Jon Etxaideren drama historikoak
X.X.
Egin, 1979-00

Liburua: Begia begi truk / Amaiur

Egilea: Jon Etxaide

Argitaletxea: Gero

Urtea: 1978

      Drama historikoa literaturgintza orokorraren baitan oso aro desberdinetan errepikatu bada ere, Erromantizismo garaian hartu zuen indar osoa, orduantxe gorpuztu bait zen jenero berezi bezala. Eta drama historikoa aipatzerakoan, ezin inolaz ere ahaztu Erromantizismoaren joeraz eta ekarri zuen aldaketa izugarriaz.

      Gaur egungo teatrogintza moeta hau ere ezin uler daiteke, kasu gehientsuenetan Erromantizismoaren ikuspegitik at. Sustraien bilakaera kontzientzi nazionalaren aurkikunde bazterrezina Erdi Aroaren errebindikapen bortitza lirateke diogunaren lekuko. Eta arrazoi ongatik, hain zuzen ere, drama historikoaren indartzea.

      Mende honetan, eta diogunaren harian, bada erromantiko izatearen zentzu jori eta gaurkotuenean antzerki historikoaren bidea ikertu, sakondu eta landu digun idazle zuhurrik. Eta horien artean Jon Etxaide gailenen bezala jo behar.

      Distantziak distantzi, Camusen Caligula, Buero Vallejoren El concierto de San Ovidio, edo autore beraren Un soņador para un pueblo testuinguru berdintsuan mugitzen dira.

      Eta hariari jarraituz, eta Xabier Letek dioen bezala, “Teatro historikoa, herri baten une eta pasadizu garrantzitsuei buruz oso beharrezko zitzaigun euskaldunoi; eta zer esanik ez hain gai sakon eta bortitza oinarri bezala harturik izan denean”.

      Ze Etxaidek ez du besterik egin: Begia begi truk eta Amaiur dramen bidez euskal historiaren pasadizu interesgarri batzuetara hurbildu gaitu, pasadizuotara iristen lagundu. Lehenean, Begia begi truk delakoan, Bereterretxeren kontestu historiko-politikoa argitu eta aztertu nahi badigu, bigarrenean, Amaiur delakoan, XVI mendeko nafar aberkideen jesta bortitz eta hunkigarria plazaratzen digu.

      Eta, drama literarioen bidez, euskal historiaren zenbait pasadizu aberatsetara eramango gaitu Jon Etxaidek.

      Baztertuegia, ahaztuegia dugun idazle joria dugu Jon Etxaide eta Begia begi truk eta Amaiur aski lekuko serio ditugu euskal literaturgintzaren alorrean.