Beldurraren disekzioa taula gainean
Amaia Jimenez Larrea
Berria, 2026-10-07

Kulunka konpainiak Herentzia izeneko ikuskizuna estreinatuko du gaur, Hernaniko kultur etxean. Bikote baten harremana da antzezlanaren muina; gertakari baten ondoren, euren etorkizuna bideratzeko erabakiak hartu beharko dituzte.

      Ia zazpi urtez egon da lo, gordeta, ia-ia ahanzturan, haren garaia iritsi den arte. Orain, garaia iritsita, gorpuztu egin da; aldatuta, hobetuta. Badu testu osatu bat, badu trama bat, eta baditu trama hori gidatuko duten pertsonaiak ere. Iñaki Rikartek 2019an idatzi zuen Herentzia antzezlanerako testua, eta, kasik idatzi bezain pronto, gorde egin zuen; denbora falta izan zen errudun nagusia. Ia zazpi urte behar izan ditu argia ikusteko, baina dagoeneko badu plazara ateratzeko data bat: gaur estreinatuko du Kulunka konpainiak Herentzia, 19:00etan, Hernaniko Biteri kultur etxean (Gipuzkoa).

      Alicia (Garbiñe Insausti) eta Javi (Iñaki Rikarte) dira obrako protagonistak; bikotea dira. Haien bizitzak hankaz gora jarri dituen egoera traumatiko bat bizi behar izan dute, eta, hilabeteen ondoren, egunerokoarekin aurrera nola jarrai dezaketen deskubritzen ari dira. Alicia baikor dago, aurrera jarraitu nahi du, lehengo bizimodura itzultzeko gogoa baitu. Javik, ordea, ez ditu hain argi gauzak. Gau batez, ordu txikietan, euren etorkizunaren inguruan hitz egiten hasiko dira bikotekideak. Bide berbera hartu nahi al dute? “Obsesioz, maitasunez eta etsipenez inguratuta daudela, gertatu zaiena ulertzen eta kokatzen saiatuko dira”, azaldu du Rikartek. Aktorea izateaz gain, obraren zuzendaria ere bada, Rolando San Martinekin batera.

      Baina Alicia eta Javi ez dira Herentzia-ko protagonista bakarrak izango. Javiren gurasoak ere agertuko dira —Aizpea Goenagak eta Isidoro Fernandezek antzezten dute haien rola— , haren iragana etengabe taula gainean jarriz. “Zerbait larria gertatzen denean, dena birpentsatzen da: gurasoekin dugun harremana, bikotekidearekin duguna, bakarka amarekin eta bakarka aitarekin izan duguna...”, azaldu du Insaustik. Obra denbora saltoz beteta dagoela ere gaineratu du.

 

      Deserosoa

      Rikarteri aspaldi ikusitako irudi batek eman zion antzezlana idazteko abiapuntua. “Ezin dut esan zehazki zer irudi izan zen, bestela publikoaren esperientzia izorratuko nuke eta”. Gogoan du irudi hark asko astindu zuela, eta abiapuntu interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaion. Publikoa ere berak bizi izan zuen egoera deseroso horretara eraman nahi du kontakizunean; “Ez da ferekatzen zaituen ikuskizun bat”, azaldu du. Halaber, ikuslea identifikatuta sentituko dela iruditzen zaio Insaustiri, norberaren bizipenen arabera protagonista baten edo beste baten alde egingo baitu. “Beldurraren disekzio bat da; beldurraren inguruko lan bat. Ea norberaren beldurrak noraino diren errealitate bat sortzeko gai”, laburbildu du zuzendariak.