako biztanleen ehuneko gero eta altuago baten bizi-kalitatearen murrizketa adierazten dutela diote.

 

      Antzerkia eta bizi-kalitatea

      Beren eskarmentutik hitz eginda, badiote arte eszenikoek hobetu egiten duela antzerkia praktikatzen duten pertsonen bizi-kalitatea. “Taldean lan egiteko, entzute aktiboa eta enpatia garatzeko aukera ematen dute. Gure ideologietatik urrun dauden diskurtsoak dituzten pertsonaien ulermena ere sustatzen dute”.

      Suharte jaialdiaren lehenengo edizio honetan, Euskal Herriko eszena artistikoko profesionalak ez ezujm kanpoko batzuk ere bildu dituzte. Parte hartzaileek depresioa, suizidioa, bakardadea, isiltasuna eta beste hainbat gai jorratuko dituzte beren antzezlanetan. Tailerretan, berriz, yoga, meditazioa, inprobisazioa, besteak beste landuko dituzte. Eta egitarauak leku egin die, era berean, zenbait hitzaldi irekiri, ongizate mentalaren gaia solas egiteko, “estigmarik gabe eta komunitatean”.

      Aurkezpenean Les Bobé Bobé taldeko hiru kideak izan dira: Jason Guerra, Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara. “Bi emakumek eta buruhauste batek” osatutako talde horrek umore absurdoa egiten du,  beti ere euskaraz.

      Urriaren 9an hasita, hamar egun antzerkia gozatzeko eta osasun mentalaz ikasteko eta partekatzeko aukera. Sarrerak eskuratzeko: https://lesbobebobe.eus/agenda/