Shakespeare delako bat
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1997-04-26
“Shakespeare osoa (edo ia-ia)”

Taldea: Tanttaka. Egilea: Adam Long, Daniel.Singer eta Jess Winfield. Aktoreak: Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Niko Lizeaga. Zuzendaria: Patxi Barco. Itzulpena: Teresa Calo. Egokitzapena: Patxi Barco eta Karlos Zabala. Eszenografia/Argikuntza: Edi Naudo. Jantziak: Nuria Iturbe. Lekua: Barakaldo Antzokia. Eguna: Apirilaren 19a.

      Egia esan, ia derrigorrezko ematen du Shakespeareri buruz serioski hitz egiteak. Bere burua preziatzen duen edozein antzerki taldek William Handiaren obraren bat taularatu behar du behin edo behin, eta beldur barik esan daiteke aktore bat heltzen dela bere ibilbidearen tontorreraino Izan ala ez izan famatu hura eszenan deklamatzean. Antzerki kritikariok, aldiz, ez dugu aukerarik galtzen egilearen bikaintasuna goraipatzeko, gure hitz-jario amaiezinari ekinez eta ingeles hizkuntzazko idazle goitarra bezalako lelokeriak esanez.

      Horren ondorioz, eta aipatutako arrazoi guztiengatik, zeharo positibo eta terapeutikoa iruditu zait Tanttaka ekoiztetxeak Shakespeare osoa (edo ia-ia) antzezlana eszenaratu izana. Niri behintzat betidanik gustatu zait desmitifikatzea eta mihiluzea izatea, eta ohitura hori dela-eta ezuste bat baino gehiago jaso dut noiz edo noiz. Horrexegatik berehala izan nituen gogoko entziklopedia-saltzailez jantzitako hiru aktore haiek, batez ere entzun nienean Shakespeareren obra guztiak saldu nahi zizkigutela liburu erraldoiez apaindutako eszenatoki hartan. Liburu haiek dira hain zuzen ere eszenaratzearen elementu nagusia eta beraiei esker lortzen da Shakespeare osoa-ren eratze eszenikoa arina, dinamikoa eta trukoz betea izatea, nahiz eta hemendik ezinezkoa izan truko horiek ezagutzera eman, jakina. Liburuzko dorreak modu batean edo bestean ipin daitezke une bakoitzeko beharrizanen arabera eta haietariko askok (William-en liburuek bezalaxe) sorpresa dibertigarriak daramatzate barruan, ikuskizunaren umore maila goi-goian mantenduz.

      Despistatu eta literaturazale amorratuentzako oharra: inork ez beza pentsa antzezlan hau ikusteagatik William Shakespeare delako hori nor zen jakingo duenik. Inolaz ere ez! Gehienez ere, oso idazle emankorra izan zela pentsa genezake. Aitzitik, Adam Long, Daniel Singer eta Jess Winfield-en testua azkarra da, adeigabea, buruargia, zorrotza eta lotsabakoa, eta horretan datza Shakespeare osoa-ren benetako umorearen gakoa. Nahaste-borrasteak eta hitz-jokoak edonon aurki daitezke eta gupidarik gabe laburbiltzen dira argumentu handi batzuk hankaz gora ipiniz, Romeo eta Julieta, Otelo edota Hamlet bezalako izenburu sakratuak. Bestalde, Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Niko Lizeaga antzezlanaren aktoreek gaitasun- komiko harrigarria erakusten dute, freskoak eta adierazgarriak dira, eta biderkatu egiten dira pertsonaien aldaketa ugarietara etengabe moldatzeko, ikuskizunaren dinamikak hala eskatuta.

      Eta amaitzeko, hitz pare bat euskarazko bertsioari buruz: antza denez, prestatu duten bertsioa ez da itzulpen hutsa izango, konpainiak zeregin horri behar zen beste denbora eskaini nahi izan diolako, erdarazkoa bezain ondo moldatua izan ahal izateko. Sarritan pentsatu dut euskarazko eta erdarazko aldi bereko estreinaldietatik ezin dela emaitza handirik atera, eta horregatik uste dut Tanttakaren proposamen honek lagunduko duela aktoreen emate-maila bikaina mantentzen eta euskarazko testuaren kalitatea hobetzen.