Zuberoako irri teatroa: astolasterrak
Josu Landa
Argia, 1989-12-31

Liburua: Zuberoako irri teatroa: Astolasterrak

Egilea: Patri Urkizu

Argitaletxea: Gipuzkoako Kutxa

Urtea: 1989

      Ia urtebeteko atzerapenez argitaratu dira 1988ko Irun Sarietako lan irabazleak. Atzerapen horrezaz gain, kontutan hartzekoa da liburu-bilduma horretan kaleratzen diren liburuak dendetan aurkitzen zailenetakoak izaten direla. Propaganda berezia merezi dute beraz bilduma horretako liburu interesekoek. Horietakoa dugu Patri Urkizuren “Zuberoako irri teatroa: Astolasterrak”, gaur arte antzinako euskal irri antzerkiari buruz egin den sistematizazio eta interpretazio saiorik osoena.

      Patri Urkizuk betidanik literatura tradizionalari eutsita dagoen guztia biltzeko eta arakatzeko izan duen grina etsiezinak, oso aldian behin ematen ditu fruituak. Fruituok, haatik, lehiaketetako epaiak bezalakoak izaten dira: apelaezinak. Azken aldiko bere emaitzarik aipagarriena Pierre D’Urteren Hiztegiari buruzko doktore tesia dugu, hain zuzen ere lehenengo euskal hiztegiari buruzkoa, aurten bi liburukitan argitaratua. Baina itzul gaitezen astolasterrei buruzko liburura.

      Hasieratik irri-antzerki horren izenari buruzko gogoeta egiten digu Patrik, xaribariak, tobera-munstrak, galarrotsak, karrosak, eta beste hainbesteren artean astolasterrena hautatuz, garbi utziz beste guztiek funtsean gauza beretsua adierazten dutela, nahiz eta askotan desberdintasunak zehaztu izan diren horien artean. Ondoren, jatorri historikoaren bila abiatzen da, Erdi Aroko euskal antzezkizun mota dela ondorioztatzeko. Egileei buruz eta erabilitako gaiei buruz luze dihardu Urkizuk, gerora jazkera, dantza eta musikaz ere datu ugari emanez. Azkenik, herri-literatura mota honen literatur balioen erreibindikapen sutsua egiten du egileak.

      Astolasterren helburua herriko bikote baten jokaera “inmorala” antzerkiz epaitu eta haren kontura irri egitea zenez, moral zentsuratzailearen papera betetzen zuten argi baino argiago. Halere, erabilitako gaiaren izaeragatik (sexu edo moral ohiturak haustea), eta astolasterrak egiten zituzten gazteen helburua dibertimendua ere bazenez, ikusgarria suertatzen da nola gaur egunetik begiratuta erabiltzen zuten hizkuntza guztiz aberatsa gertatzen den, garaiko —eta ondorengo— beste testuetan nekez aurkitzen diren sexuaren eta jarduera “amoralen” inguruko hizkera eta deskripzioak burutuz.

      Bere ikerketa egiteko, Patri Urkizuk liburutegietan jasota diren astolasterren hamazazpi eskuizkribuetan oinarritu da (horietatik hamahiru besterik ez dira argitaratuak izan), baita horren inguruko bibliografia luzean ere.