Ijitoen kontratuba eta abar
Josu Landa
Argia, 1989-07-02

Liburua: Ijitoen kontratuba eta abar

Egilea: Ramos Azkarate

Argitaletxea: Etor

Urtea: 1988

      Ramos Azkarate beharbada ez du jende gehienak ezagutuko, baina bai bere bertsorik famatuenak: “Galtzaundi” (Tolosako ihauterietan urtero kantatzen direnak, eta Gipuzkoan behintzat ahoz aho ibilitakoak). Aurreko mendearen erdialdera jaio, eta XX. mendea eta gutxira hil zen tolosar hau. Bertso mordoa idatzi zituen, eta horiek honez gero bilduta daude Auspoa liburutegiko hasierako liburuetako batean. Oraingoan prosazko lanak eman nahi izan ditu argitara Antonio Zavalak, klasikoak izatera heldu gabe idatzizko herri-literatura izan daitekeen zernahi kaleratzeko ahalegin eskergaitzean.

      Bi antzerki idatzi zituen Ramosek: “Ijitoen kontratuba eta ezkontza” eta “Beotibar’ko jatzarraren oroipena”. Biak daude liburuan bildurik. Horrezaz gain, aldizkarietan (karlistetan batez ere, On Karlosen jarraitzaile porrokatua bait zen Azkarate) argitaratu zituen artikulu mordoskaren aukera bat egin da. Baina ez da hor bukatzen Ramos Azkarateren idazlanen katea. Ipuiak ere idatzi zituen, eta liburu honetan hiru aurki daitezke: “Baserritar txuliadore bat”, “Konapion’en antzikan etzuten senar-emazte naparrak” eta “Ipui edo fabula bat”. Mamiz ere izenburuz bezain erakargarriak eta graziaz beteta dira lanok.