Bihotz onekoen kimerak
Agus Perez
Berria, 2005-10-15
“Kaukasiar kreazko borobila”

Egilea: Bertolt Brecht. Euskaratzea: Itxaro Borda. Zuzendaritza: Jean-Marie Broucaret. Eszenografia eta atrezzoa: Annie Onchalo. Konpositorea eta musika-zuzendaritza: Pascal Gaigne. Lekua: Izpurako Faustin Bentaberry aretoa. Eguna: Urriak 13.

      Azkenean egun seinalatua ailegatu da, eta haren ostean gaua. Izpurako areto berezia ia beteta dago herriko eta inguruetako ikusleekin: dena dago prest Kaukasiar kreazko borobila-ren lehen emanaldirako.

      Agertokiak laukizuzen forma du, luzea eta ez oso zabala, eta luzeraren alde bietan mailak daude egurrezko jesarlekuekin. Hortaz, ekintza gure erdian eta ezker-eskuin aldeetan ikusten diren eraikin hondatuetan gertatuko da, betiko antzerkiaren antolamendua apurtuz eta antzezleen eta ikusleen arteko distantziak ezabatuz. Gainera, gure aurrean gu bezalako ikusleak egotea bat dator Brechten bilatutako buru-distantziamenduaren ideiarekin, denbora guztian kontziente izan gaitezen taulan gertatzen dena antzezpena baino ez dela, eta han gertatutakoa mundua interpretatzeko erabil dezagun.

      Kaukasiar kreazko borobila egilearen heldutasun gorenean idatzi zen Bigarren Mundu Gerra amaitzeko urtebete falta zela, eta badirudi dramaturgoak bihotz oneko jendeari gorazarre berezia egin nahi izan ziola, tiranoen eta boterearen mekanismo ustelak agerrarazteaz gain hain kuttuna zuen parabolaren erabileraren bidez. Hori dela eta, Kaukaso aldeko bazter galduren batean eta garai zehaztugabe batean kokatzen da kontakizuna, ikusleek jakin dezaten munduko edozein tokitan eta edozein unetan errepika daitezkeela agertokian ikusitako gertakizun krudelak, zailtasunez gaineko maitasun istorioak eta barne-adoretik jaiotako heroismoa.

      Eszenaratzearen ekoizpena maila handikoa izan da, jatorrizko obraren handitasunaren parekoa. Lehen esandako eremu eszenikoa egilearen estetika espresionistaren baitan mantentzen da eta dramaturgia ezin landuagoak zehaztasun osoz prestatu ditu xehetasun txikienak ere eszena eta koadro aldaketa anitzak une batetik bestera gerta daitezen. Bestetik, irudimen handiko atrezzo elementuak baliatzen dira jauregiak, ibaiak, mendiak eta etxolak irudikatzeko. Bide horretatik, umore tanta batzuk ere tartekatzen dira dramaren artean.

      Agian konplexutasuna da muntaia honetako alderik nabariena, hitzekin batera euskal dantza eta jantzien aztarnak, zuzenean jotako musika, ekintza fisiko itzela eta interpretazio zoragarriak elkartzen baitira, bikain elkartu ere. Ezinezkoa da hemeretzi antzezle eta musikarien bertuteak aipatzea, baina argi dago Charlotte Maingé-k, Txomin Heguyk eta Ramon Agirrek oso nortasun berezia ematen diotela lanari. Gainera, aipatzekoa da Ipar eta Hegoaldearen arteko elkarlana, parada eman digulako Baionako Chimères-eko kideen barne-prestakuntza neurtzeko eta Hegoaldeko beste batzuk erregistro bikainetan ikusteko. Elkarlan horren hazia Olatz Beobidek eta Txomin Heguyk 1998an antzeztutako Haurra xutik zoragarri hura izan zen: garai batean kimera hutsa zena errealitate sendoa bihurtu da oraingoan.