Gernika (drama historikoa bi partetan berezia)
Sinadura gabe
Zeruko Argia, 1978-02-12

Liburua: Gernika

Egilea: Luis Haranburu Altuna

Argitaletxea: Luis Haranburu

Urtea: 1977

      Luis Haranburu Altunaren antzerki lan labur honi eman zioten “Toribio Alzaga” saria 1974ean. Zentsura oztopoengatik ez omen da argitaratu ahal izan orain arte.

      Egitura aldetik aski sinplea da, eta gaiaren aldetik Euskal Herriaren historia dramatiko bezalako bat egiten da. Gerla aurrez, gerla eta Gernikako bonbardeoari eta gerla ondoko errepresioari eta burrukari buruz eta, azken bateko, herri burrukaren garaipenaz da.

      Gernika errealismo sozialista antzerako joerakoa da. Teatroa da, hain zuzen, literatur jenerorik gertuena, pedagogikoena eta ikuslegoarekiko funtsezko hurbiltasun bat lortu behar duena. Baina Haranburu Altunak, birtualismo sozial hau lortu nahirik, badirudi topikoetan estankatzen dela eta deus gutxi berri aportatzen duela.

      Agian, hauxe da “historian sinesten dutenen” arriskua literaturan. Beren azaleko analisisa edo topikoak obrari inposatzen dizkiotela. Zeren eta gehiago baloratzen baitituzte balio politikoak literarioak baino. Eta, ondorioz, ez batzuk eta besteek ez baitituzte lortzen.

      Atzekaldean “antzerki hau euskal teatro berriaren testuinguru formalean finkatzen” dela esaten da. Ez dut uste hau esatea guztiz zilegia denik, zeren eta ez baita aski hizkuntza testuinguru hori zehazteko. “Euskal teatroaren” esistentzia bera ere zalantzagarria da errepresentazioak hain eskasak, bizpairu talde baino mugitzen ez direlarik eta homogeneitaterik ez delarik. Baina hau beste roilo bat da.