War Euskal Herriko Antzerki Poower!
Ritxi Lizartza
Argia, 1997-06-08

Liburua: Hautsi da kristala!

Egilea: Mattin Irigoien

Argitaletxea: BBK / Euskaltzaindia

Urtea: 1997

      Kontuan hartuta gaur egun euskal antzerkigintza kaleratzeaz arduratzen den argitaletxerik ez dagoela, oso garrantzitsua deritzot Donostia Hiria eta Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga sarien bidez genero hau bultzatzeari.

      Hego Euskal Herrian gaur egun antzezlan ugari taularatzen ari dira azken bolada honetan. Ez al dago argitaratzailerik, ezta erakunde publikorik ere produkzio horri guztiari ateak zabaldu nahi dizkionik? Izan ere, antzerkiaren ezaugarri nagusia krisialdian egotea denez, antzokietara joaten den ikuslego finkorik ez dagoenez, zertarako argitaratu irakurriko ez diren lan horiek?

      Hau guztia dela eta, erabat harrigarria egiten zaigu produkzio mailan mila bider txikiagoa den Ipar Euskal Herriko bi egileek goian aipatu sariok azken edizioan irabazi izana, Antton Lukuk eta Mattin Irigoienen berak.

      Hainbat lan saritu irakurri eta gero, ordea, zalantza sakon bat izan dut: zein motatako antzezlanak saritzen dira, literatura mailan bikainak izan baina gure taldeentzat antzezterik ez daudenak, ala antzerkiak exigitzen dituen baldintzak beteta antzeztuak izateko idazten direnak, agian literatura aldetik biribilak izan gabe?

      Honakoa ez da literatur lan hutsa. Lehenik eta behin, Mattinek tradizio luzea duelako, antzerkigile, antzezle eta zuzendari ibilita eta, bestalde, antzeztua izateko dela kontuan hartu duelako.

      Nafarroak libro izateari utzi zion garaian kokaturikoa da, arina, neurri batean ohitura-antzerkiaren ildotik egina. Informazio mordoa bildu du egileak eta benetako gertaerak eta fikzioa nahastuta osatu du lan hau. Denborapasarako egina bada ere, ederki erakusten du egilea gai dela antzezlan luze eta sakonagoei ere ekiteko. Hala bedi.