Sekretuen azpiko loturak
Peru Iparragirre
Argia, 2026-10-04
“Rigor mortis”

Konpainiak: Ttantaka eta Txalo. Antzezleak: Dorleta Urretabizkaia, Garazi Urkola, Aizpea Goenaga eta Joseba Apaolaza. Egilea: Dorleta Urretabizkaia. Zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Non: Sarobe Arte Eszenikoen Gunean, Urnietan (Gipuzkoa). Noiz: irailaren 6an.

      Heriotzaren bueltan umorea egitea, hori da, sinple eta ez oso modu eskuzabalean esanda, Rigor mortis antzezlanak itxuran proposatzen duena, eta horrela, sinplean, grazia gutxi egin dezake agian ideiak. Heriotza larria baita, benetakoa, eta zer esan ezbeharrak ingurukoen artean uzten duen hutsuneaz. Hutsune horren bueltan, edo horrekin batera, ordea, aurrera jarraitzen du bizitzak, eta gordean zeuden gauzak agertzen dira argitara, loturak estutzen dira, edo askatzen...

      Heriotzaren tragedian barreak izan dezake lekua, jakina, eta izan dezake lekua txiste txarrak (edo onak), barreak barrenak askatzen laguntzen baitu. Horren izpiak harrapatu eta erakusten ditu, modu entretenigarrian erakutsi ere, Dorleta Urretabizkaiaren obra honek. Galeraren aurrean galduta ibili ohi garenean ingurukoen artean heldulekuak topatzen ditugu, antzezlaneko lau emakume protagonistek hala: Rufinoren heriotzak ezinbestean elkartzen baititu urte luzez sekretuek eta gaizki ulertuek banatutakoak.

      Sartzeko ilaran batek “aste osoa daramate hor barruan” esan du, eta aurrestreinaldiko emanaldian nabaritu da hori, erritmoa baretu gabe aritu baitira aktoreak, bikain, bizia den testuari behar duen mailan eusten. Gortina zabaldu denean Ikeako katalogotik ateratako sukalde-egongela oso bat agertu da taula gainean, eta publikoari bizkarrez dagoen sofatik ateratzen den txapinaz jantzitako oin parea, hil berriaren gorpuaren erakusgarri. Angela (Aizpea Goenaga), Rufinoren emaztea, telefonoz ari da, negarrez eta desesperazio amorruz, tanatoriokoarekin huts egitera kondenatutako elkarrizketa elebidunean, Eusebi (Joseba Apaolaza) bizilaguna, ondoan, lagundu nahian edo. Geroago agertuko dira Miren alaba (Dorleta Urretabizkaia bera) eta Nahia biloba (Garazi Urkola). Ikusten ez duguna da obrari martxan jartzeko eta jarraitzeko aitzakia ematen diona: Rufinori hiltzean geratu zaion rictusa. Ahoa zabalik dago, Gernika koadroko zaldia bezala, eta ez dezala, faborez, inork horrela ikus!

      Ustekabe batetik bestera asko dira momentu komikoak, eta asko hizkuntza bihurrituz asmatutako txiste eta ateraldiak, Sarobe barrez leherrarazi dutenak behin baino gehiagotan. Sekretuen askatze horretan egiten du aurrera antzezlanak, heriotzaren tristuratik “kamamila” infusioa edan osteko barre erlaxatu zororaino, onarpenetik pasatuta: batak bestea den moduan ikusi eta sekretuen azpiko loturak agerian jartzetik. Trama jostaria da, kaotikoa, baina batetik bestera atoian eramaten duena ikuslea, gehiegi pentsatzeko tarterik utzi gabe (batzuetan hori ere ez dago gaizki, e), azken herenean dena lehertzean goia jo arte.