Hogei urteren bueltan badago zer esanik
Arantzazu Fernandez Iglesias
Berria, 2026-10-06
“Kandela & Erre”

Konpainia: Ertza. Zuzendaritza, koreografia, musika eta testua: Asier Zabaleta. Dantzariak: Paula Plano Calvo, Asier Zabaleta. Aktore zuzendaritza: Amaia Lizarralde. Eszenografia: Pello Artola. Bideoa: Ines Bermejo. Argiak: Marc Kanou. Donostiako Gasteszena. Eguna: Urriak 3.

      Udatiarrei begira pentsatutako programazioa azkenean bukatu da; eskerrak! Beste bizitza-aro bat inauguratzera goazela dirudi, beste garai bat non arte eszenikoen agenda ez den udatiarren alegiazko mentalitate jakin baten menpe egongo; beharrik!

      Bideko maldan gora gogoz goaz, ze Ertzaren proposamenak oso geureak sentitu ohi baititugu, ausartak eta egiatiak, eta, oraingo honetan, gainera, jakingura areagotu digu Kandela & Erre deskribatzeko irakurri diegun “antzerki dantzatua” espresioak. Proposamen hori nola gauzatuko zuten jakin-minez piztuta iritsi gara Gazteszenara.

      Eszena tokian etxebizitza bat dakusagu, hormen mugak marrazten duten marra argiztagarri antzekoen bitartez eraikita. Apartamentu garden baten aurrean gaude; beraz, kristalezko modukoa uler dezakeguna hastapenetik. Hala izanik, pisukideak diren aita (Erre) eta 20 urteko alabaren (Kandela) arteko harremanen hauskortasuna susmatuko dugu. Elementu eszenografiko horiek guztiak koherentzia estetiko handiz funtzionatzen dute, musika eta argien diseinu delikatua zein neurrikoa bezain efikaza den bideoaren erabilerarekin batera. Halaber, altzairuek gardentasunaren aldeko aukera errepikatzea, batetik, eta jantzien tonalitate arrea eta off ahotsaren erabilera, bestetik, txalotzekoak dira.

      Zabaletak era ausart eta argian jarri du oholtzan bi gizaldiren talka. Boomer belaunaldiko gurasoak eta Z hazaldiko alabak hilda dagoen amarekin bakarrizketan dihardute; hari bai, kontatzen dizkiote etxelagunari aitortzera ausartzen ez direnak. Hortxe kezkak eta koxkak, hortxe gizaldien arteko aldeak eta ikusleentzako galderak: kartzelan hogei urtez egondako euskal borrokalari abertzale bati aitortzen diogu alaba gaztearen ez-binariotasuna taxuz onartzeko adinako jarrera progresista? Eta uste dugu abertzaletasunaren izenean aitak borroka armatuaren bideari ekin izana baietsi egingo duela 20 urteko gazteak?